Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ander Vilariño eta Kauldi Odriozola, saridun nagusiak Gipuzkoako Kirolaren 2017ko Galan

Ander Vilariño eta Kauldi Odriozola, saridun nagusiak Gipuzkoako Kirolaren 2017ko Galan

Zazpi aldiz Europako txapelduna izan den Hondarribiko pilotuak Gipuzkoa Kirolak Saria jaso du eta Bidasoa-Irun taldeko zumaiarrak, berriz, Gipuzkoarren Kirolak Saria jaso du, lehen diputatu nagusiorde Denis Itxasoren eskutik.

2017/12/13

Gipuzkoako Kirolaren 2017ko Gala gaur arratsaldean egin da, 19:00etatik aurrera, Pasai Donibaneko Juanba Berasategi Auditorium berrian, eta 200 pertsona baino gehiago bertaratu dira ekitaldira. Aurtengo edizioan, Ander Vilariño eta Kauldi Odriozola izan dira bi saridun nagusiak, eta Gipuzkoa Kirolak Saria eta Gipuzkoarren Kirolak Saria jaso dute, hurrenez hurren. Vilariñok bi hamarkada eman ditu motor-arloko elitean lehian, eta hainbat modalitatetako 300 lasterketa baino gehiagotan hartu du parte. Lasterketen erdietan igo da podiumera, eta herenetan baino gehiagotan izan da txapelduna. Hondarribiko pilotuaren lorpen nagusien artean, hainbat automobilismo-espezialitatetan lortu dituen Europako zazpi txapelketak nabarmentzen dira. Kauldi Odriozola, berriz, balio nagusietako bat da Gipuzkoako kirol-talentuen artean. Bidasoa-Irun eskubaloi-taldeko hegalekoa da, eta Espainiako selekziora iritsi da.

Lehen diputatu nagusiorde Denis Itxasok eman dizkie sariak Vilariñori eta Odriozolari, hurrenez hurren, eta horrela eman diote amaiera galari. Galan omendutakoen artean, kirol-arloko Tito Irazusta eta Iñaki de Mujika kazetariak azpimarratu behar ditugu. Biek esker ona jaso dute Gipuzkoako kirol-prentsako erreferente gisa egin duten ibilbide luzeagatik, eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu (eta kazetari) Marisol Garmendiak eman die saria.

Gipuzkoako Kirolaren aurtengo Galan, halaber, Salto Systems enpresak ‘Kirol-arloko Enpresaren 2017ko Saria’ jaso du. Sariaren bigarren edizioa izan da aurtengoa, eta aurreko urtean Irizar enpresak jaso zuen. Salto Systems kirol-arloan buru-belarri diharduen enpresa da (baita erakundearen beraren kulturaren barruan ere), eta aitzindaria da kirol egokitua babesteko zereginean.

 

Haimar Zubeldia, Esther López eta Izeta II, beren ibilbideagatik omenduak

 

Galak, nolanahi ere, elitearen barruan egindako ibilbideari amaiera eman dioten kirolari gipuzkoarrak gogoratu eta omentzeko une bat gordetzen du beti. 2017. urte honetan, beren diziplinan handiak izan diren hiru kirolari omendu dira: Haimar Zubeldia, munduko lehen mailako tropelean ohikoa izan dena eta itzuli handietan oso emaitza onak izan dituena; Esther López voleibol-jokalaria eta Ramón Iruretagoiena (Izeta II) harri-jasotzailea, 32 urtean elitean aritu eta 150 txapel lortu ondoren bere ibilbideari amaiera eman diona.

Gainera, urtero bezala, urteurren garrantzitsuak bete dituzten klub eta federazioak saritu dira Gipuzkoako Kirolaren Galan. Aurtengo saridunak honako hauek izan dira: 50 urte bete dituzten Piraguismo Federazioa eta Urpeko Jardueren Federazioa; 50 urte bete dituzten Kostkas KE, CD Roteta, Urpekoak Kluba eta Zumaiako Kirol Elkartea; 75 urte bete dituzten Urdaburu Mendizale Elkartea eta Eskubaloi Federazioa; eta, bereziki, mendeurrenera iritsi diren Elgoibar Kirol Kluba eta Uliako Gimnastikako Kirol Elkartea. Boluntariotzaren aipamen berezia Javier Mariño jaso du aurten. 

  

1410