Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak eta Nafarroak abian jarri dituzte Plazaolako Burdinbide Berdean bizikletaz egiteko paseo gidatuak

Gipuzkoak eta Nafarroak abian jarri dituzte Plazaolako Burdinbide Berdean bizikletaz egiteko paseo gidatuak

Lehen aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak Burdinbide Berde honen aldeko ekimen hau partekatzen dute, turismoa eta mugikortasun iraunkorra eta osasuntsua sustatuz.

2018/07/11

Lehen aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak Burdinbide Berde honen aldeko ekimen hau partekatzen dute, turismoa eta mugikortasun iraunkorra eta osasuntsua sustatuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak —Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuaren eta Nafarroako Turismoaren bidez—, gaur, Plazaolako Burdinbide Berdean, eta Uraren Interpretazio Gunearekin batera, Plazaolako bidean barrena bizikletaz egiteko paseo gidatuen programa bateratu bat aurkeztu dute, bi lurraldeek partekatzen duten Burdinbide Berdeetan egiteko ekimen partekatu baten zati gisa. Plazaolako ibilbidea Gipuzkoatik zein Nafarroatik igarotzen da; edozein adinetarako egokia da, 12 eta 36 kilometro arteko ibilbideekin. Bizikleten alokairua eta paseo gidatua barne hartzen dituen aisiako eta turismo iraunkor eta osasuntsuko eskaintza da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendia sozialistak eta Nafarroako Gobernuko Marketing Turistikoko zuzendari Ana Lizarragak, Andoaingo jarduneko alkate Jon Zuluetarekin batera, Plazaolako Burdinbide Berdearen hasiera bisitatu dute eta bide honetan proposatutako ibilbideetako baten zati bat bizikletaz egin dute.

Marisol Garmendia diputatuak adierazi bezala, “Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak oso positibotzat jotzen du erakunde arteko lankidetza hau eta bizikletaren eta burdinbide berdeen erabileraren alde bi lurraldeek egindako apustu bateratua, turismo iraunkorra eta tokiko eta eskualdeko ekonomia sustatzeko. Plazaolakoa gehien erabilitako burdinbide berdeetako bat den arren, bizikleta-ibilbide horiek indarberritzeko urrats zehatzak ematen jarraitzen dugu; eta Nafarroako Turismoak pertsona gehiago erakartzeko aukera ematen digu —kasu honetan aldameneko lurraldetik—, horrek eskualdearentzako dituen onurekin”.

Ekintza hori Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentua burutzen ari den Gipuzkoako Burdinbide Berdeak Suspertzeko Proiektuaren barne kokatzen da. Mugikortasun iraunkorreko eta osasungarriko eta turismo berdeari lotutako toki- eta eskualde-garapeneko Proiektu estrategiko hori Etorkizuna Eraikiz-en barruan kokatua dago, eta udalekin, garapeneko eskualde-agentziekin, turismo-eragileekin eta bizikletaren sektorearekin elkarlanean dihardu, guztion artean, komunean jartzeko eta epe ertain eta luzera ekingo zaion Gipuzkoan burdinbide berdeak berreskuratzeko proiektu hau diseinatzen hasteko. Plazaola jarduera horren ardatz nagusietako bat da.

Bizikleta bidezko paseo gidatuak ekainaren 30ean hasi ziren eta urriaren 28ra arte egingo dira, normalean larunbat eta igandetan, abuztuan izan ezik. Hilabete horretan asteazkenetan eta ostiraletan egiteko proposatzen dira.  Heldu bakoitzeko prezio orokorra 10 eurokoa da bizikleten alokairua barne; izen-emateak jarduera-enpresa bakoitzean egingo dira. Adingabe bakoitzeko prezioa kasu bakoitzean zerbitzua eskaintzen duen enpresak ezarriko du. Haurrentzako bizikletak badaude, baita tandemak ere.

Lehen aldiz bi lurraldeen artean paseoak elkarrekin antolatzeko aukera emango duen administrazioen arteko lankidetza hau Ederbidearen —Poctefa proiektua— inguruan dagoen erlazioaren ondorioz gauzatu ahal izan da. Europak finantzatzen duen proiektu horrekin ere bat egiten du Pirinio Atlantikoko Departamentuak, eta mugikortasun handiagoa lantzeko helburua dauka.  Mugaz gaindiko proiektu honek, bizikletaz egin daitekeen 240 kilometroko —horietatik 90 inguru berriak— ibilbide baten bitartez, Iruñea, Donostia eta Baiona lotzeaz gain, bizikleta turismorako eta aisiarako zein eguneroko joan-etorrietarako tresna gisa sendotzeko politika komun bat garatzeko aukera ematen du.

Ibilbidea eta harremana

Plazaola Burdinbide Berdea – Natur Bidea: (joan-etorria) 4 irteera Gipuzkoan (Leitzaran aldea Andoaindik irtenda (joan-etorria). 6 irteera Nafarroan (Lekunberri-Leitza 4 irteera, eta Leitza-Lekunberri 2 irteera).  Irteera horien guztien ondoren, pintxo-potea egingo da. Enpresa: Bizibiziki (Gipuzkoa) - Harremanetarako:  info@leitzaran-andoain.com

  

1526