Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Andoaindarren proposamenak jaso ditu Foru Aldundiak 2018ko aurrekontuetan txertatzeko

Andoaindarren proposamenak jaso ditu Foru Aldundiak 2018ko aurrekontuetan txertatzeko

Karpa jarri zuen atzo hirian, herritarren eskaerak bertatik bertara entzuteko

2017/05/16

Foru Aldundiaren aurrekontu irekien ekimenak Andoainen izan zuen atzo atal berri bat. Horren bitartez, gipuzkoar guztiek parte hartu ahal izango dute Foru Aldundiaren 2018ko aurrekontuen osaketan. Herritarren lehentasunak eta proposamenak jaso, aztertu eta aurrekontuetan txertatzeko helburuarekin, karpa jarri zen atzo Goiko Plazan. Bertan izan ziren Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua eta Joseba Muxika Herritarren Partaidetzako zuzendaria: “Herritarren beharrei pultsua hartu, eta haien iradokizunak pertsonalki jaso eta entzun nahi ditugu. Aldundia zertan aritzen den azaldu nahi dugu xehetasun guztiekin, datuen bitartez esplikatuz nolako garrantzia duen Aldundiak Gipuzkoaren egunerokoan, jendea parte hartzera animatuz. Pozik gaude orain arte eduki dugun erantzunarekin”, adierazi zuen Lasak.

Karpa 10:00etatik 19:00etara egon zen zabalik eta adin guztietako hainbat lagun gerturatu ziren bertara. Arretarako teknikariak izan ziren bertan, parte hartzeko interesa zutenei Aldundiaren aurrekontuen edukia azaltzeko, laguntza eskaintzeko, zalantzak argitzeko, eta proposamenen bilketa sustatzeko.

Gainera, Lasak topaketa eduki zuen herrian lan egiten duten hirugarren sektoreko elkarteetako hamabost bat ordezkarirekin, hala nola Cáritas, Gurutze Gorria, Alkoholiko Anonimoak, edo Zuena Emakumeen Elkartea. “Elkarte ehuna osatzen dutenengandik gertu egon nahi dugu. Ondo ezagutzen dute errealitatea eta balio handiko lana egiten dute. Lan hori erraztu, eta aurrekontuak aberastu nahi ditugu haien eskarmentuarekin. Baita gazteen eta jubilatuengandik ere. Gipuzkoa proiektu kolektiboa da eta ezinbestekoa da gogoeta partekatua egitea garatzen ari garen politiken, eta horiek hobetzeko moduen inguruan. Horretarako behar-beharrezkoa da guk gure jardueraren berri gardentasunez ematea, eta baita herritarren partaidetza sustatzea ere”.

Topaketa horretan, elkarteetako kideek hainbat ekarpen helarazi zizkioten Lasari. Esaterako, elkarteen egunerokoan erakundeek desburokratizazioa bultzatzeak eta tramite eta papeleoak murrizteak duten garrantzia. Halaber, kezka adierazi zuten gizarte bazterkeria, eta aukera gutxien dituzten pertsonen egoera direla-eta. Horiei erantzuteko, eskatu zioten laneratzea sustatzeko neurriak hartzea, kalitatezko enplegua sortzea, eta diru laguntzak behar duten guztiei iristen direla bermatzea. Bestalde, N-1 errepidearen mantenimendurako eta ondorioak arintzeko neurriak eskatu zituzten. Topaketa egin aurretik, Ane Karrere alkatearekin batzartu zen Lasa udaletxean. 

Diputatuak gogorarazi zuenez, karpara joateko aukerarik eduki ez zuten andoaindar guztiek ere, norbanakoak edo kolektiboak izan, beraien proposamenak aurkez ditzakete ekainaren 30era arte, etxez etxe banatutako esku orria bete eta udaletxeko erregistroan entregatuz. Internet bidez ere parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean. Proposamenak bidaltzeaz gain, bi aukera ematen zaizkie herritarrei: haientzat Gipuzkoaren etorkizuneko erronka nagusia zein den zehaztea, eta Aldundiak zein arlotan inbertitzea nahiko luketen adieraztea. 16 urtetik gora edukitzea da baldintza bakarra.

Proposamen guztiek erantzuna edukiko dute memoria batean, arrazoituko duena zeintzuk onartzen diren, zeintzuk ez, eta zergatiak. Parte-hartzaile guztiei helaraziko zaie memoria 2018ko urtarrilean. Horrez gain, aurrekontuetarako onartutako eskaera edo proiektuak nola gauzatzen diren jarraitu ahal izango da.

Aurrekontu irekien karpa herriz herri ibiliko da, Gipuzkoako 37 udalerritan guztira, maiatza eta ekaina bitartean. Hurrengo hitzordua Getarian izango da, bihar. Partaidetza@gipuzkoa.eus posta elektronikoan, eta 943 113960 telefonoan, proposamenak bidaltzeko epea zabalik dagoen bitartean, interesa duten guztiek informazioa eta aholkularitza jaso ahal izango dute horiek prestatzeko
  

1356