Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Andoaingo energia komunitatea 250 etxebizitza eta denda txikitara iritsiko da

Andoaingo energia komunitatea 250 etxebizitza eta denda txikitara iritsiko da

Andoaingo tokiko energia komunitateak energia berriztagarria kontsumitzeko eta faktura elektrikoa % 25 jaisteko aukera emango die 250 etxeri.

2022/10/04
Foto Andoaingo energia...

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak bultzatutako ekimena da 30.000 euroko inbertsioaren bitartez, Andoaingo Udalarekin batera, zeinek instalazio fotovoltaikorako eraikin publikoen estalkiak doan lagatzen dituen. Lehen instalazioa Allurralde kiroldegian egingo da.

José Ignacio Asensio: "Bereziki, bizitzen ari garen garaiotan, gure etxe eta dendetan eragiten duen energia-egoera konplexua dela eta, bultzatzen ari garen energia-ereduak lagundu egingo die familiei elektrizitatearen prezioek neguan izaten dituzten gorabeherak arintzen. Energia demokratizatzeko eta erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoa eta eraginkorragoa, bidezkoa eta jasangarriagoa lortzeko bidean aurrera egiteak inguru horretan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzea ekarriko du".

Gaur eguerdian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok, Andoaingo alkate Maider Lainezek eta Kirol eta Ekintza fisikoko zinegotzi Petri Romerok Andoaingo tokiko energia komunitateen proiektua aurkeztu dute (TEK Andoain).

Energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatzera bideratutako komunitate hau udal-eraikinetan gauzatuko da. Udalak lagako ditu, udalerriko familiek energia elektrikoa sortzeko eta kontsumitzeko eredu jasangarri hori eskura dezaten.

Eraikin publikoetan 170 kW-ko eta 410 plakako instalazioa egitea aurreikusten da. Instalazio horrek 1.800 m2-ko azalera erabilgarria izango du, eta energia berdea eramango du, autokontsumoko erregimenean, instalazioaren 500 m-ko erradioan kokatuta dauden Andoaingo 250 etxetara. Lehen instalazioa Allurralde kiroldegiko estalkian egingo da eta bigarren estalki bat ipintzeko bideragarritasuna aztertzen ari dira.   Ingurumen Departamentuak 30.000 euroko inbertsioa egin du ekimen hori abian jartzeko. Horren bidez, energia garbia ekoitzi eta kontsumitzeko aukera emango du, zero kilometrokoa eta autokontsumo formatuan, 250 familiari eta denda txikiri, % 25eko aurrezkiarekin.

Honi dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “energia gizarte-eskubide bat da, eta etxebizitzak energia-sistemaren erdian kokatuko dituen eredu bat behar dugu, energia garbia eta fakturan dirua aurrezteko behar diren tresnak eskura izan ditzaten". Asensiok gaineratu duenez, “bereziki, bizitzen ari garen garaiotan, gure etxe eta dendetan eragiten duen energia-egoera konplexua dela eta, bultzatzen ari garen energia-ereduak lagundu egingo die familiei elektrizitatearen prezioek neguan izaten dituzten gorabeherak arintzen. Energia demokratizatzeko eta erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoa eta eraginkorragoa, bidezkoa eta jasangarriagoa lortzeko bidean aurrera egiteak inguru horretan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzea ekarriko du”.

Udalak doan lagako ditu eraikin publikoen estalkiak instalazio fotovoltaikorako, 410 plakarekin, % 100 berriztagarria eta deskarbonizatua den 170 kW-eko potentzia emango baitute. Epe luzera, eta Nazio Batuen 2030erako garapen jasangarrirako helburuak kontuan hartuta, instalazio horiek 4.500 MWh energia deskarbonizatu sortuko dute zero kilometroan, eta atmosferara 100 tona CO2 baino gehiago igortzea saihestuko dute. Horren baliokidea izango litzateke 4.500 zuhaitz landatzea udalerrian, zeintzuk karbono-hustubide gisa jardungo lukete 2030 arte.

Maider Lainez alkateak "eskerrak eman dizkie Ingurumen diputatuari eta bere taldeari gaur hemen laguntzeagatik, eta, batez ere, bere departamentutik jaso dugun laguntza tekniko eta ekonomikoagatik; izan ere, bere ekintza eta laguntza-ildoekin apustu argia egiten du Gipuzkoako udalerriak gero eta jasangarriagoak izan daitezen". Alde horretatik, alkateak "nabarmendu du komunitate hau Andoainek energia berriztagarrien alde eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren apustu argia dela, gero eta nabarmenagoa dena gure eguneroko bizitzan. Gainera, Ukrainako gerrak gure energia-mendekotasuna erakutsi digu, eta horrelako ekintzak lehen pausoa dira autosufizientzia energetikoa lortzeko, funtsezkoa dena gure gizartearen garapen jasangarria lortzeko. Horretarako, Udalak Allurralde kiroldegiko estalkia lagako du eta beste udal-eraikin batzuetan ere kokaleku batzuk aztertzen ari da; izan ere, argi daukagu Andoaingo herritarrek parte hartu behar dutela klima-aldaketaren aurkako borrokan eta eguzki-energiaren aldeko apustuan. Eta apustu eta konpromiso horretan, funtsezkoa da erakunde publikoak inbertsioetan erreferente izatea eta herritarrei laguntzea. Horregatik da garrantzitsua Andoainen energia-komunitate hori sortzea".

Proiektu hoben bidez, herritarrak, José Ignacio Asensioren hitzetan, "energia-trantsizioaren prozesuan zeregin aktiboa izatera pasatzen dira, komunitatea sortuz eta energia-kultura berri bat sortuz, non pertsonek erabaki-, aurrezki- eta ezagutza-ahalmen handiagoa hartzen baitute eredu tradizionaletan baino. Urrats oso garrantzitsua da herritarrek energia garbia eta bidezko baldintza ekonomikoak izateko duten gizarte-eskubidea erabiltzeko, eta aurrerapauso bat da, energiaren demokratizazioak kolektibo guztiei bide horretan heltzeko, inor atzean utzi gabe”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentua hainbat ekimen bultzatzen eta babesten ari da Gipuzkoako udalerrietan, energia-mendekotasuna murrizteko, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko eta autokontsumoa bultzatzeko. 2023ko lehen seihilekoari begira, “Gipuzkoako 30 udalerritan egotea eta 5.000 etxe eta denda txiki izatea espero dugu. Eredua oso ondo dabil; udalek eraikin publikoen estalkiak lagatzen dituzte plaka fotovoltaikoak jartzeko, eta Ingurumen Departamentuak eta Europak diruz laguntzen dute inbertsioa. Azkenik, herritarrak baldintza oso eskuragarrietan sartzen dira", adierazi du Asensiok.

  

633