Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Antzuola-Bergara errepidea prest egongo da 2019ko udaberrirako

Antzuola-Bergara errepidea prest egongo da 2019ko udaberrirako

Gipuzkoako biribilgunea osatuta geldituko da GI-632-aren saihesbidea amaitzen denean

2017/02/28

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, eta Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide, Bergarako eta Antzuolako alkateekin batera, lurraldeko azken obra handiaren hasieraren lekuko izan dira. GI-632 errepidearen Antzuola eta Bergara arteko 5 kilometroko saihesbide zati hau amaitzen denean, Gipuzkoako biribilgunea osatuta geldituko da eta lurraldeko herri guztiek ahalmen handiko bide bat izango dute, gehienez ere, 15 kilometrora.

            Diputatu nagusiak azpimarratu du gaur hasten diren lan hauekin hasiera ematen zaiola Gipuzkoako azken obra handiari. “Gaur hasten dugun Deskargako obra hau legealdi honetako mugarri garrantzitsuenetakoa da. Antzuola eta Bergara lotzen dituen ia 5 kilometroko zati bat da. Hala ere, 5 km horiek oso garrantzitsuak dira Goierri eta Debagoiena eskualdeetarako eta Gipuzkoa osorako. Obra honek, gainera, eragin zuzena izango du lurraldeko ekonomian, nabarmen hobetuko baitira Goierriko eta Debagoienako loturak; hain zuzen ere beren industria, enpresa eta unibertsitateen pisuagatik ezagunak diren bi eskualde”, nabarmendu du Olano jaunak. Era berean, zehaztu du eskualde guztiak lotuta gelditzen direnean Gipuzkoako lurralde oreka bermatuko dela, foru gobernu honen helburu nagusietako bat. “Eskualdeen arteko desoreka gutxiago egongo da, eta ondorioz, desberdintasun gutxiago gipuzkoarren artean. Gipuzkoako biribilgunea amaitzen denean, gipuzkoar guztiek ahalmen handiko errepide bat izango dute 15 kilometroko tartean”, erantsi du foru diputatuak.

Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu nahi izan du foru gobernuak erantzukizunez jokatu duela. “Gobernura iritsi orduko, Mailegua ezpondaren lanei ekin genien, eta amaiera eman genion bi urteko geldialdiari. Arduraz jokatu dugu eta segurtasuna indartu dugu, arreta berezia jarriz azterlan geoteknikoetan”.

GI-632 errepidearen Antzuola eta Bergara arteko saihesbidea amaitzeko egin behar diren bost kilometro horiek benetako ingeniaritza erakustaldia izango dira. Lur-erauzketak egonkortzeko eta eusteko pantailak egin beharko dira, lubetak zimendatu beharko dira, eta Bergarako lotunean harri-lubetak eta hormak eraiki beharko dira. “Aurreikusitako lanen artean, 11 lur-erauzketa, 9 lubeta eta 5 egitura erraldoi daude. Horietako batek 60 metroko garaiera izango du, hau da 20 solairuko eraikin baten garaiera”, adierazi du Oiarbide andreak.

Saihesbide berriari esker, milaka ibilgailu ez dira igaroko Antzuolako herrigunetik gertu dagoen GI-632 errepidetik, batez ere ibilgailu astunak.

 

Hasierako fasean, gaur hasten dena, obrak eragingo dituen hondakinak kudeatzeko instalazioak prestatuko dira, eta lubeten nahiz egituren zimendatze baldintzak egiaztatzeko katak eta prospekzioak egingo dira. Era berean, soberakinen biltegia prestatzeko aurreikusitako lanak egingo dira.

Bigarren fasean, hau da hasierako lan hauek amaitzean, saihesbidea bera eraikitzeko lanei ekingo zaie. Lehenengo lanak Igeribarerrota eta Ipurtikako zubibideak amaitzekoak izango dira, horrela trazatu horretatik egin ahal izango baitira barruko lur mugimenduak, oraingo errepidea erabili behar izan gabe. “Horren helburua da errepideari ahal den gutxiena eragitea, kamioiek obra barrutik eginez distantziarik handiena, oraingo errepidearen erabiltzaileei eragin txikiena sortzeko”, azaldu du Aintzane Oiarbidek. Halaber, futbol zelaiaren ondoan, Antzuolako lerradura egonkortzeko lehenengo neurriak gauzatzen hasiko dira. Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu nahi izan du egonkortze lan horien zailtasuna, historikoki oso ezegonkorra den eremua baita: “Antzuolako lerradurako lanetan fase desberdinak aurreikusita daude. Garrantzitsua da lehen fasea hasieran egitea, lan horien eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko eurite aldian, orduan gertatzen baitira lerradurak”, zehaztu du Oiarbide andreak.

Bidegik egingo du Gipuzkoako azken obra nagusia; aurrekontua 41,7 milioi eurokoa da eta lanak egiteko epea 25 hilabetekoa. Mariezkurrena, Tesinsa, Urbycolan eta Zubiener enpresek osatzen duten UTEak egingo ditu lanak eta, dena aurreikusitakoaren arabera badoa, 2019ko udaberrirako Gipuzkoak ahalmen handiko bide azpiegitura sare onenetakoa izango du.

  

1487