Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

App eta telefono zerbitzu berriak herritarrei arreta indartzeko

Foto App eta telefono zerbitzu berriak herritarrei arreta indartzeko

App eta telefono zerbitzu berriak herritarrei arreta indartzeko

Eider Mendoza Gobernantza foru diputatuaren arabera, neurriak erakundea gerturatuko die herritarrei.

App eta telefono zerbitzu berriak herritarrei arreta indartzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak telefono mugikorrerako aplikazio berria eta telefono zerbitzu berria aurkeztu ditu gaur, foru erakundeak herritarrei ematen dien arreta zerbitzua modernizatzeko egiten ari den prozesuan kokatzen diren bi neurri. Gobernantza foru diputatu den Eider Mendozak azaldu duenez, zerbitzu hau Aldundiaren “ahotsa eta aurpegia” da, herritarrek administrazioaren aldetik zerbait behar duten bakoitzean. Honenbestez, hobekuntzak egiteak gipuzkoarrengana gerturatu eta herritarrei erraztasun gehiago ematea dakar. “Desburokratizazioan sakondu nahi dugu, gaurko gizarteak dituen beharrei modu eraginkorrean erantzuten dion administrazio modernoa izan nahi dugu. Ahalegin horretan, berebiziko garrantzia dauka herritarrenganako arreta zerbitzuak”, aldeztu du.

          Gobernantza diputatua hedabideen aurrean agertu da gaur, aplikazioa berria eta telefono zerbitzu berria ezagutarazteko. Gogoratu duenez, administrazioaren transformazio eta modernizazioa hizki larriz dator jasotan Aldundiaren agenda estrategikoan, eta marko honetan oso garrantzitsua da teknologia eta euskarri berriek eskaintzen dituzten baliabide berrien aldeko apustua. “Iraultza teknologiko eta zientifiko betean gaude eta, erakunde bezala, honek eskaintzen dituen aukerei zukua atera behar diegu”, gaineratu du.

          Aldundiaren arreta zerbitzuak gaur egun hiru kanal nagusi ditu: aurrez aurreko arreta, internet eta telefonoa. “Orain kanal berria irekitzera goaz mugikorrerako aplikazioarekin, mugikorretako dauden plataforma ezberdinetarakoa eskuragarri dagoena”, azaldu du Mendozak. Diseinu erraza, irisgarria eta oso intuitiboa du aplikazioak, “edozeinek erabiltzeko pentsatua”. Erreminta berriak duen indargune nagusia da egoitza elektronikoan dauden tramite guztiak egiteko aukera ematen duela, 394 guztira (Aldundiak dituen tramiteen %90 baino gehiago). “Hau da, hemendik aurrera, tramite hauek guztiak mugikorretatik bertatik egiteko aukera egongo da, familia ugariko titulua eskatzetik zerga iruzurrarekin lotutako delituren baten salaketa egiteraino”, esan du.

          Foru Aldundiaren egoitza fisikoei buruzko informazioa, Iragarki Ofizialen Tabloia eta foru erakundearen egunerokoari buruzko sekzio batekin osatzen da aplikazioa. Gobernantza diputatuak gogoratu du pasa den urtean ikerketa ezberdinek Gipuzkoako Aldundiak Estatu mailako erreferente bezala izendatu zutela digitalizazioaren arloan, eta gaineratu du aplikazio hau “norabide horretan ematen dugun beste pausu bat dela. Daukagun helburua da herritarrei erakundearekin harremanetan jartzeko bide berria irekitzea, zuzenean mugikorretik egiteko aukera irekiz”, adierazi du.

          Telefono zerbitzuari dagokionean, bere aldetik, Aldundiak hobekuntza “nabarmenak” aurkeztu ditu hemen ere. Herritarren arreta zerbitzuko ohiko telefonoak (943112111) orain arte zentralita lanak bakarrik egiten zituen, deiak etxearen alor batera edo bestera bideratuz. Hemendik aurrera, ordea, 1 mailako delako arreta eskainiko du, hau da, gai izango da herritarrei hainbat gairen inguruko informazio praktikoa zuzenean emateko: tramite jakin bat egiteko aurkeztu beharreko dokumentazioa, kanpaina ezberdinen egutegiak… Kontsultak konplexutasun handiagoa baldin badu, dagokion departamentura bideratuko da, orain arte egiten zuen bezala.  

 

600.000 kontsulta baino gehiago

Herritarren arreta zerbitzua foru erakundean “ahots eta aurpegia” da gizartearekin duen hartu emanetan, eta dituen kanal ezberdinetan urtero 600.000 kontsulta baino gehiago jasotzen dira. Mendozak pasa den urteko datuak eskaini ditu eta, orduan, aurrez aurreko arretara bakarrik, 17.347 pertsona etorri ziren informazioa eskatu edota tramiteak egitera. Erabiltzaile hauek 10etik 9,61eko nota jarri zioten jasotako arretari. Telefono zerbitzuari dagokionean, bestalde, herritarren arreta zerbitzuak urtero 90.000 dei baino gehiago jasotzen ditu. Azkenik, foru erakundearen egoitza elektronikoak 541.461 erabiltzaile izan zituen pasa den urtean (egoitza.gipuzkoa.eus).

          Mendozaren arabera, zifrek zerbitzu honek duen garrantzia agerian uzten dute. Aplikazio berria eta telefono zerbitzu berriak pasa den urtean ireki zen arreta zerbitzurako herritarren bulego berriari gehitzen zaizkio, alor hau modernizatzeko Aldundia egiten ari den prozesuan. “Helburua bilatzen dugun leihatila bakar horretara gerturatzen jarraitzea da; hau da, edozein dela ere herritarrak aukeratzen duen kanala Aldundiarekin harremanetan jartzeko, behar duen edozein tramite edo informazio eskaera burutzeko gai izatea”, esan du foru arduradunak. Gaineratu duenez, urtean zehar Errotaburu eta Txarako bulegoetan, orain arte arreta espezializatua eskaintzen zutenak, Aldundiaren edozein tramite egiteko aukera zabaltzeko lanean ari da Aldundia.  

          Foru diputatuak gogoratu du Aldundia gobernantza eredu berri baten aldeko apustua egiten ari dela, irekia eta elkarlanekoa. “Herritarrei gerturatzea, gizarte antolatuarekin ditugun elkarlanerako bideak indartu eta berriak irekitzea, entzute aktiboa… Dira aldezten dugun gobernantza ereduak babesten dituen elementuetako batzuk”, esan du Mendozak. Elementu hauetan guztietan sakontzeko, foru arduradunak gaineratu du arreta zerbitzua “funtsezko” elementua dela eta, ondorioz, etorkizunean ere zerbitzu honek eskaintzen dituen kanal eta euskarriak zabaltzen eta indartzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.