Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Araitz, Aralarren jaiotako ugatzaren hegaldia, “mugarri historikoa”

Araitz, Aralarren jaiotako ugatzaren hegaldia, “mugarri historikoa”

Aldundiak beste erakunde batzuekin izandako elkarlanari esker finkatu da espezie honen bikote bat Gipuzkoan.

2024/09/05
Gipuzkoako Foru Aldundia

Aralar Araitzen lehen hegaldien testigu izan da duela gutxi, mendilerroan bertan jaiotako ugatza. Gertaera hori “mugarri historikoa da Gipuzkoako fauna berreskuratzeko eta kontserbatzeko ikuspegitik, bibliografian ez baitago aurrekaririk. Eta hori ez da kasualitatea izan, urte askotako lan eskergaren emaitza da: Foru Aldundiko Basa Animali eta Landareen zerbitzuak eta basozainek beste erakunde batzuekin lankidetzan egindako lanarena, zorionez fruitua eman duena, eta ezagutaraztea merezi duena”, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak azpimarratu duen moduan. Ugatza EAEn galtzear dagoen espeziea da.

Hegazti honen kolonizazio prozesua oso motela da eta 30 urte baino gehiago behar izan dira ugatz gazte bat hegan ikusi ahal izateko. 1990eko hamarkadan hasi ziren basozainak ale gutxi batzuk ikusten Aralarren. Mendira irteerak areagotu egin zituzten, baita espeziearen begiztatzeak ere. Hori horrela, garai hartan Ministerioak Madrilen zuen koordinatzailearekin, Rafael Herediarekin, jarri ziren harremanetan, gertatutakoaren berri emateko. Heredia Gipuzkoara eta, zehazki, Aralarrera gerturatu zen Aldundiko teknikariekin batera, eta garrantzi handia eman zion hegaztiak mendilerroan zuen presentziari. Izan ere, joan den mendean, espeziea ia desagertzeko zorian egon zen Europa mailan, eta geratzen ziren ale apurrak Pirinioetan zeuden.

Iñaki Olano Basa Animali eta Landareen zerbitzuko basozainak gogorarazi duenez, Ministerioko adituek berebiziko garrantzia eman zioten ugatzak euskal mendiak kolonizatzeari. Hala, hauek beste lurralde batzuetara hedatzeko aukera zegoen, hala nola Europako Mendietara, mendi horiek korridore gisa erabil ahala izateko. Hurrengo urratsa Madrilera gerturatzea izan zen, espezieari buruzko lantalde baten bilerara, Ministerioko, Aragoiko, Kataluniako, Nafarroako eta Gipuzkoako (Foru Aldundia) arduradunen parte-hartzearekin.

Hala, Aralarko Gipuzkoako aldean EPG (Elikadura Puntu Gehigarria) edo janleku bat jartzea erabaki zen, mendilerroan instalatutako janleku ofizial bakarra, haren mantenua dakarren erantzukizunarekin eta lanarekin. Jarraibideei jarraituz, 1997an jarri zen martxan. "Astero, negua joan eta negua etorri, basozainek gogor lan egin dute janlekua hornitzeko, askotan oso baldintza txarretan: elurra, haize gogorra, lainoa...", adierazi du Olanok.

Jakina zen janleku horiek garrantzi handia zutela ugatz-bikoteak lurralde bati lotzeko orduan, eta hori agerian geratu zen denborarekin. Berehala hasi ziren ugatz bakartiak ikusten inguruan. 2011n egiaztatu zen markatutako ugatz batek maiz erabiltzen zuela janlekua. Kiriku zen, Nafarroan jaioa, zehazki Arbaiungo arroilaren inguruan. 2015ean, hegazti hori janlekuan harrapatzea lortu zuten, eta bizkarrean GPS bat jarri zioten, haren mugimenduak kontrolatu ahal izateko, Nafarroako Gobernuko teknikariekin batera.

2016an, ugatz bat hurbildu zitzaion, eta bikotea osatu zuten. 2017an beste ale bat agertu zen, eta bikotetik hirukotera pasatu ziren. Kiriku zen, GPS eta hegaletan bandak zituena, arra; Muel, emea, Aragoitik etorria, marka patagialekin markatua; eta Eder, ar dotorea, markarik gabea. 2019an lehen aldiz etzan ziren eta inkubatzen hasi ziren, baina ez zuten kumerik atera. 2020an, Kiriku desagertu egin zen, eta berriro geratu ziren bikote gisa. 2024ra arte itxaron behar izan da Muel eta Ederrek arrakasta izan eta Araitz hegan egiten ikusteko. "Janlekua behar bezala instalatu eta mantendu izan ez balitz, ziur aski ez zen bikotea finkatuko. Gainera, Diputazioaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko koordinazioa etengabea izan da; izan ere, Aralar bi lurraldeen artean banatzen da, baina hegazti hauek ez dute mugarik ezagutzen, eta elkarlana ezinbesteko osagaia da kudeaketa egokia izan dadin” azaldu du Arrutik.

Aralarrekoa ez da albiste on bakarra; izan ere, duela bi urte eta erdi Aizkorrin beste EPG edo janleku berezi bat jarri zuten, dagoeneko emaitzak eman dituena. Hamaika ale desberdin identifikatu dituzte, eta horietako batek, Aloña izenekoak, duela bi urte eta erdi erabaki zuen ingurunean finkatzea. "Gipuzkoan balio handiko ingurumen-ondarea dugu, benetako altxorra, eta guztion artean zaindu behar dugu, hurrengo belaunaldietara irits dadin. Legealdi honetan, natura-ingurunearen eta biodibertsitatearen babesa indartzen jarraituko dugu, oreka berdearen eta larrialdi klimatikoaren aurkako borrokan dugun apustuarekin bat eginez ", amaitu du Diputatuak.

Espezieari buruz

Ugatza (Gypaetus barbatus) Accipitridae familiako hegazti ornodun akzipitriformea da. Ez du antzeko hegazti harraparien antzik. Izena hezurrak eta oskolak altuera handietaraino jasotzeko duen gaitasunagatik datorkio; ondoren arroken kontra puskatu eta jateko ohitura du. Mehatxupean dagoen espeziea da banaketa-eremu zabaletan, eta Europako kontinentean desagertzeko arrisku larrian dago; izan ere, lehen ugaria zen hainbat eskualdetan desagertu egin da. 2,75 eta 3,00 metro arteko tamaina du. Bereizgarriak dira hegal luze eta estuak, erronbo formako isats luzea eta burua lumaz estalita izatea, gainerako putreek ez bezala. Hori gertatzen da burua eta lepoa hildako animalien gorputzetan sartzen ez dituelako, hau da,espezie osteofagoa delako (izatez, ia hezurrez soilik elikatzen den hegazti bakarra da).

  

4546