Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Arbes egoitzak 130 egoitza plaza izango ditu mendekotasun egoeran dauden adinekoentzat

Arbes egoitzak 130 egoitza plaza izango ditu mendekotasun egoeran dauden adinekoentzat

Foru Aldundiak jada sinatu du Arbesko hitzarmena eta Irungo Udalari bidali dio izenpetu dezan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak “jada sinatu du hitzarmena”, Irungo Arbesen adinekoentzako egoitza zentro berria eraikitzeko, eta dagoeneko Irungo Udalari “bidali diogu izenpetu dezan”. Hala adierazi du gaur goizean prentsaurrekoan Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, eta nabarmendu “hartutako hitza bete dugula; Arbes, gainera, Aldundiaren lehentasunezko proiektua da”. Aipatutako egoitza zentroak 130 egoitza plaza izango ditu mendekotasun egoeran dauden adinekoentzat, eta horietatik 20k psikogeriatria unitate bat osatuko dute

Arbesko zentro berria Irungo Udalarekin sinatu den hitzarmenaren emaitza da, eta horri esker udalak lursaila lagako du eta haren eskumenekoak diren tutoretzapeko 50 apartamentu finantzatuko ditu –lehentasunez 1. graduko mendekotasuna duten adinekoei bideratuak–, eta beste 26 plaza ere eskainiko dira apartamentuetan, desgaitasunen bat duten pertsonei laguntzeko. Halaber, egoitza berri horrek adinekoentzako 30 plaza eskainiko ditu eguneko zentroan edo eguneko laguntza zerbitzuan. Eta bestetik, barne hartuko du zentro bat ere desgaitasunen bat duten pertsonen autonomia pertsonala lantzeko edo gizarte laguntzako beste erabilera batzuetarako, bi erakundeek hala adostuko balute.

Diputatuak azaldu duenez, zentroa lizitatzeko xedez, lantalde mistoa sortu zuten -Irungo Udaleko eta Gizarte Politikako Departamentuko ordezkariek osatua-, zentroari buruzko xehetasunak “aztertzea eta koordinatzea ahalbidetu duena”. Era berean, adierazi du Irungo udalarekin hainbat gestio egin dituztela, “hirigintza baldintzak, prozedurazkoak eta aurrekontuari buruzkoak”, eraikuntza lanen lizitazioaren aurretikoak.

Amaitzeko, Peñak esan du Udalak hitzarmena izenpetu eta gero, Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea deituko dutela, zeinaren aurrean Foru Aldundiak proiektua aurkeztu egingo duen, lanen lizitazioa eta zentroaren ondorengo kudeaketa zehaztuta. Eta gaineratu du helburua dela kontratuaren pleguak “aurten bertan onartu eta argitaratzea, eraikuntza lanak 2018ko lehen seihilekoan hasi daitezen”.

  

1344