Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aspanogik bere XX. urteurrena ospatuko du “piratek irri egin dezaten”

Aspanogik bere XX. urteurrena ospatuko du “piratek irri egin dezaten”

Ospakizun ekitaldiak Kursaal auditorioan izango dira, urriaren 21ean, “Pirritx, Porrotx eta Marimotots” pailazoekin eta kontzertu solidario batekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aspanogik (Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartea) gaur goizean aurkeztu dituzte elkartearen XX. urteurrena dela eta urriaren 21ean antolatu dituzten ekitaldiak: Batetik, “Pirritx, Porrotx eta Marimotots Aspanogirekin kantari” ikuskizuna, eta, bestetik, “XX urte Aspanogirekin piraten irribarrearen alde” kontzertu solidarioa, biak Kursaal auditorian. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak zoriondu egin du Aspanogi, bi hamarkada daramatzalako minbizia duten haurren ospitaleko eta ospitaletik kanpoko “arreta hobetzen” eta “familiei laguntzen”.

Irabazi asmorik gabeko elkarte honek 1998an ekin zion bere gizarte ekintzari, gaixotasunak eragindako 4 familien ekimenez. Xede nagusia haur minbizidunaren eta bere familiaren bizi kalitatea hobetzea da, gaixotasunaren berri izaten den unetik beraien beharrei erantzun bat emanaz. Nekane Lekuona Aspanogiko ordezkariak azpimarratu duenez, 20 urte hauetan “momentu gogorrak eta gozoak partekatu ditugu, bide bat egin dugu eta bilakaera oso garrantzitsua izan da familien, profesionalen, boluntarioen, entitate laguntzaileen eta hainbat eta hainbat jende solidarioen ahaleginari esker. Horrenbestez, pirata eta familia guztien izenean, gizarte osoarekin partekatu nahi genuke egun berezi hau, guztien eskuzabaltasuna eskertzeko”.

Diputatuak gogorarazi du urtero 20-25 minbizi kasu berri diagnostikatzen direla haurren artean, baina sendatze indizea oso altua dela, % 85ekoa. Zentzu horretan, diputatuak nabarmendu du biziki garrantzitsuak direla "prebentzioa" eta diagnostiko goiztiarra.  “Zenbat eta azkarrago hasi arazoari aurre egiten, hainbat eta eraginkorrago izango gara”, adierazi du diputatuak gaur goizeko aurkezpenean, non diputatuarekin batera izan baitira Eneko Goia Donostiako alkatea, Jose Mari Agirretxe (Porrotx), Josu Mitxelena, Errenteriako Musika Bandako presidentea, Olga del Barrio, Egiako Danza Anaiak Estudioko zuzendaria.

 

Kursaal, piraten irudiarekin

Urriaren 21eko lehenengo ekitaldia “Pirritx, Porrotx eta Marimotots Aspanogirekin kantari” (12:00) ikuskizuna izango da, eta bertan parte hartuko dute Donostiako suhiltzaileek, Itzurun erraldoien konpartsak, 501 Legioak, Donostia Unibertsitate Ospitaleko langileek, Goazen, txirrindulariek, Donostiarrak, Bidasoak, Ipar Martxak eta abarrek. Hori baino lehen, 11:00etan, kalejira bat egingo da parte hartzaile guztiekin, Donostiako udaletxetik hasi eta Kursaal jauregiraino, Bonbereneako txarangak alaituta. Arratsaldean, 19:00etan, kontzertu solidarioa egingo da Donostiako Easo Abesbatzarekin, Errenteriako Musika Bandarekin, Anaiak-Egia Dantza Estudioarekin eta Ainara Ortega kantariarekin.Sarrerak 10 euroan izango dira, eta dagoeneko salgai daude Kursaaleko web orrian (www.kursaal.eus).

“Ez ditugu ekitaldi honetako sekretu guztiak azaldu nahi, sorpresak ere izango baitira, baina harro esan dezakegu Kursaal jauregia Aspanogiko pirata logoarekin argiztatuko dela, XX urte hauetan itsasoa zeharkatu duten pirata guztien omenez”, aurreratu du Lekuonak, eta horrekin batera eskerrak eman dizkie “20 urte hauetan Aspanogiri laguntzen aritu diren guztiei, pertsona anonimo zein entitateei, eta, bereziki, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Donostiako Udalari eta Irizarri, egun berezi honen ospakizun ekitaldia posible egingo dutenei”.

Bukatzeko, Maite Peñak adierazi du Foru Aldundiak “lankidetzan” jarraituko duela Aspanogirekin, “arreta osoko familia programak lantzen jarrai dezaten, eta elkartearen programak bultzatzen jarraituko dugu”, hala nola “Bizi poza” boluntarioen programa, “Umore ona botikarik onena” aisia eta denbora libreko programa, “Hezituz” prestakuntza programa, edo “Denok elkarturik” sentsibilizazio programa”. Era berean, herritar guztiak gonbidatu ditu urriaren 21eko ekitaldi solidario horietara, horrelako ekimenak “oso eraginkorrak” izaten baitira gizartea “sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko”. “Aspanogi bezalako elkarteen lanari oihartzuna emanez, jende gehiagorengana iritsiko gara eta arazo honi zabalkunde handiagoa ematea lortuko dugu”.

 

 

 

urtero 20-25 minbizi kasu berri diagnostikatzen dira haurren artean, baina sendatze indizea oso altua da, % 85ekoa

  

1466