Asteartean irekiko da Deba eta Mutriku lotzen dituen GI-638 errepidea
Asteartean irekiko da Deba eta Mutriku lotzen dituen GI-638 errepidea
Proiektu amaitu bitartean, errei mozketak egingo dira une puntualetan
Datorren asteartean, irailak 3, irekiko da Deba eta Mutriku kostaldetik lotzen dituen GI-638 errepidea. Bide hau pasa den maiatzaren 2tik zegoen itxita, errepidea hobetzeko lanak direla eta. Irekiera goizean egingo da, era sekuentzialean: 10:00ak inguruan irekiko da Mutriku norabideko erreia, eta 11:00ak aldera Deba noranzkoa, gaur egun dauden seinaleztatze elementuak eta balizak kendu ostean.
Hala ere, gogoratu behar da oraindik ere obrek izango dutela eragina errepidean. Horrela, erreietako bat aldizka eta momentu puntualetan itxiko da, lanek beharrezko egiten dutenean. Bestalde, hurrengo egunean, irailaren 4an, ibilgailuentzat eta bizikletentzat erabiltzeko debekua kenduko da GI-3230 errepidean, Kalbarioko gainetik barrena doanean. Gainera, gehienezko pisua mugatzeko seinaleak ere jarriko dira berriro.
GI-638 errepidea hobetzeko proiektuaren helburua bide honetan segurtasuna hobetzea da, zati horretan dauden gune gatazkatsuenetan esku hartuz. Galtzadaren zabalera gutxienez zazpi metrotara zabalduko da, eta lanik esanguratsuenak Ipitxarriko bihurgunean eta Alkoleako Muturrean egingo dira. Azken hau guztiz ekidingo da, bertan egingo den tunel berriari esker. Honenbestez, proiektu honi esker, nabarmen hobetuko da zirkulazio handia jasaten duen Deba-Mutriku errepidea, eguneko batez besteko intentsitatea 6.000 ibilgailukoa baitu. Gainera, bi udalerri horiek lotzen dituen errepide bakarra da ia. Lanak aurtengo otsailean hasi ziren, 10 milioi euroko aurrekontua dute eta, aurreikuspenen arabera, 2020 hasierarako egongo da prest errepide berria.
1818