Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Asteazkenean hasiko dira Adinberri zentroa eraikitzeko lanak

Asteazkenean hasiko dira Adinberri zentroa eraikitzeko lanak

Lanak egiteko epea 48 hilabetekoa da, eta Pasaiako bizilagunek 200 plazako behin-behineko aparkalekuan utzi ahal izango dituzte beren ibilgailuak.

Adinberri zentroa eta aparkalekua

Adinberri zentroa eta aparkalekua


Asteazken honetan, uztailaren 26an, hasiko dira Adinberri zentroa eta lur azpiko aparkalekua eraikitzeko lanak, eta 48 hilabeteko iraupena izango dute. Lanak Eraikuntza Birgaikuntza Artapena enpresa arabarrari esleitu dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lehenengo fasean, lur azpiko aparkalekua eraikitzeko lurra zulatzen hasi aurretik, beharrezko lanak egingo dira katak egiteko eta elektrizitate eta ur-hornidurak birkokatzeko. Gaur goizean, Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatu eta Adinberriko presidenteak, eta Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Teo Alberro Pasaiako alkatearekin batera, prentsaurrekoa eman dute obraren nondik norakoen eta epeen berri emateko.

Maite Peñak gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak apirilaren 24an esleitu zituela Adinberri zahartze osasuntsurako zentroa eta bi solairuko eta 468 plazako lurpeko aparkalekua eraikitzeko lanak. Proiektua 66.430.996,17 euroan esleitu zen, 48 hilabeteko gauzatze-epearekin, eta Eraikuntza Birgaikuntza Artapena enpresarena izan zen bost proposamenetatik puntuaziorik handiena lortu zuena.

Foru Aldundiko arduradunek adierazi dutenez, datozen hilabeteetan obra hauek pasaitarrengan izan ditzaketen eraginak arintzeko, eta Pasaiako Udalarekin lankidetzan, informazio-bilerak egingo dira, baita postontzietan informazioa banatu ere, obraren faseak eta egutegia zein diren azaltzeko, eta inguruan aparkatzeko dauden aukeren berri emateko.

Adinberri, giltzarria Gipuzkoan eta Pasaiaren biziberritzean

Peñak azaldu duenez, Adinberri erreferentziazko zentroa Pasaiako Hospitalillo inguruan kokatuko da, eta Adinberrik Aldundiarentzat, Pasaiako udalerriarentzat eta lurralde osoarentzat duen garrantzia azpimarratu du. "Adinberri Etorkizuna Eraikizen esparruan sortutako proiektua da, eta estrategia horren erreferentziazko zentroetako bat da. Pasaiako erreferentziazko zentroa Aldundiak azken hamar urteetan funts propioekin egindako inbertsiorik garrantzitsuena da, izaera sozial eta aitzindaria duen azpiegitura, Gipuzkoako gizartearen zahartzeak dakarren erronka handiari lankidetzatik eta berrikuntzatik erantzuten diona", azaldu du.

Gainera, Adinberriko diputatu eta presidenteak nabarmendu du zentro horrek Pasaia biziberritzeko beste bultzada bat ematen lagunduko duela, 400 lanpostu inguru sortuko baititu zuzenean eta zeharka, eta udalerria Gipuzkoan ezartzen ari den zainketa-eredu berriaren erreferentzia nagusi bihurtuko baitu. "Zentroak berebiziko garrantzia izango du, ez bakarrik Pasaiarentzat eta Oarsoaldearentzat, baita lurralde osoarentzat ere", nabarmendu du. Peñak gogorarazi duenez, Adinberri zentroak, Herrerako pabiloiekin, Pasaiako Lonjarekin eta SPRIren eraikinarekin batera, Pasaia biziberritzen lagunduko du: "Apustu partekatu honek errealitate bihurtzen du biziberritzea, geldiezina dena eta atzera bueltarik ez duena".

Azpiegiturak adinekoentzako 124 plazako egoitza bat, 22 plaza izango dituzten tutoretzapeko 18 apartamentu eta eguneko zentro bat izango ditu. Pertsonengan zentratutako arreta, komunitatearekiko loturak eta berrikuntza ardatz dituen zainketa-ereduari erantzungo dio. Zentzu horretan, Adinberriko berrikuntza-unitatea 680 metro koadroko espazio batean kokatuko da, eta bertan ikerketa, esperimentazio eta testaketarako gune bat egongo da. Era berean, Pasaiako hiri-ingurunean integratutako plaza zabal bat izango du, pasaitar guztien gozamenerako, baita hainbat instalazio komun eta erabilera anitzeko gunea ere.

Pasaiako alkateak, Teo Alberrok, bere aldetik poztasuna adierazi du obra hasi delako. Adierazi du Pasaia dela Gipuzkoan herritik kanpo egoiliar gehien dituen herria eta zentro berri honek egoera hori arintzen lagunduko duela. "Pasaiarekin zegoen beste zor historiko bat kitatuko da modu honetan".

Horrez gain, Alberrok gaineratu du jakitun dela obrek aparkaleku defizit handia sortuko dutela Trintxerpen eta ziurtatu du udal gobernua dagoeneko lanean ari dela eragin horiek lehenbailehen arintzeko. "Inplikatutako instituzioekin eta medio propioekin ari gara lanean aparkalekuaren aferari irtenbidea emateko".

Behin-behineko aparkalekua

Obrak eragindako afekzioen zati bat arintzeko asmoz, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Foru Departamentuak, portuko agintaritzarekin eta Pasaiako Udalarekin lankidetzan, 198 plazako aparkaleku bat inauguratu zuen urtarrilaren 11n Ciriza eraikinaren ondoan. Horietatik 6 mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuentzat dira, eta gaueko erabilera esklusiboa eskaintzen die Trintxerpeko barrutian bizi diren pertsonei. Obrak 773.463 euroko inbertsioa ekarri zuen, eta aurreikusitako hiru hilabete eta erdiko epean egin zen. Harrezkero, azpiegitura honek beharrezko zerbitzu guztiak ditu, hala nola argiztapena, asfaltatzea, seinaleztapen egokia eta irisgarritasuna, eta arrakasta handia izan du okupazioan.

Azahara Domínguez, Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatua: “Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Foru Departamentuak aurreko bi legegintzaldietan konpromiso argia erakutsi zuen Pasaialdea suspertzeko. Eta pasaitarren bizi-kalitatea hobetzeko ekintza eta jarduerekin egin zuen. Adinberri eraikitzeko obren aurreikuspenaren aurrean, obra horrek eragindako kalteak arintzeko aparkaleku hori eraiki zen. Pasaitarrei aparkaleku bat eskaini zitzaien, 198 plazatarako edukiera duena, eta, azken batean, azpiegitura arrakastatsua, beharrezko zerbitzu guztiak dituena, hala nola argiztapena, asfaltatzea, seinaleztapen egokia eta irisgarritasuna, eta, gainera, gaueko erabilera esklusiboa duena barrutiko herritarrentzat. Betiere pasaitarren bizi-kalitatea hobetzeko asmoz”.

  

2776