Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ate irekien jardunaldi berri batekin agurtuko du Aldundiak 2016

Ate irekien jardunaldi berri batekin agurtuko du Aldundiak 2016

Erakundea herritarrei gerturatzen jarraitzea da helburua, foru jauregia eta bertan dagoen ondarea ezagutaraziz

2016/12/28

Etzi, ostirala, ate irekien jardunaldi berri bat egingo du Aldundiak. Bisita gidatua egin ahal izango dute hala nahi dutenek, foru jauregia eta bertako areto azpimarragarrienak ezagutuz. Hango objektu, margolan eta elementu nagusien bitartez, ibilbidea egin ahal izango dute historian eta arkitekturan barrena. Era berean, Aldundiaren, Batzar Nagusien, horien eskumenen eta antolaketa administratiboaren inguruko azalpenak jaso ahal izango dituzte.

Doan dira bisitak, ordubete eta hogei minutu inguruko iraupena edukiko dute, eta bi txandatan egingo dira, goiz eta arratsaldez, ordutegi hauekin: 10:00ak (gazteleraz), 11:30ak (euskaraz), 13:00ak (gazteleraz), 16:00ak (euskaraz) eta 17:30ak  (gazteleraz). Kanpoko aldean hasiko dira, eta ondoren ohorezko solairuan jarraituko dute, han baitaude obra nabarmen gehienak. Amaieran, dibulgazio eskuorria banatuko zaie parte-hartzaileei. Herritarrentzako harrera gunean ere eskura daiteke eskuorria. Bisitan zehar, Aldundiaren jatorriaren, eskumenen eta jardueraren berri ematen duen bideoa ikusi ahal izango da.

30 laguneko taldeetan antolatuko dira bisitak, gehienez. Gipuzkoa@gipuzkoa.eus helbidera idatziz, 943-112111 telefonora deituz, edo foru jauregiko harreran bertan eman daiteke izena. Aldundian antolatzen duen bigarren ate irekien jardunaldi berezia izango da, abuztuan egindakoaren ondoren. Asmoa dago hitzordua errepikatzeko urtean zehar, data esanguratsuekin bat eginik –Gabonak, Aste Santua…-

Jardunaldi berezi honetarako plaza gutxi gelditzen badira ere, aurreantzean ere izango da Aldundia barrutik ezagutzeko beste hainbat aukera nahi duenarentzat. Izan ere, aurtengo apirilaz geroztik, Aldundiak bisita gidatuen zerbitzua eskaini ohi du, norbanakoei, zein kolektibo ezberdinei zuzendua: Bigarren Hezkuntzako ikasleak, Zientzia Politikoak eta Soziologia, Zuzenbidea, Komunikazioa, Artea, Turismoa edota Arkitektura ikasleak, erretiratuak, eta bestelako elkarteak (ikusi ordutegiak). Modulu didaktikoa prestatu da ikasleentzat, bisita dibertigarriagoa eginez, eta ikasgelan gaia irakaslearekin batera lantzeko aukera emanez.  Kasu guztietan, aurretik hitzordua eskatuz egin daiteke erreserba, astebeteko gutxieneko epearekin, aipatutako helbide eta telefonoan.

  

1180