Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta ATECE Gipuzkoak V. Lasterketa solidarioa aurkeztu dute, garuneko gaitza duten pertsonei laguntzeko

Aldundiak eta ATECE Gipuzkoak V. Lasterketa solidarioa aurkeztu dute, garuneko gaitza duten pertsonei laguntzeko

Maite Peña: “Oso garrantzitsua da lesio honen errealitatea gizartean ikustaraztea. Lan horretan eta laguntza psikologikoan babesten dugu ATECE”

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ATECE Gipuzkoa elkarteak igandean Donostian egingo den Lasterketa solidarioaren V. edizioa aurkeztu dute, garuneko lesioa duten pertsonei laguntzeko. Hala, helduentzako 5 km-ko lasterketaz gain, haurrentzako lasterketak eta bira solidarioa egingo dira, besteak beste. Gaurko aurkezpenean Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak azpimarratu duenez, “oso garrantzitsua” da lesio honen “errealitatea gizartean ikustaraztea”. Horren harira, gaineratu du Gizarte Politikako departamentuak, lan horretan eta laguntza psikologikoan “babesten” duela ATECE Gipuzkoa, garuneko lesioa duten pertsonen elkartea, 480 elkartekide dituena, eta horietatik 210 garun-kalte hartuak eragindako pertsonak. “Garuneko gaitza bat batekoa izaten da gehienetan, eta prebentzioa eginda ere, ez dago gaitza uxatzeko modu eraginkorrik”, azaldu du diputatuak eta “are larriagoa dena, ez dauka sendabiderik; badaude tratamenduak ondorioak arintzen laguntzeko baina sendabiderik ez dago”, nabarmendu du. “Gehien 40 eta 60 urte bitarteko gizonei eragiten die gaitzak baina egia da, edonori gertatu ahal zaiola” argitu du Peñak, eta horregatik berretsi du gaitzaren inguruko informazioa “zabaltzearen garrantzia”.

Beraz, Anoetako miniestadioan egingo den Lasterketa solidarioan parte hartzeko asmoa duenak aurrez eman behar du izena http://www.kirolprobak.com webgunean, parte-hartzaile muga 300 lagunekoa delarik. Aurtengo edizioa 10:00etan hasiko da 5 km-ko lasterketarekin hirian zehar (miniestadioan hasi eta amaituko da). Ondoren, 11:00etan, haurrentzako lasterketak hasiko dira (Haur Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara bitartekoak), eta, azkenik, 12:00etan bira solidarioak egingo dituzte gaixotasunak eragindako pertsonek eta lagundu nahi duten guztiek. Gainera, haurrentzako tailerrak, photocall-a eta sari banaketa ere izango dituzte parte-hartzaileentzat.

Halaber, aurkezpenean Jose Manuel Amador ATECE Gipuzkoa elkarteko presidenteak azaldu duenez, elkartea 1994an eratu zen, eta jada “20 urte baino badaramagu ere, hainbat kanpaina egiten ditugu GKHren errealitateari eta gaixotasunaren familienari ikusgarritasuna emateko”. Era berean, esan du eragindako pertsonen kolektiboa “oso heterogeneoa” dela, bai adinari dagokionez, bai eragindakoek jasatzen dituzten “sekuelei dagokienez”. “Hasieran oso lagungarria izan zen kolektibo osoa taldekatu zuen Elkarte bat egotea. Urteak iragan ahala, hazten joan gara, elkartekideen kopurua handitzen joan da, eta, batez ere, eskaintzen ditugun jardueren kopurua handitzen joan da”, esan du Amadorrek, eta gaineratu gaur egun, Elkarteak zerbitzu eta jarduera espezifikoak eskaintzen dituela gaixotasunak eragindako pertsonentzat eta haien familiartekoentzat, hala nola, “laguntza psikologikoa eta neuropsikologikoa, gizarte-arreta, errehabilitazio kognitiboa, eskulan- eta pintura-tailerrak, fisioterapia, logopedia, autolaguntzako taldeak, aisialdi eta denbora libreko programak, oporretako programak eta prebentzio-hitzaldiak”.

Azken datuen arabera, Euskadin 20.000 pertsonek dute garuneko lesioa.  Garuna oxigenorik gabe geratzearen ondorio da eta  hori eragin dezaketen arrazoi ezberdinak daude: buruko minbizia, istripuren bat edo ictus edo antzekoren bat, besteak beste. Garuneko lesioa dutenena oso kolektibo anitza da; gaitzaren arabera, lesio handiagoa edo arinagoa izaten dute pazienteek eta ezberdintasun handiak izaten dira  batzuen eta besteen artean;  badaude bizitza autonomoa egiteko gai direnak, baina  baita ia erabateko mendekotasuna duten beste batzuk ere. “Eta euren arteko ezberdintasun horrek zailago egiten ditu terapiak eta tratamenduak, norberaren neurrira egokitu behar izaten direlako askotan”, azaldu du amaitzeko Gizarte Politikako arduradunak. Eta amaitzeko, jendea “animatu du” igandeko lasterketa solidarioan parte hartzera, ATECE Gipuzkoari “elkartasuna adierazteko”. 

ATECE Gipuzkoak 480 elkartekide ditu, eta horietatik 210 garun-kalte hartuak eragindako pertsonak
  

1369