Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aukera berdintasuna bermatzeko konpromisoa

Aukera berdintasuna bermatzeko konpromisoa

Arreta berezia eskaintzen zaie bazterketa sufritzeko arrisku gehien duten taldeei.

Arreta berezia eskaintzen zaie bazterketa sufritzeko arrisku gehien duten taldeei

Aniztasuneko Bizikidetzarako Foru Plana (Diskriminazio eza bultzatzeko ekintzak) bi urte egongo da indarrean eta erakundearen lan-ildoen baitan txertatuko du aukera berdinatsunaren printzipioa. Gaur aukeztu dituzte planaren helburu eta ekintza nagusiak Markel Olano diputatu nagusiak eta Maribel Vaquero Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendariak. Aurkezpenean Olanok nabarmendu duenez, plana “Gipuzkoan desberdintasuna gutxitzeko ahaleginei batuko zaie etorkizun apustu gisa”, “kohesio soziala, ongizatea eta aukera berdintasuna oinarri hartuta”. Planak, eskubideen ikuspuntutik eta zeharlerro bezala, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan dauden ekimen eta apustuei eragingo die, izan ere, diskriminazio eza jartzen baita etorkizuneko Gipuzkoaren kohesio sozialaren oinarrizko printzipio moduan.

Aniztasunari irekitako gizartea

Herritar autoktonoek aniztasunaren inguruan dituzten jarrerei buruzko azken ikerketak (Ikuspegi, Inmigrazioaren Euskal Behatokia) erakusten duenez, Gipuzkoan konkretuki inmigranteen etorrerak eragindako aniztasuna ez da arazo gisa ikusten. Aniztasunarekiko jarrera ireki hau, Olanok azaldu duenez, “gizartea aberasten duen errealitate bat da” eta, hori izan behar da hain zuzen, “kohesiorako oinarri sendoetako bat”. Horrela, diputatu nagusiaren esanetan, “norabide onetik goaz gurea desberdintasun maila gutxien duen Europako lurraldeetako bat bihurtzeko bidean”. Jarrera orokor horrek, ordea, baditu aintzat hartzeko ñabardurak. Esate baterako, tolerantzia maila aldatu egiten da etorkinaren jaioterriaren arabera eta pauta kultural ala erlijioso zehatz batzuen aurrean. Orokorrean, Gipuzkoan ez da ageri aniztasunaren aurkako jarrerarik baina ikerketak aditzera ematen du erne egon beharra dagoela gizartea uzkurrago agertzen den zenbait gairekin eta estereotipo faltsuak sor ditzaketenekin.

Gipuzkoako gizartearen errealitatea

Planaren helburuen baitan, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendariak ohartarazi du aniztasunaren bisibilizazioak duen garrantzi handia. Bi aspektu nagusi ikusten ditu Vaquerok, “batetik, azalarazteko zeinen aberasgarria den erralitate hori baina baita ere,  eta aldi berean, arreta jartzeko talde zehatz baten kide izateagatik zenbait herritarrek (etnia, jatorria, sexu-orientazioa, generoa ala aniztasun funtzionala kasu) ez dituztela aukera berdinak eta bazterketa sufri dezaketela”.

 

Jardute eremuak

Helburu horiekin, ikerketak, prebentzioak eta sentsibilizazioak osatzen dute planaren funtsezko zutabeetako bat. Plana elkarte eta udalerriekin ere koordinatzen da eta horietara bideratzen dira diru laguntza lerroak, aniztasuneko bizikidetza eta giza eskubideak sustatzeko ekimenetarako. Maila instituzionalean, klabeak diren eragileek eta udal teknikariek trebakuntza jasoko dute. Era berean, planak elkarleku eta partaidetzarako espazioak irekitzen ditu, lurraldeko eragile klabeekin interlokuzio eta parte-hartze bideak urratzeko helburuarekin. Hala, Gunea-n partaidetza sustatuko da eta baita Partaidetzako Gizarte Kontseiluan ere. Vaquerok zehazten duenez, “planak parte-hartzea, elkarlana eta koordinazioa eskatzen du, bai adimistrazio publikoen artean eta baita gizarteko eragileen artean ere”. Azkenik, koordinazio eta kudeaketarako zeharlerro modura, urteko diru laguntza eta deialdiak aztertzen diren departamendu arteko batzordean txertatuko da plana.

Ekimen hau legealdi hasieran hasi zen lantzen eta lanketa luze baten emaitza izan da, elkarlan handikoa. Kontrastatu egin da EHUko Giza Eskubideen eta Boteren Publikoen Katedrarekin eta erakunde publikoekin ere egin dira kontrasteak. Eusko Jaurlaritzan eta Biltzen, Integaziorako eta Kultur Arteko Euskal Zerbitzuan lanketak egin dira eta udalerri maila kontraste saioak ere egon dira. Europar mailan ere ekarpenak jaso dira alor horretarako eragileekin.

Lehen kanpaina

Planarekin lotutako lehen komunikazio kanpaina ere aurkeztu dute gaur. Gipuzkoan  aniztasuna ospatzeko kanpaina da, sare sozialen bitartez eta gazteenengana heltzeko helburuarekin. Kanpainan aniztasunaren askotariko aukerak emoji lengoaiaren bidez adierazten dira (mugikorretan instalatzen den ideograma eta emotikonoek osatzen duten teklatua, mezularitza aplikazioetan erabilia gehien bat). 

 

 

  

1342