Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aurrekontuak egiteko “modu berria” aurkeztu du Aldundiak Donostian

Aurrekontuak egiteko “modu berria” aurkeztu du Aldundiak Donostian

Aurrekontu Irekiak aurkezteko eta herritarrengana gerturatzeko, informazio karpa bat jarri da Loiola kalean. Aurrekontuei buruzko gipuzkoarren iritzi eta ekarpenak urriaren 14ra arte jasoko dira

2016/09/30

Aurrekontu Irekiak izeneko partaidetza prozesua aurkezteko Aldundia egiten ari den herriz herriko kanpaina Donostiara iritsi da gaur. Urriaren 14ra arte lurralde osoko 16 udalerritan ipintzen ari da informazio gune bat eta han, Aldundiko teknikarien eta informatzaile talde baten laguntzarekin, 16 urtetik gorako herritarrek 2017 urterako aurrekontuei buruzko iritzia emateko eta ekarpenak egiteko aukera dute. Herritarren ekarpenak aurrekontu proposamenarekin batera aurkeztuko den memoria baten jasoko dira, prozesuaren amaieran, eta erabakitakoaren kontu emango da.

Ahalik eta gipuzkoar gehiengana heltzeko helburua dauka kanpainak. Zuzenean 2.500 lagunengana iristea espero da. Lasak azpimarratu du nahia dela “lehen eskutik jakin ahal izatea herritarrek Aldundian erabakitzen diren politiken gaineko iritzia” zein den. “Galdetzearekin batera, erantsi du, “gipuzkoarren ideia eta proposamen berriak” jaso nahi ditu Aldundiak, “aurrekontuan txerta daitezen”.

Ibilbide horretan, Donostia izan da gaur seigarren geltokia. Egun osoan Loiola kalean jarritako karpan, Imanol Lasa, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, nabarmendu du ekimen hau, “Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuak egiteko modu berria” dela. Donostiarren proposamenak, lehentasunak eta iradokizunak entzuteaz bat, Lasak bilera eduki du Jaime Dominguez Macaya eta Jon Insausti Udaleko zinegotziekin.

Aurrez aurreko kanpainaren barruan, Aldundiko bozeramaileak 20 topaketa inguru eduki ditu orain arte Gipuzkoako eragile eta ekonomiko sozialekin: ekintzaileak, eskola eta unibertsitateko irakasleak, jubilatuak… Atzo, esaterako, boluntariotza arloko eta hirugarren sektoreko 40 bat ordezkarirekin batzartu zen Caritasek Ategorrietan duen egoitzan, osasun mentalari, adinekoen arretari edota giza bazterketari lotutako arloetan dihardutenak.

Kontaktu errondak orain arte izandako emaitzekin “oso gustura” agertu da, helarazten ari zaizkion ideia eta hausnarketen “aberastasunagatik eta interesagatik. Azpimarratzekoa da, inbertsio handiez edo diru-atal berriez harago, Gipuzkoako herritarrek partaidetza maila handiagoa eskatzen dutela politika publikoen garapenean. Komunikazio kanal berriak eta finkoagoak nahi dituzte, eta proiektuen diseinuan zein garapenean beraien iritzia kontuan hartzea.

Ekonomia eta etorkizuna izaten ari dira, oraingo honetan ere, Aurrekontu Irekien prozesuaren barruan gipuzkoarrak adierazten ari diren kezka nagusiak. “Adostasun handia dago beharrezkoak direla ideia berriak eta bitarteko gehiago enplegua eta jarduera ekonomikoa sustatzeko, eta erakundeok enpresa eta ekintzaileengandik gertu egon behar dugula hori lortzeko. Eta baita ere derrigorrezkoa dela etorkizunari begira jasangarria izango den gizarte arretarako eredua definitzea”.

Ildo horretan, Etorkizuna Eraikiz egitasmoa izaten ari den harrera ona nabarmendu du Lasak. “Izan ere, gizarte bezala dauzkagun erronka partekatu horietan jartzen du, hain zuzen, jopuntua. Denoi eragiten diguten kontuetan: laneko kontziliazioa, biztanlegoaren zahartzea, langileen parte-hartzea enpresetan… Proiektu berritzaile guzti hauek bultzada nabarmena izango dute datozen hilabeteetan, Lurraldeko herritarren eta eragile esanguratsuenen inplikaziotik abiatuta”.

Hilaren 14ra arte egin ahalko dira Aurrekontu Irekien barruan ekarpenak eta, horretarako, karpetako partaidetzaz eta etxez etxe banatutako esku orriak betetzeaz gain, webgunearen bitartez har daiteke parte, Gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean.

 

  

1251