Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aurrera doa Koldo Mitxelena Kulturunea (KMK) zaharberritzeko prozesua: dagoeneko esleitu dira Jarduera Aretoa birgaitzeko lanak

Aurrera doa Koldo Mitxelena Kulturunea (KMK) zaharberritzeko prozesua: dagoeneko esleitu dira Jarduera Aretoa birgaitzeko lanak

Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, "Koldo Mitxelenaren zati bat eraberritzea legegintzaldiko kultura arloko proiektu estrategikoa da, eta 2026an aire berrituta irekiko ditu ateak, ekipamendu publiko, bizi eta guztientzako irisgarri izateko bokazioa indartuz."

2025/04/28
Cultura

Koldo Mitxelena Kulturuneak (KMK) urrats erabakigarria egin du bere berritze prozesuan, duela gutxi Jarduera Aretoa birgaitzeko obra esleitu baita, esku hartzeko geratzen zen espazio bakarra. Areto hori goitik behera berrituko da irisgarritasuna, ekipamendua eta funtzionaltasuna hobetzeko, baina egungo erabilerei eta Gipuzkoako bizitza kulturalaren funtsezko topagune bihurtu duen espirituari eutsita.

Hala adierazi du gaur goizean egindako bisitan Goizane Álvarez Kultura diputatuak, Isaac Palentzia Kultura Sustapeneko zuzendaria, Patxi Presa Kultura Sustapeneko eta KMK-ko zerbitzuburua, Yolanda Zorita foru arkitektoa eta Jovino Martínez obra zuzendaria ere bertan zirela. Obrak 10 milioi euro inguruko kostua izango du, eta 2026ko udaberrirako amaituta egongo dela aurreikusten da.

Álvarezek azpimarratu duenez, "Jarduera Aretoaren berritzeko obraren esleipena inflexio puntu bat da obraren prozesuan. Espazio hori beti izan da herritarrek bizitza kulturalean duten parte-hartzearen ikurra, eta orain eraldatu egingo da, eginkizun hori betetzen jarraitzeko, baldintzak hobetuta eta aukera gehiago eskainita. Koldo Mitxelenaren zati bat eraberritzea legegintzaldiko kultura arloko proiektu estrategikoa da, eta 2026an aire berrituta irekiko ditu ateak, ekipamendu publiko, bizi eta guztientzako irisgarri izateko bokazioa indartuz”

Lau solairutan banatutako 7.200 metro koadroko eraikin enblematikoa 2023ko ekainean itxi zen, ia 30 urte irekita egon ondoren, ordurako zaharkituta zeuden instalazioen eraberritze partzialari aurre egiteko, teilatuko ur-iragazketak konpontzeko eta irisgarritasunari dagokionez indarrean dagoen araudira betetzeko.  

Arkitektura Zerbitzuak txosten teknikoetan azaldutakoaren arabera, azpiegitura oso hondatuta zegoen eta eraberritzeko premia larria zuen, eta, hain zuzen ere, egora horrek bultzatuta hartu behar izan zen instalazioa eguneratzeko erabakia. Hala ere, "premia hori kultura zentroa birpentsatzeko eta azken hamarkadetan bizi izandako eraldaketa soziokulturaletara egokitzeko aukera bihurtu da: digitalizaziotik hasi eta sorkuntza, kontsumo eta parte-hartze kulturalerako modu berrien sorreraraino, baina instalazioaren funtsa galdu gabe; izan ere, egunero mila pertsona inguru igarotzen dira bertatik, eta jendeak oso iritzi ona du kulturuneari buruz, Gipuzkoa osoa hartuta, onenen artean dago" adierazi du diputatuak.

Horrela, lanek azpiegiturak modernizatzeko, espazioak berrantolatzeko eta zerbitzuen eskaintza eguneratzeko aukera ematen dute.

Esku-hartze nagusiak

Eraberritu ondoren, eraikina instalazio argitsuagoa, irisgarriagoa, erosoagoa eta seguruagoa izango da. Gainera, erabiltzaileak eskura dituen metro karratuetan irabaziko du. Zehazki, 620 metrotan: 109 metro beheko solairuko bi patioetan; eta 511 metro karratu bigarren solairuan, ikertzaileentzat eta ondare-funtsentzat.

Honako lan hauek egiten ari dira:

  • Estalkia, sabai-leihoak eta instalazioak erabat berritzea, eraginkortasun energetikoa eta erosotasuna hobetzeko.
  • 1912ko jatorrizko fatxadak zaharberritzea.
  • Irisgarritasun unibertsala bermatzea, bi igogailu jarrita eta sarbideak hobetuta.
  • Beheko solairuko patioetan, zoruak itxi eta espazio berriak sortzea.
  • Paraninfo zaharra erabilera orokorreko irakurgela (liburutegia) bihurtzea, mugatua ez dena, eta Lagun Aretoa izena hartzea.
  • Ikertzaileentzako eremu berri bat sortzea bigarren solairuan, lehen Aldundiko Kultura Departamentuaren bulegoak zegoen lekuan.
  • Argiztapena, barne akaberak eta espazio komunen diseinua hobetzea, hala nola atondoa.

Berrikuntzarekin batera, eraikinean egiten diren jarduerak beste modu batera antolatuko dira, solairuka, hain zuzen, "soinu-eskala" bati jarraituz, horrela, optimitzatu egingo baita jarduera jakin horren esperientzia (irakurtzea, ikastea, ikertzea eta parte-hartzea).  Beheko solairuko erakusketa eremuetatik hasi eta gazteentzako, literaturarako edo ondarerako espazio berrietaraino.

Herritarren zerbitzura dagoen KMK berria

Proiektuaren mugarrietako bat izango da Fondo Gordeen Gela zena jende guztiarentzako irekita egongo den espazio bat bihurtuko dela. Espazio horrek erreferentzia bihurtu nahi du eraikinaren barruan, eta, horretarako, literaturaren eta ezagutzaren eremuetan lan egingo du, egileekin, profesionalekin eta adituekin lankidetzan proposamenak landuz, haiek aldian behin aurkezten dizuten gai eta bibliografiak kontuan izanda. Espazioak omenaldia egingo dio Lagun liburu dendari, bere garaian, elkarrizketarako, ideia aniztasunerako eta hausnarketarako topagunea izan baitzen.

Gainera, programazioa eta KMK-ko zerbitzuak berritu egingo dira, kultura errealitate eta ohitura berriei erantzuteko.

  • Hitzaren, eztabaida sozialaren, hausnarketaren eta pentsamendu kritikoaren inguruko lan ildoa indartuko da.
  • Programa batzuk, hala nola Dialologos de cineastas edo Mintza Lagun, Crossover edo Lumafest jaialdiak sendotuko dira.
  • 2025ean, kultura ohituren azterketa egingo da, programak eta zerbitzuak egokitzeko.
  • KMK Donostiaren lurralde esparrutik harago eramango da, eta sareko lanaren aldeko apustu argia egingo da horretarako.
  • Gipuzkoako ondare dokumental eta bibliografikoari duen balioa aitortuko zaio.

Hala, obrak egiten diren bitartean, eta eraikina berriz martxan jarri arte, KMK-ko zerbitzuek hainbat tokitan banatuta jarraituko dute:                                       kultura programazioa Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan eskainiko da; mailegu zerbitzua, berriz, Errege Katolikoen kaleko 18. zenbakian; eta funtsa osatzen duten 300.000 dokumentuek Oñatiko Artxibo Historikoan gordeta jarraituko dute.

  

4032