Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Autismoa duten pertsonentzako lehen zentroa zabaldu du Gautenak Urola Erdian

Autismoa duten pertsonentzako lehen zentroa zabaldu du Gautenak Urola Erdian

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Azpeitiko Udalak eta Gautenak egoitza eta eguneko zentroko 28 plaza ireki dituzte Azpeitian, Autismoaren Espektroko Nahasmena duten pertsonentzat.

Autismoaren espektroko nahastea duten pertsonentzako zentro berria abian da gaurtik aurrera, ekainak 21, Azpeitian. Olatzondo zentroak 14 plaza ditu bi komunitate-etxebizitzetan eta beste 14 eguneko arretarako, Urola Erdiko autismoa duten pertsonei eta haien familien beharrei erantzuteko. Zentroa Loiolabiden kokatuta dago, Gautenak kudeatzen du, plaza guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta daude, eta baliabide hori kokatuta dagoen lokalak Azpeitiko Udalak laga ditu.

Irekiera berri honekin, Gautenak bere lehen zentroa zabaldu du Urola Erdia eskualdean, 14 egoitza-plazarekin eta eguneko arretarako beste 14rekin. Lehenengo zazpi pertsonak gaur, ekainak 21, sartu dira instalazio berrietan bizitzera, eta beste zazpiak uztailaren 5ean sartuko dira, modu mailakatuan, sarrera-prozesua eta ingurune berrira egokitzea errazteko. Olatzondo zentroa Azpeitiko Loiolabide inguruan dago kokatuta, kalean bertan, komunitatearekiko lotura indartzeko eta eguneroko jardueretan parte hartzea eta inplikatzea errazteko.

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak gogorarazi duenez, 28 plaza berri horiek Gautenak jada Gipuzkoan kudeatzen dituen 200 plazei gehitu behar zaizkiela; horietatik, 92 egoitza-arretakoak dira eta 136 eguneko zentroetan daudenak. Eguneko arretaz eta etxebizitzetako arretaz gain, Gautenak programa zabalak ditu aisialdirako, denbora librerako, hezkuntzarako, diagnostikorako, tratamendurako eta familiei laguntza emateko. Diputatuak nabarmendu nahi izan du Gautenak autismoaren nahasmena duten pertsonen alde egiten duen lana: "Gipuzkoan erreferente dira, prestigio handia dute eta autismoa duten pertsonekin eta haien familiekin egiten duten lan guztia bermatzen duen ibilbidea dute".

Foru Aldundiko arduradunak gaineratu duenez, "autismoa duten pertsonen beharretara egokitutako zerbitzua da, familiei ere laguntzen diena, bizikidetza-unitate txikietan banatuta dagoena eta komunitateari oso lotuta". Gainera, Maite Peñaren hitzetan, Olatzondo errealitate da erakunde publikoen eta hirugarren sektore sozialaren arteko elkarlanari esker, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Azpeitiko Udalaren eta Gautenaren artekoa, eta eskerrak eman dizkie inplikatutako alde guztiei.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Gautenaren zerbitzuak herrian izatea “pauso garrantzitsua” dela nabarmendu du. Zerbitzu berri horren bidez herriko zein eskualdeko autismoa duten pertsonen zein beren familien bizi kalitatea hobetzeko baliabide publikoa izango da. “Denontzako Azpeitia eraikitzeko bidean, behar bereziak dituzten herritarrak eta familiak bertan zainduak izateko aukera izatea garrantzitsua da guretzat”, gaineratu du. Horretaz gain, Azpeitian lanpostuak sortu direla ere nabarmendu du: “16 lanpostu sortu dira Gautenan zerbitzua emateko eta horietako erdiak baino gehiago eskualdekoak izango dira. Horrek ere garrantzia handia du udalarentzat”.

  

1998