Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azahara Domínguezek Urola Kosta bisitatu du eskualdeekin bilera turistikoen errondarekin jarraituz

Azahara Domínguezek Urola Kosta bisitatu du eskualdeekin bilera turistikoen errondarekin jarraituz

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua Urola Kostan izan da, zer erakargarritasun turistiko dituen eta haien inguruan zer behar eta dauden ezagutzeko. Gainera, eskualdeko hainbat alkaterekin eta turismo-ordezkarirekin bildu da. Eskualdeko industria turistikoa, bere beharrak, jasangarritasunaren zeharkako ardatza eta tokiko kultura eta tradizioa izan dira jardunaldi osoan zehar.

2024/03/15
Azahara Domínguez Urola Kosta bisitatzen

Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua: "Eskualde bakoitzeko indarguneak eta beharrak ezagutu behar ditugu, eta bertako eragileekin harreman zuzena eta etengabea izan behar dugu; izan ere, horrela bakarrik ulertuko ditugu turismo-sektoreak lurralde osoan dituen beharrak".

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek Gipuzkoako alkateekin eta turismo-eragileekin bilerak egiten jarraitu du. Gaur Urola Kostara joan da, dauden beharrak eskualdeko ordezkariekin batera aztertzeko. Era berean, topaketan hainbat gai jorratu dira, hala nola turismo-jardueraren jasangarritasuna, kultura eta tokiko tradizioa.

Hau da diputatuaren seigarren bisita eta datozen hilabeteetan egingo dituenekin amaiera emango die bisitaldi horiei. Topaketa horien helburua da lurraldea bere osotasunean planteatzen duen turismo-sektorearen inguruko aukeren eta beharren ezagutzan sakontzea.

" Diputatu naizen aldetik, kezkatzen nau garatzen ditugun jarduera politikoek herritarren ongizatean eragina izateak, eta hori funtsezkoa da turismoa bezalako arlo batean. Eskualde bakoitzaren indarguneak eta beharrak bertatik bertara ezagutzeko lan egiten dugu eta, horretarako, eskualdeko eragileekin harreman zuzena izan behar dugu”, adierazi du Azahara Domínguezek.

Itsas tradizioa eta natura

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuaz gain, Aiako, Zumaiako, Getariako eta Orioko alkateak, Jon Ander Azpiroz, Iñaki Ostolaza, Haritz Alberdi eta Anuska Esnal, hurrenez hurren, Ion Arozena Urola Kostako Mankomunitateko presidentea, Leire Arana Zarauzko Turismo, Jaiak eta Ekitaldiak, Tokiko Garapen Ekonomikoa, HAZ eta Partaidetzako zinegotzia, Esther Facchin Zarauzko turismo teknikaria, Esti Lizarreta Aiako turismo arduraduna, Marivi Aranguren Getariako turismo teknikaria, Adrian Garcia Orioko turismo teknikaria eta Elena Eizaguirre eta Iratxe Julio Urola Kostako Mankomunitateko ordezkariak izan dira bileran.

Bisita Getariako Juan Sebastian Elkanoren monumentuan hasi da, eta bertatik abiatu dira, kale nagusitik, Zarautz Jauregirantz. Bertan, herriko turismo bulego berria hartuko duten instalazioak ezagutu dituzte, baita Elkanori eskainitako gunea ere. Handik, taldea Zarautzera joan da, eta Santa Barbara auzoko dorreak eskaintzen dituen ikuspegi panoramikoez gozatu du. Ondoren, kostaldeko herrigunera joan dira, eta han merkatua bisitatu dute. Zarautz utzi ondoren, Aiara joan dira, eta, bertan, alde zaharra ezagutu dute. Ondoren, Ardi Jolasa izeneko jolas pedagogiko originala ikusteko aukera izan dute. Jolas honek 63 laukiko ibilbide baten bitartez, herriko egunerokotasuna, auzoak, ohiturak, tokiko pertsonaia historikoak, kirolariak eta baserrietan erabiltzen diren tresnak erakusten ditu, besteak beste. Azkenik, San Esteban parrokiako kanpandorrea bisitatu dute.

Eskualdeko bisitaldia amaitzeko, taldea Oriora joan da eta bertan Mutiozabal ontziola ezagutzeko aukera izan dute.

"Eskualde bakoitzeko erakargarritasunak, indarguneak eta beharrak bertatik bertara ezagutzea eta alkateekin eta arduradun turistikoekin harreman zuzena eta etengabea izatea funtsezkoa da lurralde osoan dauden beharrak ulertu ahal izateko, baina baita estrategia egoki bat bultzatzeko ere", nabarmendu du diputatuak. Gainera eskerrak eman dizkie bisita hau ahalbidetu duten pertsona eta toki entitateei, Gipuzkoako turismoaren alde erakutsitako arretagatik eta jarrera onagatik.

  

741