Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azken orduetan COVID-19 zuten adineko bi egoiliar hil dira

Azken orduetan COVID-19 zuten adineko bi egoiliar hil dira

Dagoeneko 14 dira gaixotasuna gainditu duten adinekoak, eta azken orduetan egindako PCR probek lau kasu positibo antzeman dituzte.

Azken orduetan, Donostiako Alai-Etxe zentroan bizi ziren adineko bi pertsona hil dira COVID-19rekin. Bestalde, beste zortzi lagunek, guztiak Hernaniko Santa Maria Magdalenan bizi direnak, gaixotasuna gainditu dute; eta azken orduetan egindako PCR probek bi kasu positibo antzeman dituzte Bergarako Mizpirualden, bat Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzan eta beste bat Hernaniko Santa Maria Magdalenan.

Gaur egun, Gipuzkoako egoitza-zentroen erabiltzaileen artean, 55 COVID-19 kasu positibo daude, 65 zentrok eta 5.425 plazek osatzen duten sarean: Donostiako Hermano Garate – San Ignacio (1), Hernaniko Santa Maria Magdalena (26), Errenteriako Jesusen Bihotza (17), Donostiako Alai-Etxe (9) eta Bergarako Mizpirualde (2). 11 pertsonak ospitaleko arreta behar dute eta ospitaleratuta daude, eta beste 29 Eibarko Ospitaleko gizarte-instalazioan ari dira artatuak izaten, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuen arretarako erreferentziazko zentroan. Joan den abuztuaren 11n lehen positiboak eman zirenetik, 14 adinekok gainditu dute gaixotasuna, eta 20 hil egin dira.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileei dagokienez, gaur egun 60 langilek daude COVID-19an positibo emanda 22 zentrotan, eta 44 pertsonak gainditu dute jada gaixotasuna. Bestalde, eta COVID-19k Gipuzkoako gainerako gizarte-baliabideetan duen eraginari dagokionez, azken astean bi kasu positibo eman dira adinekoen eguneko zentroetan, eta, beraz, gaur egun 14 positibo daude 9 zentro desberdinetan.

Desgaitasuna duten pertsonen arretari dagokionez, azken astean 10 positibo atzeman dira, sei egoitza-zentro batean eta lau eguneko zentro batean; eremu horretako foru-sarea 412 egoitza-plazaz eta 474 etxebizitza plazaz osatuta dago. Bestalde, kasu bat antzeman da gizarteratze-sarean, 54 baliabidek osatzen dutena, 225 plaza egoitzetan eta 192 etxebizitzetan.

Azkenik, egindako PCR probei dagokienez, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, irailaren 19ra arte, 13.262 proba egin ditu, azken astean 1.052.

Bisitak eta irteerak egoitzetan

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak prestatu duen zentro soziosanitarioetan COVID-19aren Zaintzarako eta Kontrolerako Protokoloari dagokionez, Gipuzkoako egoitza-zentroetako erabiltzaileek bisitak jasotzen jarraituko dute, bai eta kanpora irteerak egiten ere, baldin eta zentroaren beraren eta udalerriaren egoera epidemiologikoak horretarako aukera ematen badu. Arlo horretan eskumena duten hiru foru-aldundiak arduratzen dira neurri horien garapena koordinatzeaz.

Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen egunetan Foru Agindu bat argitaratuko du, eta bertan jasoko ditu zein baldintzatan eman beharko diren bai bisitak bai irteerak. Gipuzkoako egoitzetan bisitak kasu positiborik ez duten zentro guztietan egiten jarraitu ahal izango da, bisita bakoitzean pertsona bat egon ahal izango da gehienez, eta ez da zertan pertsona bera izan beharko bisita guztietan, astean bi egin ahalko dira, ordubetekoak izango dira, eta bisita presentzialak medio telematikoekin konbinatuko dira. Neurri horiek, pandemia hasi zenetik, ez dira aplikatzen bizitzaren amaierako prozesuan dauden pertsonen eta narriadura kognitiboa duten pertsonen kasuan, non, kontaktu fisikoa ahalbidetzen den, betiere segurtasuna zorroztuz. Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko egoitza-zentro guztiei eskatu die beren bisita-planak egiteko, eta foru-ikuskaritzako taldea plan horiek berrikusten ari da.

Bestalde, eta egoitza-zentroetako erabiltzaileen irteerei dagokienez, zuhurtasunetik eta erantzukizun partekatutik abiatuta, egoera epidemiologikoak ahalbidetzen duen zentro guztietan egiten jarraitu ahal izango da. Kasu guztietan, espazio itxi eta jendetsuak saihestuko dira, eta lehentasuna emango zaie ibilaldi terapeutikoei, astean bitan, egoitza-zentroaren inguruan, ordubeteko iraupenarekin eta egoiliar bakoitzeko gehienez ere bi pertsonaren laguntzarekin.

  

1265