Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azken zazpi hamarkadetan Donostian desagertuz joan diren eraikinak gogora ekarriko ditu erakusketa batek

Azken zazpi hamarkadetan Donostian desagertuz joan diren eraikinak gogora ekarriko ditu erakusketa batek

Galdu genuen hiria.

2017/12/20

Galdu genuen hiria. Hiri ondarearen kudeaketa Donostian, 1950-2017 izeneko erakusketak 13 auzotan barrenako ibilbide bisual bat egiten du ondare eraikiaren bidez.

A Fine Line erakusketan Israelgo, Kolonbiako, Indiako, Errusiako eta beste herrialde batzuetako arkitekturako profesionalek mugen kontzeptuari buruz sortutako 36 irudi daude ikusgai.

Bi erakusketa horiek izango dira Santa Teresa komentuak hartuko dituen lehenak, eta MUGAK - Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren lehen edizioan inauguratuko diren azken biak.

MUGAK – Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak lehen edizioko azken bi erakusketak inauguratuko ditu ostiralean, hilak 22, Santa Teresa komentuan. Erakusketa horietako batek, Galdu genuen hiria. Hiri ondarearen kudeaketa Donostian, 1950-2017 izenburudunak, azken hamarkadetan desagertu diren Donostiako eraikin ezagunak erakutsiko dizkigu. Áncora elkartea da erakusketaren komisarioa. Bigarren erakusketak A fine line: Scenarios of bordering conditions du izena, eta Atarik Bienalaren inaugurazio astean mundu osoko 16 arkitektura estudiok bidalitako materialarekin antolatu zuen lantegi baten emaitza da. Biak egongo dira ikusgai ostiraletik 2018ko urtarrilaren 28ra arte, Bienalaren edizio hau amaitu arte.

Erakusketen aurkezpenean izan dira honako hauek: María José Tellería, Foru Aldundiko Kultura arloko zuzendaria, eta Pedro Astigarraga, Bienalaren komisarioa. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, MUGAK Bienalaren antolatzailea da.

Galdu genuen hiria. Hiri ondarearen kudeaketa Donostian, 1950-2017 erakusketak ibilaldia egiten du Donostiako auzoetan barrena, eta herritarren memorian baino ez dagoen hiriari eskaintzen dio arreta, azken zazpi hamarkadetan desagertuz joan diren eraikinei.

Martutene, Igeldo, Altza, Amara, Antigua edo Ibaetatik igarotzen den ibilbideak ez dio hiriko ondare ikonikoari bakarrik erreparatzen; aitzitik, Donostiako gune enblematikoenetatik haratago joan nahi du, eta beste obra mota batzuen balioa azpimarratu.  Hiriko hiri ondareak barne hartzen ditu ondare industrialaren adibideak, edo herri arkitekturarenak, hala nola baserriak, “zeinak merezi duten euren garrantzia azpimarratzea”, Áncorak azaldu duenez. Erakusketak berrehun elementu bisual biltzen ditu, hala nola argazkiak, herritarrek eskura izan ez dituzten plano originalak eta balio historikoko marrazkiak, La Perla eraikinaren hiru metro luzeko akuarela bat, besteak beste. Osagai horiek guztiek xedetzat dute “hausnartzea nola erabiltzen duten hiriek ondare eraikia ondare horren balioa aldarrikatzeko”.

Galdu genuen hiria  Ancora elkarteak hautatu dituen 700 irudi bilduma bisual bat da –Donostiako Udal Agiritegiko, Kutxako Fototekako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Diario Vasco egunkariko irudiak biltzen ditu, besteak beste–,  xedea azken hamarkadetan desagertuz joan den ondarea identifikatzea eta horren garrantzia nabarmentzea da. Hortaz, 1950etik gaurdaino desagertutako ehun bat eraikinen bidez, ezagutzera eman nahi da galdutako ondarea, eta ohartarazi “beharrezkoa dela ondarea kudeatzeko tresnak hobetzea, arkitektura nortasuna eta bizi kalitatea sortzen dituen tresna baita”. 

Ibilbidea amaitzeko, atal kronologiko bat dago; bertan, urteka antolatuta ikus daiteke desagertuz joan den ondarea "eta oraindik desagertzen ari dena", erakusketaren sortzaileen hitzetan, zeinak bilduma honetan sartu dituzten beste eraikuntza batzuk ere, hemendik gutxira "zerrendako hurrengoak izan daitezkeenak".  Beste atal batean, Áncorak Donostiako ondare sinbolikoaren desagerpenari lotuta hirian sortu diren gizarte mugimenduak eta herritarren mobilizazioak nabarmentzen ditu. Mugimendu horien adibide dira Tomas Grosen etxeari (hari zor dio izena auzoak), gas fabrikari, Arbide dorreei edo Kursaal kasinoari lotutakoak, zeinak eragin duten "herritarren erantzun nabarmena eta ondarea babesteko elkarteen sorrera”.  

Datozen asteetan, katalogo batean bilduko da lana, eta herritarren eskura egongo da.

 A fine line: mugei buruzko gogoeta

Galdu genuen hiria erakusketarekin batera, ikusgai egongo da urtarrilaren amaierara arte A fine line: Scenarios of bordering conditions izenekoa ere, arkitekturari eta mugei buruzko ikerketa proiektu baten emaitza. Proiektu horretan arkitekturaren arloko hainbat herrialdetako profesionalek eta Donostiako zenbait pertsonak parte hartu dute, Atarik azaroaren hasieran MUGAK Bienalaren baitan antolatu zuen lantegi baten bidez.

Gogoetan parte hartu duten nazioarteko 16 arkitektura estudioentzat mugak zer diren erakutsiko du ikus-entzunezko erakusketak. Estudio horiek guztiek harreman estua dute mugekin –Palestina, Israel, Kolonbia, Errusia edo India–, edo eskarmentu handia dute arkitekturan oinarritutako esperimentazioan. Haientzat mugak zer diren azaltzen duten irudiak, bideoak eta testuak biltzen ditu erakusketak. Proposamenen artean daude, adibidez, Borderland izeneko irudizko herrialde bat, nazio baten muga amaitu eta ondoko nazioaren muga hasten den tokian dagoena, inorenak ez diren lur zentimetro edo metro horietan, edo aireari berari buruzko gogoetak, herrialdeen arteko mugak zeharkatzen dituenean norena ote den aztertzen dutenak.

Guztira 16 bideo dira, muga proposamen bakoitza laburtzen dutenak, eta sei minutuko erakusketa bat osatzen dute; era berean, hori sinkronizatuta dago Donostiako herritarrek sortutako ikus-entzunezko beste erakusketa batekin, zeinak biltzen dituen 16 lan grafiko, gogora ekartzen dituztenak gonbidatutako estudioen muga kontzeptuari buruzko ideiak. Ikus-entzunezko 32 piezekin bi aldeen arteko "elkarrizketa bat eraiki" nahi izan da.

Maite Borjabad, Lluís Alexandre Casanovas, Enrique Espinosa eta Lys Villalba izan dira proiektuaren komisarioak, eta Jorge López Conde, berriz, zuzendari artistikoa, eta hogeita hamar bat pertsonak parte hartu dute proiektuan zehar. “Gaur egun muga hitzak izan ditzakeen esanahiak azaltzeko moduak dira; izan ere, kontzeptuak ikuspegi anitz ditu, lurralde mugei eta muga politikoei buruzko ohiko ikuspegiak gainditzen dituzten ikuspegi anitz. Gauza gehiagok ere bereizten gaituzte, askoz gehiagok", adierazi dute komisarioek. A fine line erakusketaren helburua da “elkarrizketa eta eztabaida sustatzea, espekulaziorako aukera ematea eta arkitektura materiatik eta geometrikotik haratago doala erakustea". 

  

1763