Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Azterlan batek ahalduntze eskolek emakumeen osasunari eta autoestimuari ekarritako onurak egiaztatu ditu

Azterlan batek ahalduntze eskolek emakumeen osasunari eta autoestimuari ekarritako onurak egiaztatu ditu

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Pepa Bojó psikoterapeutak egindako ikerketak agerian utzi du, orobat, ahalduntze prozesuetan parte hartzen duten emakumeen artean aldaketak daudela, berdintasun handiagoko harreman pertsonal batzuk lortzeko bidean

2023/01/16
Gipuzkoako ahalduntze - taldeak aurkezpena

Gipuzkoako Aldundiak, gaur, Pepa Bojó psikoterapeutaren Grupos de empoderamiento de Gipuzkoa: motivación para participar y cambios reseñables txostena aurkeztu du Donostian. Txostenaren helburua da ezagutzea zer onura dituzten ahalduntze prozesuek osasunean eta nabarmentzea zer-nolako garrantzia duten ahalduntze prozesu horiek «emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko funtsezko faktore diren aldetik». Azterlanaren egileak gaur prentsaurreko batean jakinarazi duenez, lurraldeko hainbat udalerritan ahalduntze tailerretan parte hartzen duten emakumeen herenek baino zertxobait gehiagok (% 33,8) adierazi dute autoestimu eta segurtasun pertsonal handiagoa duela, eta % 24,4k, berriz, beren premiei buruzko erabaki gehiago hartzen dituztela, besteak beste.

Berdintasuneko foru zuzendariak, Nerea Isasik, azpimarratu du azterlan honek «garrantzi handia» duela, xehetasun handiagoz ezagutu ahal izateko zein ekarpen adierazgarria egiten duten ahalduntze eskolek gero eta berdintasun handiagoko Gipuzkoa bat eraikitzeko, zeinean emakumeek «askatasunez eta berdintasunean» garatu ahal izango dituzten beren bizitzako eta lanbideko ibilbideak. Berdintasun politika publikoetan lurralde aitzindaria izaten jarraitu nahi dugu, eta, horretarako, funtsezkoa da erakundeen eta berdintasunarekin eta feminismoarekin lotutako gizarte sarearen arteko lankidetza; gainera, oso eginkizun garrantzitsua betetzen dute ahalduntzearen ikuspegitik.

Isasik gogorarazi duenez, Aldundiaren helburu estrategikoetako bat da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Foru Planaren esparruan, «Gipuzkoako emakumeen ahalduntze pertsonal eta kolektiboan laguntzea», eta, beraz, norabide horretan lan egiten jarraitzeko konpromisoa azaldu du. «Alderdi hori funtsezkoa da, ez soilik Gipuzkoako emakumeen bizitzak eta ongizatea hobetzeko, haien osasun fisiko eta emozionala hobetu eta berdintasun handiagoko harreman pertsonalak izan ditzaten, azterlan honek agerian utzi duen bezala, baizik eta baita Gipuzkoa bidezkoago eta berdinzaleago bat eraikitzeko ere», baieztatu du.

Gipuzkoako ahalduntze eskolak

Argitalpenak jasotzen duen bezala, Gipuzkoan ahalduntze eskola ugari daude, baina badira hainbat udalerri eskola formalik izan gabe urtero ikastaroak eta tailerrak antolatzen dituztenak berdintasun alorren bitartez, esperientzia horri nolabaiteko jarraitutasuna eta egonkortasuna eman nahian. Espazio horiek baliabide materialak eta humanoak eskaintzen dituzte, ahalduntzea sustatzen duten jarduerak antolatuz, eta haietan dinamika eta metodologia feministak sortzen dira, eta jakintzak partekatzen, alderdi teorikoak garatzen eta trebetasun berriak ikasten, ikasitakoa zalantzan jarriz eta konponbideak bilatuz.

Azterlaneko datuak galdetegi baten bidez jaso ziren, eta harekin batera, beren iruzkinak eta gogoetak azaldu zituzten ikertzaileak berak 2018ko martxo-ekainetik 2019ko ekainera bitarte zenbait udalerritan, hala nola Arrasate, Azpeitia, Oñati, Tolosa, Trintxerpe, Urnieta, Usurbil eta Zarautzen, zuzendutako tailerretan parte hartu zuten 115 emakumek. Azterlanak maila pertsonalean eta harremanen mailan izan zituzten aldaketak jorratzen ditu, ahalduntze kolektiboan izandako aldaketak aztertu gabe, nahiz eta horiek egiaztagarriak eta agerikoak izan kasu askotan.

Argitalpenean jasotzen denez, 40 eta 69 urte bitarteko emakume helduek parte hartzen dute maizen, baina pixkanaka ari dira 40 urtetik beherako eta 70 urtetik gorako emakumeak ere gehitzen. Laginean parte hartu duten emakumeen herenek baino zertxobait gehiagok (% 34,3) adierazi dute osasuna dela ikastaroetan parte hartzeko arrazoi nagusia, eta besteen aurretik nabarmendutako arrazoia da hori; ondotik datoz «ohiko ingurunetik irtetea eta beste emakume batzuekin harremanak izatea» (% 24), feminismoan sakontzea eta emakumeen errealitatea ezagutzea (% 20,6), prestakuntza jasotzea (% 9,8) eta bestelako arrazoi batzuk (% 11,3).

Gipuzkoako zenbait udalerritako ahalduntze ikastaroetan parte hartu ondoren autoestimu eta segurtasun handiagoa dute emakumeen herenek baino gehiagok (% 33,8); bigarren postuan, adierazten dute erabaki gehiago hartzen dituztela beren premien inguruan (% 24,4) eta beren premiak eta lehentasunak ezartzen dituztela (% 22,4). Era berean, emakumeen % 13,9k adierazi dute kontzientzia feminista handiagoa dutela, eta % 4,5ek «beste batzuk» aukera markatu dute. Azterlanak dioenez, aldaketa psikologiko horiek partaideek harremanetan duten posizioa aldatzen dute, eta harremanen jokaleku berri berdinzaleagoak marrazten dituzte.

«Osasuna edozein prozesuren oinarria da»

«Emakumeen ahalduntze taldeekin 25 urtean baino gehiagoan lan egin ondoren, ikusi ahal izan dut haien bizitzan izandako aldaketak agerikoak, iraunkorrak eta egiturazkoak direla, eta munduan egoteko beste modu baten hasiera direla», azaldu du azterlanaren egileak. Gainera, Bojók berretsi duenez, prozesu horiek «osasunaren ondoezarekin» lotutako sintomatologia «hobetzen eta, askotan, desagerrarazten ere laguntzen dute».

Hain zuzen ere, eskoletan parte hartzeko motibazio gisa osasuna aipatu zuten emakumeen artetik, % 42,2k adierazi zuten prozesuak burututakoan egoera emozionalak kudeatzen ikasi zutela; % 31,4k beren autoestimua hobetu zela aipatu zuten; eta % 22,9k, berriz, sintomak murriztu zirela.

«Gaur-gaurkoz, hobeto ezagutzen ari gara zein diren arazo psikologikoetan eragin dezaketen faktoreak eta, batez ere, ikusarazten eta egiaztatzen ari gara zein garrantzitsuak diren faktore sozialak, ekonomikoak eta generoaren arloko faktoreak eta zer-nolako eragina duten gaixotasun psikiko eta emozionalean. Azpimarratu behar da osasuna errekuperatzea dela edozein berregituraketa eta eraldaketa prozesuren oinarria», azaldu du psikoterapeutak.

Halaber, Bojók azpimarratu du txostenak harreman pertsonaletan gertatzen diren aldaketak aztertzen dituela; izan ere, ahalduntze eskoletan denbora daramaten emakumeek adierazten dutenez, «kontzientzia pertsonala eta soziala hartzeaz gain, haien harremanak aldatu egiten direla, ekitate handiagoa lortzeko bidean».

«Garrantzitsua da gainerako erakundeei eta eragileei jakinaraztea zer lan egiten duten udalerriek eskoletan, nola lan egiten duten eta zer eragin duten emakumeen bizitzan, eta halakoetan parte hartzen duten emakumeen prozesuak nolakoak diren ikusaraztea», baloratu du azterlanaren egileak.

Ondorengo estekan topa dezakezue ikerketa: Berdintasunerako baliabideak - Berdintasuna - Berdintasuna (gipuzkoa.eus)

Donostian, 2023ko urtarrilaren 16an.

  

3548