Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea BADALAB Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategiak maiatzean irekiko ditu ateak Errenterian

BADALAB Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategiak maiatzean irekiko ditu ateak Errenterian

Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, hizkuntza berdintasuna indartzen jarraitzea helburu, “elkarlana, berrikuntza eta esperimentazioa” jorratzea ezinbestekotzat jo ditu Markel Olano diputatu nagusiak.

Badalab Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategiak datorren urteko maiatzean zabalduko ditu ateak Errenteriako liburutegi zaharrean, gaur goizean Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, jakitera eman duenez. Aldundiko Diputatuen Kontseiluaren ondoren eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez, erreferentziazko zentro honek oinarrian izango duen partzuergoa uztailean osatu ostean, proiektua “aurrera pauso sendoak eta, batez ere, partekatuak” ematen ari da euskal erakunde publikoetako eta euskalgintza sozialeko ordezkariekin batera eta dagoeneko martxan jartzen ari da bere lehen lan lerroak.

          “Orain arte egindakoak eta lortutakoak izugarrizko balioa du. Euskarak pauso sendoak eman ditu azken hamarkadetan. Erakunde publikoen eta euskalgintza sozialeko eragileen lanari esker, herritarren atxikimenduak bultzatuta, ezagutza mailak gora egin du eta eremu berriak irabazi ditu hizkuntzak. Baina, etorkizunera begiratzen badugu, aurrean dugun mundua sakonki eta bizkor aldatzen ari den honetan, lankidetza, berrikuntza eta esperimentaziorako gaitasuna biderkatu behar dugu”, azpimarratu du diputatu nagusiak, Euskararen Nazioarteko Egunean.

          Olanok adierazi duenez, “lankidetza, berrikuntza eta esperimentazio” gaitasunean eragin nahi du Badalabek, eta geroan sortuko diren “agertoki eta interakzio sistemetan” euskara erabiliko dela bermatzea izango du helburu. “Mundu osoan zabaltzen ari diren teknologia, paradigma sozial eta ekonomiko berriek modu nabarmenean eragiten diete hizkuntza gutxituei eta txikiei, ez hegemonikoei. Euskara ez da salbuespena. Galdera ikur eta desafioen aurrean, hil ala bizikoa da jomuga berriak eta egitasmo berritzaileak urratzea”, gogoeta egin du. Horregatik, “nazioartean aitzindaria eta, gure ustez, bakarra” den esperientzia abiaraziko du Gipuzkoak, “hizkuntzen eta hiztunen arteko berdintasuna” lortu nahi duen edonorentzat “erreferentzia” izango den “esperimentazio gune segurua, ausardia babestuko duena”.

          Euskararen biziberritze prozesuan berrikuntza eta esperimentazioaren aldagaiak txertatzea izango du xede eta, aldi berean, gizarte berrikuntza prozesuetan hizkuntzaren aldagaia kokatzea. Hala nola, euskararentzat aukera berriak identifikatu eta horietan eragiten saiatuko da, eta interakzio forma berriek eskatzen dituzten plaza eta kanal berriekin esperimentatuko du.

          Bide horretan, Badalaben Gobernu Batzordeak joan den ostiralean izendatu zuen proiektua gidatuko duen zuzendaria. Hautapen prozesua garatu ondoren, Goiatz Oiartzabal Lakarra (Pasaia, 1983) aukeratu dute postu horretarako. Industria Diseinuan ingeniari teknikoa (MU) eta Barne Ekintzailetza eta Berrikuntzan nazioarteko masterra (MINN), gizarte berrikuntzan aditua da Oiartzabal. Fagor Taldean ekin zion bere ibilbide profesionalari eta, ondoren, LEINN graduan team coach eta Debagoiena 2030 egitasmoan prozesu arduradun gisa jardun izan du, besteak beste. Laborategiaren lantaldea osatzeko, Gobernu Batzordeak bilera berean onartu zuen hurrengo asteetan zabalduko den beste bi pertsona –“berrikuntza eragile” profilekoak– hautatzeko deialdia.

          Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Badalab “ez dator inor ordezkatzera”, hizkuntzaren, euskararen biziberritzean eta gizarte berrikuntzan “gauza positibo ugari gertatzen ari direlako”, bere iritziz. Aitzitik, ahalegin partekatu horretan bidelagun izango duen ekosistema “anitza eta zabala” sustatuko du, “gobernantza partekatua eta berritzailea” oinarri gisa hartuta. Izan ere, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan dagoeneko hezurmamituko den bederatzigarren proiektu estrategikoa da Badalab –aurretik sortuak dira Ziur, 2deo, Labe, Adinberri, Mubil, Elkar Ekin Lanean, ArantzazuLab eta Naturklima–.

          2016an hasitako deliberazio batean du sorburua, eta 2018tik aurrera egin da laborategiaren helburuen eta diseinuaren inguruko lanketa lankidetzan aritu dira Aldundia bera, Langune, Elhuyar, Emun eta Soziolinguistika Klusterra–. Aurtengo uztailean eratu zen partzuergoa eta, aipatutako erakunde publiko eta eragile sozialez gain, Partzuergoko Gobernu Batzordean partaide dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikako saila, Errenteriako Udala, Euskalgintzaren Kontseilua, EITB, UPV/EHU, ArantzazuLAB eta Euskaltzaindia.

 

Badalaben egoitza, Errenteriako liburutegi zaharrean

Joan den astean Diputatuen kontseiluak onartu zuen Errenteriako Udalari 329.082,28 euroko dirulaguntza ematea, udal liburutegi zaharra gaitu eta egokitzeko lanak finantzatu asmoz. Izan ere, maiatzetik aurrera eraikin horretan kokatuko da Badalab Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzako Laborategia. Instalazio horietarako espazioa Errenteriko Udalak eskaini du eta obrak abenduan bertan hasiko dira.

Gutxi gorabehera 300 m2-ko espazioa izango da, eraikinak dituen lau solairuetatik bitan banatuta. Horretarako, aurretik eraikin horretan hainbat gaikuntza eta egokitzapen lan egin behar dira. Gauzatze proiektu horrek, guztira, 500.800 euroko gauzatze aurrekontua du, eta 329.000 euro Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Partzuergoak erabiltzea aurreikusten den espazioari dagozkio. Lan horiek higiezinaren titularra den Errenteriako Udalak egingo ditu eta lanek irauten duten bitartean, Badalab-eko Partzuergoa udalerri bereko Torrekua eraikinean kokatuko da behin-behinean, hori ere udalaren jabetzakoa. Zuzendariaren izendapenaz gain, datozen hilabeteetan beste bi langile kontratatzeko hautatze prozesuari ekingo zaio, hiru lagunez osatutako lantaldea osatu asmoz.

 

Euskararen Nazioarteko Eguna

Bestalde, datorren ostiralean, abenduaren 3an, ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna eta Diputatuen Kontseiluak adierazpen instituzionala onartu du data seinalatu hori dela eta. Etorkizunera begira, pandemiak bizkortu dituen desafioen aurrean, Aldundiak “funtsezkorik ezer atzean geratu ez dadila” lortzeko determinazioa erakusten du, “ezta euskara ere, inola ere ez”. “Berreskuratzen ari garen eta asmatuko ditugun harreman eta erabilera eremu berrietarako euskara, bidelagun, ez ezik, lanabes eraginkor izatea nahi dugu”, adierazi du.

Izan ere, foru diputatuek onartutako adierazpenak dioenez, pandemiaren ostean zabalduko den “aro berrian”, harreman eta komunikazio molde, ohitura eta bide berriak sortzen ari dira, eta are berriagoak eta harrigarriagoak sortuko dira aurrerantzean. “Pandemiak agerian utzi du jakin bagenekiena: zenbateraino diren ezinbestekoak komunikazio ildo eta sareak, zenbaterainoko balioa eransten dion komunikazioak gure zeinahi jarduerari. Hori bera du euskarak erronka: komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea. Eraginkor. Tinko”, gogoeta egin dute.

Hori horrela, euskararen biziberritze prozesuan “aurrerapauso sendoagoak” ematearen alde ageri da Aldundia, “jarraikortasunez, etengabeko berrikuntzaren bidetik eta guztion konpromisotik”. Gainera, hizkuntzaren erabilera “formalekin” batera, “eremu ez formaletako” lantzearen beharraz ohartarazi du foru erakundeak. “Euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera, eguneroko harremanetan eremu formaletik lan mundu, aisialdi, kultur edo kirol eremuetara igarotzean, hori bera baita, hain zuzen ere, euskaraz bizitzearen esanahietako bat. Ezin dizkiogulako euskarari ukatu eremu horiek”, azpimarratu du. Aldi berean, bere konpromisoa azaldu du, eremu informaletan ere euskararen presentzia sustatu asmoz, “bitartekoak jartzeko eta eredugarritasuna erakusteko”.

Euskararen bizi-indarra dugu jokoan, eremu formalez gainera, eremu ez formal horiek euskararentzat irabaztearen erronkan. Izan ere, alor horretan euskararen erabilerak jauzi bat egiteak errotik eta norabide zeharo positiboan aldatuko luke hiztun asko eta askorengan, oso bereziki gazteengan, euskararekiko bizipena”, gehitu du foru erakundeak, Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionalean.

 

COVID-19 gune berria

Gipuzkoan pandemia izaten ari den “goranzko bilakaera larria” hizpide izan du hizpide, baita ere, diputatu nagusiak. “Oraindik txertorik jarri ez dutenei dei egin nahi diet, ahal bezain pronto txertoa jartzera, horixe delako COVID-19aren aurrean daukagun babes neurririk garrantzitsuena, garrantzitsuena ez bada”, berretsi du. Aldi berean, “oinarrizko babes eta prebentzio neurriak” eguneroko bizitzan txertatzera animatu ditu herritarrak, “ahal den heinean” gaixotasunen zabalkundea oztopatzen dutelako.

          Gipuzkoako zaharren egoitzetako egoiliarren artean positibo berriak antzeman direla eta, Olanok gogorarazi du “zorrotz eta erne” ari dela jarraitzen egoera Gizarte Politikako departamentua, indarrean dauden “prebentzio eta segurtasun neurriez” baliatuz. Birusak erkidegoan duen intzidentzia handia dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezohiko neurriak hartu ditu, hala nola COVID-19a artatzeko erreferentziazko zentroak handitzea, eta egoitzetako langileei listu-PCR proba diagnostikoak areagotzea.

          COVID-19 erreferentziazko lehen zentroa 2020ko martxoaren 14an ireki zen Gipuzkoan, Gurutze Gorriak Donostian duen zentro soziosanitarioan. Ondoren, Ordiziako San Jose zentroan eta Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan ireki ziren. Eibarko zentroak 2020ko ekainetik martxan jarraitzen badu ere, abenduaren 1etik, asteazkenetik, Arrasateko San Juan de Dios zentroa ere gaituko da, 19 plaza gehiagorekin.

          Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak joan den urriaren 18an argitaratu zuen COVID-19aren Zaintza eta Kontrolerako Protokoloaren azken eguneratzea egoitza eta zentro soziosanitarioetan, eta, haren jarraibideen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak listu-PCR probak aktibatu zituen langileentzako diagnostikoak egiteko, eta egoitza-zentroetan egiten jarraitzen diren ohiko PCRen osagarriak dira.

          Proba horiek aktibatzen dira lurralde historikoak 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa gainditzen duenean, 100.000 biztanleko 150 COVID-19 kasutik. Beraz, egoitzetako langileak, aurrez ezarritako egutegi bati jarraituz, listu-proba diagnostiko bat egiten ari dira 15 egunetik behin, txertoa jarrita egonez gero, eta txertoa hartu ez duten langileen kasuan, proba asterokoa da. Dagoeneko, azken hilabete honetan 3.823 listu-PCR proba egin ditu Aldundiak lurraldeko egoitzetan.

  

3054