Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Balenciagaren mendeurrena aurkeztu da Parisen Galliera museoaren eta Turespañaren eskutik

Balenciagaren mendeurrena aurkeztu da Parisen Galliera museoaren eta Turespañaren eskutik

Espainiak Parisen duen enbaxadorearen egoitzan, Itxasok Balenciagaren urtea aurkeztu du.

Espainiak Parisen duen enbaxadorearen egoitzan, Denis Itxaso Balenciaga fundazioko lehendakariak Balenciagaren urtea aurkeztu du, 100 urte betetzen baitira Donostiako lehen denda ireki zela, eta 80, Parisera iritsi zela.

Denis Itxaso Kultura diputatu eta Balenciaga fundazioko lehendakaria buru den ordezkaritza batek gaur arratsaldean (18:30), Cristóbal Balenciaga museoa maiatzerako prestatzen ari den "Collecting elegance. Rachel L. Mellon’s legacy”  erakusketa aurkeztu du Ramón de Miguel enbaxadorea eta 150 pertsona bertan zirela (http://www.cristobalbalenciagamuseoa.com).

Ekitaldian Galliera museoko zuzendari Olivier Saillardek “Balenciaga, l'oeuvre au noir” erakusketa ere aurkeztu du, gaur bertan Parisko Bourdelle museoan inauguratu dena (http://www.bourdelle.paris.fr/fr/exposition/balenciaga-loeuvre-au-noir).

Aurkezpena Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Turismo Departamentuaren turismo sustapenaren estrategian kokatzen da, zeinaren bidez Balenciagaren mendeurrenari buruzko erakusketa Parisen zein Madrilen aurkeztu nahi den, jostuna San Sebastian Region deitu izan zaion lurraldearen kultur erakargarri bat bihurtuta.  Itxasok arte, moda eta turismoaren inguruko kazetari, kritikari eta blogari hautatu batzuen aurrean hitz egin du, Turespañak emandako lankidetzari esker antolatu den ekitaldian. Horrez gain, ekitaldian izan da Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuorde Isabel Muela ere. Foru Aldundiak Balenciaga markari lotutako izena eta balioak aprobetxatu nahi ditu, Gipuzkoak pizten duen kultur interesean arreta jartzeko, eta hitzaldiaren ondoren, Foru Aldundiaren azken sustapen bideoa jarriko da -'Alba's story'-, kultur erakargarri nagusiak ikusiz turista batek gure lurraldean egiten duten ibilbidea kontatzen duena.

Aurten ehun urte beteko dira Cristóbal Balenciagak Donostian lehenengo jostundegia ireki zuela, eta 80 urte, Parisko lehenengoa abian jarri zuela. Urteurren hori dela eta, Tourespaña eta San Sebastián Region programak sustaturik, Espainiak Parisen duen enbaxadak sinbolikoki lotu ditu bi hiriak berriz ere, Cristóbal Balenciagaren sormen eta enpresa abentura ospatzeko.

Era berean, ekitaldian izan dira Miren Vives Cristóbal Balenciaga Museoko zuzendaria eta Maite Cruzado Foru Aldundiko Turismo zuzendaria. Foru Aldundiko Kultura eta Turismo Departamentuak erakusketa handi hau aprobetxatu nahi izan du San Sebastian Region programaren irudia Frantziako merkatuan zabaltzeko, Cristobal Balenciagaren irudi sofistikatu eta dotorea helmuga turistikoarekin lotzeko xedez, kultur xede gisa.  Horretarako, artearen, kulturaren, modaren eta turismoaren esparruko profesional eta kazetariei zein turismo enpresa eta blogariei bidali zaie gonbidapena, erakusketaren zabalkundea eginez gure lurraldearen balioen eta baliabideen berri eman dezaten.  Ekitaldian, maiatzeko erakusketa aurkeztu eta Getariako museoak dituen alderdi erakargarriak azaltzeaz gain, Itxasok Gipuzkoak dituen beste hainbat eta hainbat kultur erakargarri aurkeztu ditu eta, horretarako, Alba`s history izeneko bideoa eman da, non kontatzen den Donostiako Zinemaldira datorren gazte baten bisita, gure inguruko beste toki batzuk ezagutzeko aprobetxatzen baitu bidaia, besteak beste, Kursaal, Tabakalera, San Telmo museoa, Balenciaga museoa, eta Bilboko Guggenheim museoa.

“Bidaia horretan hainbat gai lantzen dira, besteak beste, Balenciagaren ikuspegia, ekintzailetasuna, bere buruarekiko leialtasuna eta mugak gainditzeko borondatea, eta baita Balenciagak sortzaile eta goi mailako joskintzaren maisu zenez gero zituen nortasun ezaugarri ezagunak ere, hala nola berrikuntza, teknika, materialak menderatzea, minimalismoa edo atenporalitatea” esan du Itxasok.

Gipuzkoako kultur esparru bizia paisaia eta aparteko gastronomia bezain garrantzitsua dela azaldu du Kultura eta Turismo diputatuak, eta Getariako Balenciaga museoa ikustera gonbidatu ditu bertaratuak. “Kultur bizitza horren adibide ditugu, esate baterako, uztailean egiten den Jazzaldia, abuztuko Musika Hamabostaldia edo iraileko Zinemaldia, eta Cristobal Balenciagaren jaioterrian bertan, Getarian dagoen bere omenezko museoa” esan du Itxasok.

Museoa 2011n inauguratu zen, Getarian bertan, Balenciagaren jaioterrian, Donostiatik 30 kilometrora, eta bertan jostunaren lanik garrantzitsuenak daude ikusgai, lehen urtetakoak barne direla. Aurten Balenciaga museoa Gipuzkoako turismoaren zabalkunde eta sustapen elementu nagusi bihurtu da. Erakusketa maiatzean aurkeztuko da Madrilen, Parisen egin den bezala.

Museoak erakusketa eta jarduera programazio berezia aurkeztuko du, Donostiarekin lotuta, xede duena Cristóbal Balenciagaren lanaren zabalkundea, eta, batez ere, balioan jartzea jostunak sortzaile eta enpresari gisa egindako lana.  Beste erakunde batzuk ere urteurren horren berri eman dute, Parisko Bourdelle museoaz gain, Londresko Victoria&Albert museoak ere, mundu mailan arte eta diseinuari eskainitako museo nagusietakoa denak, erakusketa bat programatuko du jostunaren obraren beste ikuspegi bat eskaintzeko (https://www.vam.ac.uk/exhibitions/balenciaga-shaping-fashion).

Maiatzaren 26tik aurrera Cristóbal Balenciaga museoak Balenciagaren bezero garrantzitsuenetako baten, Rachel L. Mellon estatubatuarraren, ondareari buruzko erakusketa monografikoa aurkeztuko du:  “Collecting elegance. Rachel L. Mellon’s legacy” . Monsieur Hubert de Givenchyren zuzendaritzapean, eta Eloy Martinez de la Pera eta Igor Uria Zubizarreta komisario direla, Mellon andreak Getariako museoari dohaintzan eman zizkion 150 pieza jarriko dira ikusgai. Cristóbal Balenciagaren sormenaren heldutasuna ikusgai jartzen duen lan sorta, inondik ere, jostun handiaren bezero garrantzitsu eta adiskide izan zenaren ikuspuntu liluragarritik begiratuta.

Rachel Lowe Lambert Mellon (1910-2014), Bunny, XX. mendeko Estatu Batuetako burgesiako andre garrantzitsuetako bat izan zen. Filantropoa, arte bildumazalea, lorategi diseinatzailea (Etxe Zurikoak barne), Kennedy familiaren adiskide mina, eta Paul Mellon mezenas handiaren emaztea, jostunaren bezero aberats, sentikor eta esklusiboaren arketipoa da.

Erakusketak museoaren areto guztiak hartuko ditu zortzi hilabetez, 2017ko maiatzaren 27tik 2018ko urtarrilaren 25era bitartean, eta 90 janzki eta beste hainbat bozeto, osagarri, argazki eta dokumentazio jarriko dira ikusgai.

Pieza gehienak museoaren bildumakoak dira, eta horietako asko ez dira inoiz ikusgai jarri; 2014. urtean Mellon andrea hil zenean egindako 400 janzki eta osagarriren azken legatukoak eta Mellon andreak berak sortutako Oak Springs Garden Library fundazioko artxiboek egindako ekarpenetakoak dira. Pieza horietako batzuk beste museo batzuetakoak dira, Londresko Victoria & Albert museokoak eta Parisko Balenciaga artxibokoak, besteak beste.

  

1389