Basotik Fundazioak BasoHUB sortu du sektore anitzeko lankidetza bultzatzeko basoen kudeaketa kolektibo eta jasangarrian
Basotik Fundazioak BasoHUB sortu du sektore anitzeko lankidetza bultzatzeko basoen kudeaketa kolektibo eta jasangarrian
Basotik Fundazioak BasoHUB sortu du sektore anitzeko lankidetza bultzatzeko basoen kudeaketa kolektibo eta jasangarrian
Ekimen berria gaur aurkeztuko da, Basotik Fundazioaren lehen Biltzarraren testuinguruan. Biltzar horrek 100 jabe baino gehiago bilduko ditu gaur arratsaldean Kursaal Kongresu Jauregian; horien baso-kudeaketa jada Fundazioaren esku dago. Urte eta erdian 1.000 hektarea baino gehiago kudeatzen hasiak dira, eta proposamenen onarpen-tasa % 85etik gorakoa da. Horrek guztiak bermatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ekimen honen arrakasta.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Basotik Fundazioak BasoHUB proiektua aurkeztu du gaur goizean. Proiektu horren helburua sektore anitzeko lankidetza bultzatzea da, lurraldeko basoen kudeaketa kolektibo eta jasangarrian aurrera egiteko. Ekimen horren bidez, Fundazioak proiektu berritzaileak, zeharkakoak eta lankidetzakoak abiarazi nahi ditu, bai sektoreko eragileekin, bai beste eragile ekonomiko eta sozial batzuekin. Zehazki, BasoHUBek bost eremu estrategiko hauetan sakondu nahi du: osasuna eta ongizatea; sentsibilizazio eta parte-hartze soziala; kultura, nortasuna eta lurraldea; baso-kudeaketa jasangarriari aplikatutako I+G+B, eta bioekonomia, deskarbonizazioa eta baso-erabilera berriak.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak eta Jon Ander Ostolaza fundazioko gerenteak gaur goizean prentsaurrekoan aurreratu dituzte arratsaldean Basotik Fundazioaren lehen batzarrean aurkeztuko diren BasoHUBen xehetasunak. Batzarra Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian egingo da, eta 100 baso-jabe eta lotutako eragile baino gehiago bilduko ditu.
«Azken urte honetako esperientziak agerian utzi du beharrezkoa dela esparru bat sortzea, gizarteko, ekonomiako eta sektoreko eragile guztiak modu eraginkorragoan kudeatu, ikusarazi eta konektatzeko, baso-kudeaketa kolektibo eta jasangarriarekin bat datozen ekintzen inpaktua biderkatzeko», adierazi du Arrutik. Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak gaineratu duenez, «BasoHUB bezalako ekimenen bidez, Gipuzkoako baso-ekosistemaren aldeko ezagutzaren eta praktika eraginkorren arteko zubi bat eraiki nahi dugu, gure basoen jasangarritasuna eta Gipuzkoako lurralde oreka berdea bermatzeko, bai eta herritarrak erakartzeko ere, gure ingurune berdeek haien osasun eta ongizate integralerako eskaintzen dituzten abantailez balia daitezen».
Ildo horretan, Arrutik nabarmendu duenez, «ekimena abian jarri zenetik aurrera egin dugu osasunaren eta ongizatearen eremuetan eta gure ingurune berdearen zaintzarekiko herritarren sentsibilizazioan. 23 ekimen baino gehiago burutu dira, eta profil desberdinetako 26 eragilerekin lankidetzan aritu gara horietan». Hala, gaineratu duenez, «orain, BasoHUBen testuinguruan, jarduera horri eusteaz gain, berrikuntza eta ikerketa bultzatu nahi ditugu, eta basogintzan teknologia berrien aplikazioa sustatu nahi dugu, kudeaketa jasangarrian aurrera egiteko. Gure ustez, hori funtsezkoa da klima-aldaketaren moduko mehatxuen aurrean, prebentzioaren eta egokitzapenaren ikuspegitik». Honako hau erantsi du diputatuak: «BasoHUBen bidez, fundazioa basogintza-sektoreko eta beste alor batzuetako ezagutza-eragile nagusien zerbitzura jarri nahi dugu, hala nola HAZI, Neiker edo Climate-KIC, haiekin lankidetza aktiboa izaten baitugu».
Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak nabarmendu du bioekonomia aukera paregabea dela basoak garapen jasangarriko eta tokiko enplegua sortzeko motor bihurtzeko. Ildo horretan, adierazi du BasoHuben bidez sustatu egingo direla ekoizpen ekonomikoa eta ingurumen-kontserbazioa uztartzen dituzten eredu zirkular eta multifuntzionalak. «Baso-kudeaketak», azpimarratu du Arrutik, « atea irekitzen du hainbat jarduera ekonomiko garatzeko, eta, jarduera horiek baliabideak modu arduratsuan aprobetxatzeaz gain, landa-ingurunea biziberritzen eta haren ekonomia- eta gizarte-sarea indartzen ere laguntzen dute».
Arrutik eskerrak eman dizkie aurten Fundazioarekin lankidetzan aritu diren pertsona eta eragile guztiei. Foru diputatuaren hitzetan: «Hasiera sendoa izan dugu, ekimena ezagutzera eta baso-kudeaketa jasangarrirako proposamenak eskatzera hurbildu diren jabe ugarik erakutsitako interesagatik ez ezik, lehen urte honetan harremanak finkatzeko eta hedatzen ari den proiektu baten oinarriak ezartzeko aukera ere izan dugulako. Proiektu horrek, jabeei konponbide errealak eskaintzeaz gain, baso-kudeaketa eraginkor, kolaboratibo eta ingurunearekiko errespetuzkoagoa lortzeko bidean aurrera egiten lagunduko du». Foru diputatuak uste osoa du hasitako bidean, Gipuzkoa «basoen kudeaketa kolektibo eta jasangarriaren nazioarteko erreferente» bihurtzeko asmoz.
Basotik Balantzea
Prentsaurrekoak fundazioaren hasierako lehen urte eta erdiko balantzea egiteko balio izan du, 2024ko otsailean publikoki aurkeztu zenetik. Jon Ander Ostolaza pozik agertu da ekimenak Gipuzkoako herritarren artean piztu duen interesagatik. «Promozioaren lehen hilabeteetan, 1.800 pertsona baino gehiago hurbildu ziren Basotik Fundazioaren xehetasunak ezagutzera. Gure hasierako asmoa zen urtea 1.000 hektarea baso baino gehiago kudeatuz amaitzea. Kopuru hori gainditu egin dugu Gipuzkoako jabeek, gure proposamenak onartuta, astero gugan jartzen duten konfiantzari esker». Ostolazak azaldu duenez, gaur egun, astean sei eta zortzi proposamen artean egiten dira, eta onarpen-tasa % 85ekoa da. Erritmo hori bikoiztu egin da iazkoarekin alderatuta, eta baliabideak indartzea aurreikusten da, basoen kudeaketa Basotik fundazioaren esku utzi nahi duten jabe guztiei kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko.
Ostolazak ekimen horretan aurrera egitearen garrantzia azpimarratu du. Ekimen horren helburua «gure natura-ondarea zaintzea da, klima-aldaketa geldiarazten laguntzeko eta Gipuzkoako lurralde oreka berdea bermatzeko». Horretarako, gaineratu duenez, «Basotik fundazioak basoak modu integralean kudeatzeko irtenbide bat eskaintzen du, Gipuzkoako basoen osasuna eta zaintza bermatzeko klima-aldaketaren ondoriozko mehatxuen aurrean, hala nola baso-azaleran sastrakak handitzearen ondoriozko suteen edo gure zuhaitzetan gaixotasunak hedatzearen aurrean». Fundazioko kudeatzaileak, amaitzeko, gogorarazi du «zaintzen dena ez dela zuhaitz bat edo baso bat soilik, baizik eta etorkizuneko belaunaldientzako ondarea, gure arbasoek egin zuten moduan. Baso-jabetzarekiko loturari eusteko, Fundazioak jabeekin lan egiten du kudeaketa horren egunerokotasunean parte har dezaten».
Basotik Fundazioaren lehen batzarra
Parte-hartze horren adibide da gaur arratsaldean, 17:00etan, Kursaaleko Kongresu Jauregian egingo den batzarra. Bertan, jabeei Fundazioa egiten ari den lanaren berri emango zaie. Gainera, funtsezko gaiak landuko dira, hala nola Gipuzkoako basogintza, baso-kudeaketa jasangarria, basoen gizarte-onurak, eta baso-kudeaketa kolektibo eta jasangarriaren erronkak eta aukerak.
5325