Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Basque Culinary Centerrek berrikuntzako erronka teknologikoko deialdia egin du, Gipuzkoa Open Future_ ekimenaren bidez inbentarioaren kudeaketa optimizatzeko

Basque Culinary Centerrek berrikuntzako erronka teknologikoko deialdia egin du, Gipuzkoa Open Future_ ekimenaren bidez inbentarioaren kudeaketa optimizatzeko

Basque Culinary Centerrek bat egin du Telefonicarekin -bere bazkide teknologikoa- eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eraldaketa digitala sustatzeko.

Foto Basque Culinary Centerrek...
  • Tresna digital bat sortu beharko da, elikagaiak ez diren produktuen inbentarioaren eta lokalizazioaren kudeaketa berritzeko bere instalazioetan.
  • Gastronomiaren sektorean eraldaketa digitalerako prozesuak bultzatzeko asmoz Gipuzkoa Open Future_ Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Telefónicak abian jarritako ekimenak egindako bigarren erronka da, gastronomia Gipuzkoako arlo estrategikoetako bat baita.
  • Erronka hemengo, estatu mailako zein gure mugetatik kanpoko ekintzaileei, startupei, enpresa txiki eta ertainei, unibertsitateei eta teknologia zentroei zuzendua dago.
  • Hautagaitzak gaur hasi eta abenduaren 18ra arte aurkeztu ahal izango dira Telefonicaren Open Future_  plataforman, http://gipuzkoa.openfuture.org/ helbidean; bertan daude jasota oinarriak ere.
  • Irabazleek proiektu pilotua egin ahal izango dute Basque Culinary Centerrek ordainduta, eta Foru Aldundiaren 15.000 euroko saria irabaziko dute.

Basque Culinary Centerrek bultzada handia emango dio eraldaketa digitalari.  Espainiako Zientzia Gastronomikoen lehenengo fakultate eta esparru horretako mundu mailako erreferentzia denak bat egin du Gipuzkoa Open Future_ Telefónicaren ekimen eta bazkide teknologikoarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, erronka teknologiko bat abian jartzeko, eta, horrela, elikagaiak ez diren produktuen inbentarioaren kudeaketa hobetzeko eta heziketaren bikaintasuna sustatzeko, bai ikasleentzat eta bai erakundeko kide diren profesionalentzat.

Basque Culinary Centerrek Gipuzkoa Open Future_ ekimenaren bidez egindako erronkaren helburua da, besteak beste, sistema berritzaile bat ezartzea, elikagaiak ez diren materialak inbentariatuta eta lokalizatuta egon daitezen, ahal dela denbora errealean, izan ere, Gipuzkoa Open Future_ Gipuzkoaren etorkizunerako estrategikoak diren sektoreetan talentua eta ekintzailetasuna dinamizatzeko programa bat da. Proiektu honen bidez, eskariari aurre hartu nahi zaio, eta, horrela, materialen kalitatea, kontrola eta horniketa hobetu.

Erronkan parte hartu nahi duten tokiko, estatu mailako zein nazioarteko ekintzaileek, startupek, enpresa txiki eta ertainek, unibertsitateek edo teknologia zentroek gaurtik abenduaren 18ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak helbide honetan http://gipuzkoa.openfuture.org/.

Erronkaren irabazleak, besteak beste, proba pilotu bat egin ahal izango du bere proposamenarekin Basque Culinary Centerren bertan, fakultateak berak ordainduta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren 15.000 euroko saria irabaziko du. Era berean, enpresa berritzaileak sortu eta berrikuntza, inbertsioak eta proiektuak gure mugetatik kanpora eramatea sustatzeko Foru Aldundiak ezarritako diru laguntzak eska ditzake, betiere horretarako baldintzak betetzen baditu.

Aukeratzen diren proiektuen egileek hiru eguneko murgiltze saio bat izango dute Gipuzkoan (Gipuzkoa Inmersion Trip), Gipuzkoako Foru Aldundiak ordaindua, non parte hartzaileek eta Basque Culinary Centerrek ezagutzak partekatu eta baterako sorkuntza eta sareko lana sustatuko duten. Gipuzkoa Inmersion Trip amaitu ondoren, hautatutako proiektuek denbora bat izango dute, beren proposamenak gehiago garatu eta berriro bidaltzeko. Proposamena Demo Day egunean defendatu beharko dute; azalpen bat eman beharko dute pitch formatuan eta birtualki.

Basque Culinary Center

Basque Culinary Center mundu mailako erakunde akademiko antzindaria da. Patronatuko kide dira Mondragon Unibertsitatea, euskal sukaldari onenetako zortzi, elikagai eta edarien sektoreko punta-puntako hainbat enpresa, AZTI Tecnalia, eta Telefónica, azken hori gainera, bere bazkide teknologikoa da. Halaber, nazioarteko kontseilu bat du, munduko hamaika sukaldari garrantzitsuenek osatua.

Basque Culinary Centerren helburua da gastronomia eta elikadurari buruzko goi mailako prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta sustapena. 2011n sortu zenez geroztik, Basque Culinary Centerrek nazioarteko erreferente izateko lan egiten du, eta gastronomia garapen sozioekonomikoaren palanka gisa sustatzeko, Zientzia Gastronomikoen Fakultatea eta Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa bitarteko direla.

Gipuzkoa Open Future_

Gipuzkoa Open Future_ programa Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Telefónicaren arteko itunaren emaitza da, eta talentua, ekintzailetasuna eta eraldaketa digitala sustatzea du xede, hau da, zibersegurtasuna, gastronomiaren digitalizazioa, mugikortasun jasangarria eta biozientziak, arreta berezia jarrita medikuntzako tresnerian. IXO Grupo enpresa ekimen horretan oinarritu zen joan den irailean Gipuzkoa Open Future_ programak sustatzen duen lehen erronka egiteko, eta lortu ere arrakasta handia lortu zuen.

Gipuzkoa Open Future_ ekimenak uztartzen ditu, batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak teknologia berriekin lotutako talentua erakarri eta kalitatezko enplegua sortzeko duen interesa, eta, bestetik, enpresek beren prozesuak digitalizatzeko duten premia, zeinetan Telefónicak esperientzia zabala baitu.

  

365