Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bazterkeria arriskuan dauden 1.118 pertsonak lortu dute lana Gipuzkoan azken urtean

Bazterkeria arriskuan dauden 1.118 pertsonak lortu dute lana Gipuzkoan azken urtean

Elkar Ekin Lanean estrategiaren esparruan, aktibazio, enplegagarritasun eta gizarteratze soziolaboraleko 29 proiektu eta programaren bidez, zaurgarritasun egoeran eta bazterketa arriskuan dauden 5.000 pertsonari ematen zaie arreta urtero.

Talde argazkia.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako eta Ekonomia Sustapeneko departamentuen arteko ahalegin bateratuari esker, Elkar Ekin Lanean enplegagarritasun estrategiaren esparruan, zaurgarritasun eta bazterkeria arriskuan dauden 5.000 pertsonari eman zaie arreta azken urtean, aktibazio, enplegagarritasun eta gizarteratze soziolaboraleko zerbitzuen bidez, bai prestakuntza prozesuak, bai gizarteratze eta laneratze prozesuak bitarteko direla. 5.000 pertsona horietatik, % 60,7 emakumeak izan dira, eta 1.118 lan kontratu sinatzea lortu da. Ibilbide pertsonalizatuen bidez, denboran zehar planifikatu, adostu eta pertsona bakoitzari egokitutako jarraitutasun ikuspegi batetik, enplegagarritasun prozesuak arrakastaz garatzea ahalbidetzen duten ehunka prozesu garatzen dira urtero, informaziotik eta orientaziotik abiatuta, prestakuntzatik igarota enplegurako sarbidea lortzeraino.


    Hala azaldu du Markel Olano diputatu nagusiak, Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuarekin batera, Deustuko Unibertsitatean egindako jardunaldi batean. Jardunaldi horrek Gipuzkoako aktibazioaren, enplegagarritasunaren eta gizarteratze soziolaboraleko orainari eta etorkizunari buruzko esperientziak partekatzeko eta gogoeta egiteko balio izan du. Unibertsitateak berak, Aldundiko profesionalek, Lanbidek, Garapen Agentzien Euskal Elkarteak eta 12 gizarte erakundek hartu dute parte: Gureak, Katea Legaia, Sutargi, Peñascal, Secretariado Gitano Fundazioa, Sarea Fundazioa, Erroak Sartu, Karabeleko, Gurutze Gorria, Lotura Gizagarapena, Zabalduz eta Ede Fundazioa.


“Gizarte politikak kudeatzeko modu propioa dugu. Gizarte eragileekin eta irabazi asmorik gabeko erakundeekin egindako hitzarmenen eta akordioen bidez, eredu propio bat lantzen dugu gizarte bazterketako arriskuan edo egoeran dauden pertsonei laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak eskaintzeko”, adierazi du diputatu nagusiak. Aldundiak aktibatu duen Elkar Ekin Lanean estrategiaren helburua enplegu inklusiboa eta pertsona guztien aukera berdintasuna sustatzea da, “kalitatezko enplegua baita gizarte desberdintasunen aurka borrokatzeko eta pertsona guztiek beren bizi proiektua garatu ahal izateko dugun tresna nagusia”.
Elkar Ekin, ahalegin kolektiboa
Olanok azpimarratu duenez, “nazioartean erreferentzia gara enplegu babestuaren eta ekonomia sozialaren alorrean, hirugarren sektore sozialeko enpresa eta erakundeei eta kooperatibei esker”. Elkar Ekin Lanean estrategiaren bidez, Gipuzkoa sistema interkonektatu bat garatzen ari da, prestakuntza pertsonalizatuko ibilbideak eskaintzen dituena, kalitatezko lanpostu duin eta inklusibo bat lortzea xeda dutenak lan merkatuan sartzeko eta finkatzeko zailtasun handienak dituzten pertsonentzat. “Zalantzarik gabe, azken urteotako proiektu estrategiko garrantzitsuenetako bat da”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak aliantzak ehundu eta ahaleginak batu nahi ditu Elkar Ekin Lanean enplegagarritasun estrategiaren eta Gizarteratze Planaren bidez “pertsonen ongizatea berma dezagun, eta horrela, gizarte desberdintasunak murriztu, eta zeharkako jarduera integralei ekiteko, gizarteratzeari buruzko ikuspegi partekatu eta berritzaile baten bidez”; erantsi du diputatu nagusiak, “eta hori guztia, lurraldearen konpromiso kolektiboaren adierazgarri, gizarteratzearen eta enplegu inklusiboaren alde”.
Gizarte Politiketako eta Ekonomia Sustapeneko departamentuetatik garatzen diren 29 proiektu eta programen bidez, pertsona bakoitzarentzako ibilbide pertsonalizatuak lantzen dira, enplegu zentro berezietan, laneratze enpresetan, okupazio zentroetan edo aktibazioko, enplegagarritasuneko eta gizarteratu eta laneratzeko zerbitzuetan.
 

  

3171