Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bazterketa arriskuan dauden 1.185 pertsonak lortu dute enplegua Elkar EKIN Lanean programari esker 2022-2024 bitartean

Bazterketa arriskuan dauden 1.185 pertsonak lortu dute enplegua Elkar EKIN Lanean programari esker 2022-2024 bitartean

Gizarteratzeko eta laneratzeko 2022-2024 programak, 6 milioi euroko zuzkidura duenak, enplegu inklusiboa sustatzen du Gipuzkoako funtsezko 19 sektoretan. 2016az geroztik, programak 6.511 lanpostu sortu ditu guztira, 723 lanpostu urtean bataz beste.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Zaurgarritasun egoeran dauden 1.185 pertsonak eskuratu dute lan kontratu bat Gipuzkoan, Foru Aldundiak sustatutako Elkar EKIN Lanean gizarteratzeko eta laneratzeko programari esker. Gaur goizean, Orona Ideoko auditoriumean, 2022-2024 aldiari dagokion programaren emaitzak aurkeztu dira, erakunde publikoetako, gizarte entitateetako, gizarteratze sareetako eta garapen ekonomikoko eskualde eragileetako 100 lagun baino gehiago bildu dituen ekitaldian.

Gauzatu diren kontratuez gain, Elkar EKIN Lanean programak 68 ibilbide profesional jarri ditu abian 19 jarduera sektoretan, bereziki zainketen, ostalaritzaren, eraikuntzaren, zerbitzuen eta industriaren esparruetan. Datu horiek argi adierazten dute programa funtsezko tresna dela enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa sortzeko eta lurralde kohesionatuago baterantz aurrera egiteko.

Elkar EKIN Lanean elkarlaneko gobernantzan oinarritutako ekimen bat da, Gipuzkoako eskualde guztietan enplegu ekosistema indartzeko sortu zena. Politika partekatuen logikaren eta erakunde publikoen, eragile sozialen, ekonomikoen eta hezkuntza arlokoen arteko lankidetzaren bidez, programak erantzun koordinatuak eta jasangarriak bultzatu nahi ditu lan merkatuaren erronken aurrean, zenbait ikuspegi eta baliabide integratuz, erantzunkidetasuna sustatuz eta lurraldearen benetako premiei erantzungo dieten irtenbideak elkarrekin sortuz.

Eider Mendoza diputatu nagusiak programa horrek lurraldearen garapen ereduan duen eragin estrategikoa nabarmendu du: "Ez dago garapen ekonomiko aurreraturik gizarte kohesiorik gabe. Elkar EKIN Lanean ekimenak erakusten du kalitatezko enplegua sor daitekeela gehien behar dutenentzat, aukera erreal eta inklusiboak sortuz, eta Gipuzkoaren lehiakortasuna eta justizia sozialarekiko konpromisoa indartuz”.

Etorkizuna Eraikiz-en esparruan Elkar-EKIN Lanean estrategia abian jarri zenetik, ekimen eraginkor eta berritzailea izan dela adierazi du. Lurralde osoan enplegu inklusiboa bultzatu eta enplegu duinaren bidez pertsona guztien ongizatea sustatzen ari dena. "Guztion artean estrategian ezarritako helburuetan aurrera egiten ari gara, baina bilakaera sozio-ekonomiko eta demografikoaren ondorioz, Elkar-EKIN Lanean inguruan sortutako lankidetza indartzen jarraitu behar dugu", adierazi du, eta horretarako "erabateko konpromisoa" erakutsi du.

Programak 6 milioi euroko aurrekontua du guztira, eta eskualdeko garapen agentziekin, inklusio sareekin eta hirugarren sektoreko entitateekin lankidetzan garatu da. 2016az geroztik, programak 6.511 lanpostu sortu ditu guztira, urteko batez besteko 723 lanposturekin. Gainera, Gipuzkoako gizarteratze-enpresen kopurua 5etik 8ra igo da, ekosistema inklusibo eta iraunkor baten finkapena islatuz.

Halaber, ekitaldian izan dira Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio sailburuordea eta Koldo Peciña Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusia; lehenengoak, EAEko arlo horretako estrategia aurkeztu du, eta, bigarrenak, programaren lorpenak azaldu ditu xehe-xehe.

Jardunaldian elkarlaneko gobernantzari buruzko mahai ingurua egin da eta bertan izan dira Debagoieneko Mankomunitateko, Debegesa, Tolosaldea Garatzen, Bidasoa Bizirik eta Oarsoaldeko agentzietako ordezkariak, eta zeharkako proiektuak aurkeztu dira, hala nola Batzen (koordinazio inklusiboa), Sutargi (eremu biosanitarioko enplegagarritasuna) eta Katea Legaiaren Emaklanean (emakumeen laneratzea).

Emaitzak lurraldeari eragiten dioten demografia eta teknologia aldaketen barruan ere kokatu dira. Azken hamarkadan, Gipuzkoako biztanle kopuruak % 1,8ko igoera izan du (12.800 pertsona), eta atzerritarren kopuruak, berriz, % 47,8koa (23.043 pertsona). Pertsona horiek lan merkatuan sartu izan ez balira, lurraldeak biztanleria galduko zukeen, eta 700.000 biztanletik behera jaitsiko zatekeen. Gaur egun, atzerritar jatorriko pertsonak Gipuzkoako biztanleriaren % 9,9 dira.

Ekitaldia amaitzeko, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak parte hartu du, eta Gipuzkoak "herritarren ongizatea hobetzen eta gure ekonomia indartzen modu erabakigarrian laguntzeko" duen borondatea berretsi du. Elkar EKIN Lanean programari eta halakoei esker, Gipuzkoak aurrera egiten jarrai dezake, eta etorkizuneko erronkei aurre egin, lidergo posizio batetik, inklusioa bermatuz eta inor atzean utzi gabe."

  

3560