Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea BBNNetako taldeekin aurrekontuen negoziazioa “elkarrizketarako jarrera ireki” batekin ekin dio Aldundiak

BBNNetako taldeekin aurrekontuen negoziazioa “elkarrizketarako jarrera ireki” batekin ekin dio Aldundiak

Diputatu nagusiak gaur hasi ditu harremanak EH Bildurekin, Podemosekin eta PPrekin; bihar PSE-EErekin eta EAJrekin egingo dituzte bilerak.

2021eko aurrekontuen proiektua negoziatu asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak bilera sorta hasi du gaur goizean Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politikoekin, EH Bildu, Podemos eta PPko ordezkariekin, alegia. Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok adierazi duenez, foru gobernuak "elkarrizketarako jarrera eta posizio ireki batekin" ekin die bilera horiei eta, beraz, batzarkideen balizko ekarpenak aintzat hartzeko prest agertu da, betiere 2021erako kontuen proposamena "hobetzeko" helburuarekin.

Lehen bilera horietan, Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak eta Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak ere parte hartu dute. Estraineko topaketan parte hartu dute EH Bilduko ordezkari Juan Karlos Izagirrek eta Esti Elduaienek. Bilera sortak Podemos-Ahal Dugu-rekin jarraitu du, Maria Valiente eta Arantxa Gonzalezen partaidetzarekin. Amaitzeko Alderdi Popularreko ordezkari Juan Carlos Canorekin elkartu dira. Lehen kontaktu hauek bihar amaituko dira, EAJ/PNV eta PSE-EE alderdietako batzarkideekin egingo dituzten bilerekin, hain zuzen ere.

Diputatuen Kontseiluak urtarrilaren 21ean onartu zuen aurrekontu orokorren proiektua, eta, hurrengo astean, diputatu bakoitzak bere departamentuaz dagokion diru partidak azaldu zituen Batzar Nagusietan. Orain, gaur hasitako bilera sortatik abiatuz, batzarkide taldeen kontrastea jasoko du foru gobernuak. Azkenik, aurrekontuen proiektua Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatuko da; martxoaren 17an izango da behin betiko eztabaida eta bozketa.

2021erako foru kontuen proiektuak 983 milioi euroko aurrekontu propioa aurreikusten du eta aurreko ekitaldiarekiko (+% 7,4) 68 milioi euroko hazkunde garrantzitsua. "Bizi dugun maila anitzeko krisi honetan, aurrekontuak egungo beharrei aurre egiteko eta pandemia osteko etorkizuna eraikitzeko tresna indartsuak izango dira", azaldu du Gipuzkoako diputatu nagusiak. Foru erakundeak, kontu hauekin, egungo krisi soziosanitario eta ekonomikoaren aurrean pertsona eta kolektibo ahulenak defendatzean jarri nahi du arreta, baita Gipuzkoak etorkizuneko ekonomia eraikitzeko proiektu estrategikoei ekitean ere.

  

1540