Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea BBNNetan aurkeztu dute GFAren Euskararen Erabilera Plana (2023-2027)

BBNNetan aurkeztu dute GFAren Euskararen Erabilera Plana (2023-2027)

Alderdi politikoetako ordezkari guztiek adierazi dute, neurri batean edo bestean, bat egiten dutela planean jasotako helburuekin. Halaber, departamentu mailako kudeaketa planen lehenengo urratsak maiatzean egingo direla adierazi dute GFAko ordezkariek.

Batzar Nagusietako bileraren argazkia

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Erabilera Plana (2023-2027) aurkeztu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan GFAko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiko ordezkariek. Batzar Nagusietako alderdi politiko guztien aurrean egin dute aurkezpena eta guztiek adierazi dute, neurri batean edo bestean, ados daudela Erabilera Planeko helburuekin. Aurkezpena Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusi Garbiñe Mendizabalek, zerbitzuburu Iñaki Arruti eta atalburu Mikel Azkaratek egin dute.

Euskararen Erabilera Plana GFAk onartua duen Plan Estrategiko Nagusiarekin dago lerratuta eta plan horretan jasotzen da transmisioan, kontzientziazioan, gizartearen aktibazioan, lankidetzan eta berrikuntzan egingo dela lan. Hala, Euskararen Erabilera Planean xehetuago eta sailkatuago daude helburu horiek eta urte hauetarako erronka nagusiak lau direla adierazi dute: 

  • Euskararen kudeaketa orokorra.
  • Lidergoa
  • Hizkuntza klausulak
  • Sortze Hizkuntza

Lau erronka horiez gain, beste hainbat arlo estrategiko ere landuko ditu berariaz:

  • Langileak
  • Irudia
  • Herritarrekiko harremanak
  • Barne-harremanak
  • Kanpo-harremanak

Horiek guztiak KEMEN (Kudeaketa eta Erabilera Markoa Euskararen Normalizaziorako) markoaren baitan garatuko dira, hori baita Eusko Jaurlaritzak Euskararen Erabilera Planak egiteko proposatu duen tresna. 

Kudeaketa planak. Era berean, GFAko ordezkariek adierazi dutenez, Euskararen Euskara Plana GFA osoari eragiten dion plan bat da eta helburu estrategikoak ere erakunde osoarenak dira. Alabaina, GFAren neurria handia denez, egoera eta abiadura desberdinak dituzten departamentuak daude eta garrantzitsua da helburuak lortzeko lekuan lekuko estrategiak erabiltzea. Hori dela eta, GFA osoari eragingo dion kudeaketa plan orokor bat egin beharrean, plan horiek departamentu mailara jaitsiko dituzte eta departamentu bakoitzak bere kudeaketa plana izango du. Aurreikuspenen arabera, maiatzean hasiko dira kudeaketa plan horien lehenengo urratsekin eta udazkenerako martxan egongo dira.

GFAko ordezkariek BBNNetan egindako aurkezpena hemen dago ikusgai.

  

1176