Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Beasain-Bergarako autobiako kanonaren araudia onartu du Aldundiak

Beasain-Bergarako autobiako kanonaren araudia onartu du Aldundiak

Gipuzkoaren urteko zerga bilketa metatua %11,9 jaitsi da ekainera arte, lehen hiruhilekoari dagozkion autolikidazioak berreskuratu ostean.

Beasain eta Bergara arteko A-636 autobia erabiltzeagatik ezarriko dek kanona finkatzsen duen Foru Arau proiektua onartu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak. Araudiak Batzar Nagusien onespena beharko du orain eta, bere bitartez, erabileragatik ordainketa sistema bat ezarriko da ibilgailu guztientzat, motozikletentzat izan ezik. Free flow teknologia erabiliko du sistemak, N-I eta A-15 errepideetako zenbait zatietan jada indarrean dagoena. “Horrek, aldi berean, azpiegiturak eraiki, mantendu, artatu eta ustiatzeak sortzen dituen kostuak ikusaraziko ditu, azpiegitura horien erabiltzaileei kargatuz; lurraldearen barne orekarako faktoreak sartuko ditu; eta gure errepideek behar dituzten artapen eta kudeaketa lanen kostuak berreskuratzen lagundu”, azaldu du Bide Azpiegituretako foru diputatu den Aintzane Oiarbidek. Ordainketa epearen hasiera zehazteko dago, baino ezingo du 2022ko ekainaren 30a baino beranduago izan.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur Eider Mendoza foru bozeramailearekin batera, astero Diputatuen Kontseiluan hartzen diren erabakiak azaltzeko egiten den agerraldian. Prentsaurreko horretan, Oiarbidek gogoratu du Gipuzkoako edukiera handiko errepide sarean badaudela gaur egun bidesariak, bai AP-8/AP-1 bidean (ibilgailu guztientzat) zein A-15/N-I lerroan (ibilgailu astunentzako), “eta koherentziagatik eta sarearen uniformetasunagatik, uste dugu, alde batetik, neurri eraginkorrena, bidezkoena eta koherenteena dela erabileragatik ordainketa sistema bat ezartzea. Erabaki hau bat dator Batzar Nagusien gehienagoak onartutakoarekin zein Europako zuzentarauekin”.

“Kanonaren zenbatekoak lotura zuzena izango du azpiegituraren eraikuntza kostuekin eta ustiaketa kostuekin, kanona kudeatzeko kostuekin eta sarea garatu, hobetu eta mantentzeko kostuekin, egitura konpontzekoak barne”, azaldu du Oiarbidek. Horrela, erabileraren ondorioz jasandako narriadura arindu eta zerbitzu maila ezin hobea mantendu nahi da, bai eta Bidegik egiten dituen bide azpiegiturako politiken jarduketak finantzatzen lagundu ere.

Kanona ordaintzeko, erabiltzaileek  hura baldintza operatiboetan erabiltzea ahalbidetzen duten baliabide teknikoak eduki behar dituzte; edo, bestela, matrikula ordainbide batekin lotzea ahalbidetzen duen informazioa eman beharko dute, Bidegik argitaratutako web informazioaren arabera. Bestalde, bidezkotzat jotzen da A-636 autobian, errepidea erabiltzeagatiko ordainketa araubidea ezartzearekin batera, Gipuzkoako AP-8 eta AP-1 autobideetan ibilgailu arinen erabiltzaile diren pertsona fisikoei aplikatzen zaizkien hileko deskontu gorakorrak eta hileko gastu mugak ere aplikatzea, baldin eta baldintza batzuk betetzen badituzte.

Kanona indarrean egongo den zatietan, ordainketa egin ahal izateko, zehazten diren arkuak ezarriko dira, bakoitzak luzera zehaztuta duen errepide zatia zainduko duelarik: Beasaingo arkua, Beasain-Ormaiztegi (2,8 kilometro) zatiaz arduratuko dena; Ezkioko arkua, Ormaiztegi-Zumarraga (5,4 kilometro) zatirako; eta azkenik Deskargako arkua, Legazpi/Urretxu-Bergara (7,3 kilometro) eta Legazpi/Urretxu-Antzuola (2,5 kilometro) autobia zatientzako. Aurreikusten diren ordaindu beharreko zenbatekoak hauek lirateke:  

 

Ibilbidea

Kilometroak

Arinak

Ibilgailu astunak 1

Ibilgailu astunak 2

Beasain - Ormaiztegi

2,8

0,38

0,61

0,78

Ormaiztegi - Zumarraga

5,4

0,74

1,18

1,50

Legazpi/Urretxu – Bergara

7,3

1,41

2,32

2,87

Legazpi/Urretxu - Antzuola

2,5

0,48

0,79

0,98

 

 

Ekainera arteko zerga bilketa

Eguneko bigarrengo puntura pasata, Gipuzkoako zerga bilketa metatua 1.402,5 milioi eurokoa izan zen ekainera arte, pasa den urteko epe berean baino 184,5 milioi euro gutxiago (-%11,6). Diru sarrerak %5,4 jaitsi ziren, eta itzulketak %8,5 hazi. Eider Mendozak nabarmendu duenaren arabera, zenbateko hauekin 12 puntutan igo da zerga bilketa aurreko hilabetearekiko, konfinamendu garaian atzeratutako ordainketen zati handi bat berreskuratu ostean. “Lehen hiruhilekoko ordainketa apirilaren 27an zen egitekoa eta ekainaren 1era mugitu genuen. Ondorioz, autolikidazio hauek guztiak 2019ko maiatzean zenbatu ziren eta aurten, aldiz, ekainean. Honek igoeraren zati handi bat azaltzen du”, esan du Mendozak.

          Itzulketen arloan Ogasuna egiten ari den ahalegin berezian ere jarri du azpimarra foru arduradunak, bereziki BEZaren atalean. Hemen, foru erakundeak pasa den urteko lehen seihilekoan baino 52,9 milioi euro gehiago itzuli ditu (+%16,22). “Nabarmentzekoa da foru Ogasuna esparru honetan egiten ari den lana. Honen bitartez, ekonomia arloko eragileei hainbeste behar duten likidezia emateko beste bide bat irekitzen dugu, orain inoiz baino gehiago behar baitute”, adierazi du foru bozeramaileak.

          Datozen hilabeteei begira, Mendozak esan du Foru Aldundiak urte amaierarako egin duen aurreikuspena mantentzen duela, hau da, zerga bilketaren %20ko jaitsiera. “Jarduera ekonomikoak orokorrean, kontsumoak eta lan merkatuak datozen hilabeteetan ere pandemiaren eragina jasaten jarraituko dute, eta honek bere inpaktua izango du zerga bilketan”, azaldu du foru arduradunak, gogoratuz alderaketa 2019 urtearekin egiten dela, “errekor guztiak hautsi ziren urtea hain zuzen ere”. Gainera, esan du Aldundiak hainbat neurri hartu dituela jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunentzat, orain egiten ari diren kanpainetan COVID-19 gaitzaren krisiak eragindako kalteak konpentsatzeko, eta honek ere eragin negatiboa izango duela zerga bilketaren ikuspuntutik.

Zifrak xehatuz gero, eta Errentaren gaineko zergarekin hasiz, lan atxikipenen atalean 20,5 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%2,5). Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza ere positiboa da, pasa den urtean baino 53,1 milioi gehiago batu dira eta (+%8,9). Bestalde, honako hiru kontzeptu hauek erdibana egiten dira PFEZ eta Sozietateen gaineko Zergaren artean: behera egin dute kapital higikor eta higiezinen atxikipenek, 2,1 milioi (-%4,4) eta 1,1 milioi (-%4,1). Aldiz, hazi egin dira ondare irabazien gaineko atxikipenak, 13,7 milioi euro gehiago bildu baitira (+%85,4).

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak 5,6 milioi euro gutxiago jaso ditu: sarrera gordinak 4,3 milioi euro jaitsi dira, eta itzulketak 1,3 milioi eurotan murriztu dira. Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %27,2 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 145,1 milioi euro gutxiago: 57,6 milioitan jaitsi dira sarrerak (-%7,7), itzulketak 52,9 milioitan igo dira (+%16,2) eta lurralde arteko doikuntzak 34,6 milioi eurotan murriztu dira (-%31,2). Zerga berezietan, Hidrokarburoen gaineko Zerga 33,5 milioi eurotan jaitsi da (-%29,1). Azkenik, Estatuarekiko doiketei dagokionean, BEZari dagozkionak 16,4 milioi eurotan murriztu dira, eta zerga berezienak 27,4 milioi eurotan okertu.   

 

Hauteskundeen balorazioa

Bestalde, igandean egin ziren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak ere izan ditu hizpide Mendozak. Lehenik eta behin, eskerrak eman dizkie Gipuzkoan boto eskubidea erabili zuten 303.786 herritarrei. Abstentzioaren igoerari ere egin dio erreferentzia bozeramaileak, ia bost puntutan hazi baitzen lurraldean, “bizi digun ezohizko egoeraren adierazle”. “Bizi dugun testuingurua guztiz ezohizkoa da, baina hala ere berme guztiekin egin ahal izan dira hauteskundeak, eta hau berri ona da”, Euskadin hau gauzatzeko lan egin duten pertsona guztiei eskerrak emanez. Gainera, “errespetua” adierazi du etxean geratzea erabaki eta abstentzioaren alde egin duten pertsonentzat, eta herritarren artean kultura demokratikoa indartzeko lanean jarraitzearen alde egin du.

          “Orain osasun krisi honi erantzuteko lanean jarraitzeko momentua da. Euskadik erakunde sendoak behar ditu arazo honi aurre egiteko, eta hauteskundetako emaitzek horretarako aukera ematen du”, aldeztu du. Bere ustez, pandemiari eta bere ondorioei aurre egitea momentu honetan dagoen egiteko nagusia da eta, horretarako, Euskadik egonkortasuna, elkarlana eta instituzio indartsuak behar ditu. “Orain arte bezala, Foru Aldundia prest dago eta elkarlaneko pronto, herritarrek dituzten behar eta kezkei ahalik eta modu onenean erantzuten jarraitzeko. Iraganean egin izan dugun bezala, ziur nago guztion artean krisialdia gainditzea lortuko dugula”, gaineratu du.

 

COVID-19aren partea

Azkenik, COVID-19 gaitza Aldundiak kudeatzen dituen gizarte politika arloko baliabidetan izaten ari den eraginaren berri ere eman du Mendozak. Honela, adinekoen egoitzak kasurik gabe jarraitzen dute, baina sei kasu positibo hauteman dira gizarte inklusioko baliabideetan. Alor honetako azpiegitura sarea 54 baliabidek osatzen dute, eta guztira 225 egoitza plaza eta beste 192 plaza dituzte etxebizitzetan. Positiboak Donostian (2), Tolosan (2) eta Andoainen (2) eman dira, eta kontagioen jatorria azken udalerri honetan egindako formazio gela batean dago. Osakidetza ari da kasuen eta beraien kontaktuen jarraipena egiten, eta pertsona guztiak asintomatiko edo sintoma oso arinekin daude.

          Bestalde, Mendozak abagunea baliatu du arduraz jokatzearen aldeko deia egiteko, COVID-19 gaitzaren aurrean edozein erlaxazio mota uxatzeko asmoz. “Erne jarraitu behar dugu, pandemia ez baita amaitu”, nabarmendu du, maskaren erabileraren garrantzian jarriz azpimarra. Honela, aurreratu du Aldundiak komunikazio kanpaina bat prestatzen ari dela, hurrengo egunetan ezagutaraziko dena, non Gipuzkoako gizarteko aurpegi ezagunek maskaren erabileraren aldeko mezu honekin bat egingo duten. “Guztion artean, ondo egin diogu aurre pandemiaren lehenengo olatuari, baina ez da erlaxatzeko unea, ezin dugu lortu dugun guztia kolokan jarri eta ikasitakoak zerbaitetarako balio behar digu”, aldeztu du.

  

1361