Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Beasaingo enpresa txikien %36k lehen aldiz jo du telelanera COVID-19aren krisialdiaren eraginez

Foto Beasaingo enpresa txikien %36k lehen aldiz jo du telelanera COVID-19aren krisialdiaren eraginez

Beasaingo enpresa txikien %36k lehen aldiz jo du telelanera COVID-19aren krisialdiaren eraginez

Kontziliazio erantzunkidea sustatzeko HerriLab proiektuaren testuinguruan, lan jardunaldia egin dute herriko hainbat enpresek Goiekiren egoitzan.

Beasaingo enpresa txikien %36k lehen aldiz jo du telelanera COVID-19aren krisialdiaren eraginez

Beasaingo enpresen artean kontziliazio erantzunkidea sustatu asmoz, lan jardunaldia egin dute gaur goizean Goiekiren egoitzan herriko hainbat enpresak, Beasaingo Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera. Bertan, datozen hilabeteetara begira dituzten egitasmoak aztergai izan dituzte eta, baita ere, udalerriko enpresa txikien berdintasun eta kontziliazio politiketan COVID-19ak izan duen eragina izan dute aztergai.

Leire Artola, Beasaingo alkateaz gain, topaketan parte hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, Miren Elgarrestak; Goiekiko zuzendariak, Iker Galparsorok; Silvia Muriel adituak eta Herrilabeko talde motoreko ordezkariek. Bertan izan dira, baita ere, herriko hainbat enpresa.

2018an abian jarritako HerriLab proiektuaren bitartez, kontziliazio erantzunkidearen esperimentazio-probaleku da Beasain. Herriko eragileak eta biztanleak inplikatuz, elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean sustatzeko ekintzak diseinatu, probatu eta ezartzea du helburu, beraz. Esperientzia aitzindari honetatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dira, eta aldi berean, eredu bezala balioko dute lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzerako esperientziak egiteko.

Azken urtebetean azterlan bat burutu dute, COVID-19ak Beasaingo enpresa txikien berdintasun eta kontziliazio politiketan izan duen eragina aztertu asmoz –enpresa handien inguruan dagoeneko 2018an egin zen ikerketa bat–. Oraingo honetan, industria nahiz zerbitzu alorreko 36 enpresek hartu dute parte, zeinak batez beste 11 lanpostuko tamaina duten.

Jasotako emaitzen arabera, hiru enpresa txikitatik batek (%36,1ek) lehen aldiz ezarri du azken urte honetan telelanera jotzeko aukera; orotara, gaur egun telelana egiteko aukera eskaintzen dute enpresa Beasaingo enpresa txikien %41,7k. Gainontzeko kontziliazio neurriei dagokienez, %80,6k eskaintzen du oporren datak aukeratzeko malgutasuna, %83,4k lantokira sartzeko eta irtetzeko ordutegi malgutasuna eta %50ek udako lan jardunaldi jarraia.

Kontziliazio neurri horiez gizonezko eta emakumezkoek egiten duten erabilerari dagokionez, ikerketak erakusten du hainbat inertziak hor jarraitzen duela. Esate baterako, lanorduen flexibilitaterako aukerak alor batzuetan soilik aplikatzea (administrazioan eta kudeaketan bai, ez hainbeste produkzioan) eta lanorduak murrizteko neurriak emakumeek erabiltzea gehiengo handi batez (horrek dakarren soldata galerarekin).