Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Begisare elkarteak jasoko du 2020ko Boluntariotzaren Saria

Begisare elkarteak jasoko du 2020ko Boluntariotzaren Saria

Begisarek 23 urte daramatza boluntariotza bultzatzen eta ikusmen desgaitasuna eta pigmentu erretinosia duten pertsonen alde lan egiten. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 4an izango da.

begisare elkartea ela Maite Peña

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak iragarri duenez, Begisare elkarteak jasoko du 2020ko Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria; "lurraldean erabat sendotuta dagoen erakundea da eta, boluntariotzaren sustapenaren bidez, 23 urte daramatza ikusmen desgaitasuna duten pertsonen alde lan egiten eta, zehazki, pigmentu erretinosia dutenen alboan".  Ikusmen desgaitasun larria duten boluntarioek kudeatzen eta gauzatzen dituzte Begisareko proiektuak, “eta horrek erakusten du edozein pertsona izan daitekeela boluntario, eta ez dagoela oztoporik besteei laguntzeko”.

Gipuzkoako Boluntariotzaren Sariaren helburua, lan sozialagatik eta boluntariotzari bultzada emateagatik nabarmendu diren pertsona eta erakunde sozialen ibilbidea publikoki aitortzea da, "horrela, gero eta solidarioagoa den Gipuzkoa bat sortzen lagunduz", azaldu du diputatuak. Sari honen XXVI. edizioan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Begisareri emango dio saria, ikusmen-urritasuna duten eta, bereziki, erretinosi pigmentarioa duten pertsonen alde egindako lana eta egindako ibilbidea aitortuz, baita boluntariotzarekiko konpromisoa ere.

Saria emateko ekitaldia datorren ostiralean izango da, abenduaren 4an, 11:00etan, Foru Jauregiko Jargi Aretoan. Bertan, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Gipuzkoako Boluntariotzaren 2020ko Saria emango dio Begisare elkarteari.  Aurten, ekitaldian egon daitezkeen pertsonen kopurua mugatua izango denez, ekitaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da.

Begisare elkartearen hautagaitza Biodonostiak aurkeztu du, bere lanaren balioa nabarmentzeko eta ikusmen desgaitasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen egindako ibilbide luzea aitortzeko. Izan ere, bi hamarkadatik gorako ibilbidea boluntariotzari estu lotuta dago: "Elkartearen jarduera ikusmen arazoak dituzten pertsonek berek egitea funtsezkoa da eskaintzen dituzten jarduera eta material guztiak ezin hobeak izan daitezen.  Ikusmen murriztuko pertsonek beraiek aukeratzen dituzte kondizio bera duten beste pertsona batzuk baliabidez hornitzeko estrategiak", adierazi du Maite Peñak.

Gipuzkoan 15.000 pertsona inguruk dute ikusmen urria, eta 200 pertsonak, berriz, erretinosi pigmentarioa. Begisarek arreta integrala eskaintzen die ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei eta haien ingurukoei, ikerketa bultzatzen du Donostia Ospitaleko oftalmologia-zerbitzuaren eta Biodonostia Institutuaren eskutik, eta oso lan garrantzitsua egiten du gizarte-sentsibilizazioan, lurraldean jada finkatuta dauden kanpaina ugariren bidez. Kanpaina horien helburua da kaltetutako pertsonak eta horiek tratatzen eta ikertzen dituzten profesionalak ikusaraztea.

Maite Peña foru diputatuaren hitzetan, Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria "oso lagungarria" da "egunero eta trukean ezer espero gabe milaka pertsonak egiten duten lan ordainezina" ikusarazteko, eta, aldi berean, boluntariotzak lurralde osorako duen "garrantziaz eta onuraz" kontzientziatzeko. "Gipuzkoa lurralde solidarioa da, 700.000 biztanle inguru gara, eta 40.800 boluntario baino gehiago ditugu". Diputatuak gaineratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarte horiei laguntzen jarraituko duela, "ezinbestekoak" baitira Gipuzkoa "lurralde gero eta berdinagoa, kohesionatuagoa eta solidarioagoa" izateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak duela 26 urte sortu zuen Gipuzkoako Boluntariotza Saria, Gipuzkoako Hirugarren Sektore Soziala osatzen duten pertsona eta erakundeen dedikazioa eta ekarpena aitortzeko. Azken urteetako irabazleak honako hauek izan dira: AGIPAD (1999), ACASGI (2000), Gipuzkoako pentsiodunen elkartea (2001), Nagusilan (2002), Karitateko alabak (2003), DEE (2004), CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006), Juan María Garitano (2007), Izan fundazioa – Gizakia helburu (2008), Behar Bidasoa (2009), DYA Gipuzkoa (2010), Esperantzaren telefonoa (2011), Laringektomizatuen elkartea (2012), Odol emaileen elkartea (2013), Koldo Aulestia (2014), Gipuzkoako elikagaien bankua (2015), Hurkoa (2016), Atzegiko boluntarioak (2017), Jose Mari Soroa (2018), Charo Martínez Lascurain (2019).

  

1530