Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Berdintasuna, landa eremuaren etorkizunerako aukera berriak atzemateko bidea

Berdintasuna, landa eremuaren etorkizunerako aukera berriak atzemateko bidea

Alorreko eragileekin partekatu du diputatu nagusiak gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko Gipuzkoako lehen diagnosi bateratua

Berdintasuna, landa eremuaren etorkizunerako aukera berriak atzemateko bidea

Berdintasuna landa eremuaren etorkizuna eta ongizatea bermatzeko klabeetako bat dela uste du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hausnarketa eragiteko helburuarekin, topaketa egin dute gaur Zizurkilgo Fraisoro gunean Tolosaldeko landa eremuko eragile eta udaletako ordezkariek eta foru arduradunek. Oinarri bezala, Berdintasunerako Organoak eta Lurralde Orekakoa zuzendaritzak lankidetzan egin duten diagnosia erabili dute, gai honetan eta era zabalean Gipuzkoan egin den lehena. Topaketa Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta aipatutako bi zuzendaritzetako arduradunek – Miren Elgarresta eta Iñaki Labaka – gidatu dute. Gaurko topaketa Tolosaldeko eragileei zuzendua egon da eta azken asteetan eskualde ezberdinetan egindako saio sorta baten azkena izan da. Hala, kontraste fase hau eta gero, lanketarekin jarraituko du Aldundiak, ikuspegi hau politika zehatzetara bideratzeko.

            Aldundiak landutako ikuspegi honek bidea urratzen du zentzu askotan. Izan ere, berdintasunari buruzko azterketa sozioekonomikoek sarri ez diote landa eremuko gizon-emakumeen egoera espezifikoari begiratzen. Azterketa berri honek metabolismo demografikoa, kohesio soziala, egitura ekonomikoa eta lurralde egitura kontuan hartuz, 20 adierazle baino gehiago hartu ditu aintzat. Erradiografiak, gaurdaino modu konparatuan eta bateratuan aztertu ez diren datuak alderatu ditu, Gipuzkoako hiriguneak eta landa eremua parez pare jarri.

            Diputatu nagusiak landa eremuko emakumeen lanaren aitortzarekin ekin dio topaketari. Markel Olanoren hitzetan, "landa eremuko emakumeek denetariko lanak egiten dituzte familia, ekonomia eta herrietako bizitza sustengatzeko, lan ezkutua da sarri, eta errekonozimendua zor zaie". "Etorkizunean lurraldearen oreka mantendu eta indartzeko funtsezkoa izango da emakumeen partaidetza", ondorioztatu du Olanok. Hori dela-eta, ezinbestekotzat jo du Aldundiak landa eremuaren eta herri txikien ongizatea planteatzerako orduan, gizonen eta emakumeen berdintasunaren ikuspegia txertatzea. Diputatu nagusiaren esanetan, "genero irakurketaren beharra ikusteaz gain, etorkizunerako aukera baten aurrean gaudela atzeman dugu eta landa eremua ulertu eta etorkizuna eraikitzeko aukera eta modu berriak irekiko dizkigu". Lehen urratsak dira hauek baina helburua argia dela dio diputatu nagusiak: "Berdintasun politika eraginkorrak ezartzea lurralde osoan, hiriguneetan eta herri txikietan".

            Gipuzkoa mailan ikerketa honek duen garrantziaren harira, Iñaki Labaka, Lurralde Orekako zuzendariak azpimarratu du landa inguruaz soilik aritu arren, lurraldearen "zati esanguratsu" batez ari garela hitz egiten: "bai hedaduraz eta baita sozialki eta ekonomikoki ere". Labakak azaldu duenez, landa eremua baserriari lotutako espazioez gain, herri txikiek eta udalerri handietako auzo eta nekazaritza eremu zabalek ere osatzen dute. Horrela, Gipuzkoan gutxi gorabehera 120.000 herritar bizi dira eremu horretan, biztanleriaren % 20. Berdintasunaren aldeko erronka lurralde osoan partekatutako apustua bada ere, Labakak azpimarratu du ikuspegi berri honek eraginkortasuna emango diela politika eta ekimenei. Izan ere, argazki orokorretik hasita aspektu zehatzagoetara, diferentzia aipagarriak badaude hiriguneen eta landa eremuaren artean. Hasteko, datu orokorretan, Gipuzkoa biztanleen % 51,1 baldin badira emakumeak, gehiengo hori ez da ematen landa eremuan eta herri txikietan, %48,2koa baita kopurua esparru horretan (EUSTAT eta INEren datuak, 2016).

            Txostenak 60. hamarkadako garapen industrialari estu lotutako argazkia erakusten du. Garai hartako ondorioetan kokatua jarraitzen du egungo errealitateak. Batetik, aukera profesional berrien bila joandako landa eremuko emakume gazteen exodoa gertatu zen mugarritzat hartzen den hamarkada hartatik aurrera. Bestetik, etxean geratutako emakumearen pobretzea eta senarrarekiko mendekotasuna etorri zen, zaintza lanetara lotzea eta, orokorrean, biztanleria aktiboaren apaltzea osteko hamarkadetan. Azken krisialdi ekonomikoak utzitako aztarnak ere nabarmenak dira, bereziki, formazioan eta lanbideetan generoaren araberako banaketan, eta belaunaldi gazte eta formatuenen migrazioan. Bilakaera honek herri txikietako metabolismoan eragin handia izan du, hori dela-eta, berdintasunari zeresan handia aitortzen diote foru arduradunek, etorkizunera begirako berme gisa jarriz.

Diagnosiaren emaitzak

Miren Elgarresta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasun Organoaren zuzendariak azaltzen duenez, diagnosi hau aurrez zuten "intuizio bati jarraiki" egin da, sumatzen baitzuten "emakumeen eta gizonen arteko rolak landa eremuan errotuagoak eta finkatuagoak daudela". Elgarrestak azaldu du gaur egun landa eremuan aldaketak sumatzen ari direla baina "ikerketa honek estrukturalak diren ezaugarri bereziei aurre egiten lagunduko" duela. Gehitu duenez, ekonomiarekin eta kontziliazioarekin zuzenean lotutako ezaugarriak azaleratu ditu diagnosiak. Adibidez, landa eremutik kanpoko desplazamenduak txikiagoak dira formazio eta enplegurako aukera zabalagoak dituzten eskualdeetako herri txikietan, Debagoiena eta Goierri kasu. 2011 urteko datuen arabera, aktibotasun mailan herri txikietan gainontzeko udalerrietan baino ia zortzi puntu gehiago du emakumeen inaktibitateak eta are handiagoa da amatasuna eman ohi den adin tarteari begiratzen badiogu (30 eta 44 urte). Orokorrean, emakumeen langabezia handiagoa dago herri txikietan.  Elgarrestak azaltzen duenez, arreta berezia jarri behar zaio amatasunaren urteetan garapen profesionalean eta errenta mailan landa inguruko emakumeetan egoerari eta zaintza lanen arduran egiten den banaketari. "Desberdintasunak ez egonkortzeko arreta oso bereziarekin aztertu beharreko ezaugarriak" dira horiek Elgarrestarentzat.

Eranskinak:

  

1210