Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bere maximo historikoa jo eta 25 milioi bidaiatik gora izan ditu Lurraldebusek urte bakarrean

Bere maximo historikoa jo eta 25 milioi bidaiatik gora izan ditu Lurraldebusek urte bakarrean

Iragan 2019an 25.294.981 bidaia izan zituen Lurraldebusek, aurreko ekitaldian baino 449.917 gehiago (% 1,81eko hazkundea).

2020/02/27

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Rafaela Romerok Lurraldebusek 2019. urtean izan zituen emaitzak azaldu ditu ostegun honetan, Batzar Nagusietan. Balantzea positiboa izan da, aurreko urtean baino 449.917 bidaia gehiago izan baititu. 25.294.981 bidaia izan dira, guztira, ekitaldian. Lurraldebusen zerbitzuak, honela, 25 milioi bidaien langa gainditu du, lehen aldiz, urte bakar batean.

 

Lurraldebusen urteko txostenean jasotako datu horiek argi uzten dute bere hazkundea -etenik gabekoa 2016tik- Gipuzkoako eskualde guztietan eman dela. Berak eskatuta egin duen agerraldian Romero diputatuak aurkeztu duen dokumentuak Lurraldebusen hazkunde-erritmoa esanguratsua dela agerian utzi du. 2016. urtean zerbitzuaren zenbait emakida berrantolatu egin ziren eta % 4ko hazkundea egon zen aurreko urtearekiko, 24 milioi bidaien langa gaindituz lehen aldiz. Ordutik hona, zerbitzuaren hazkundeak ez du etenik izan eta % 2(e)ko eta % 1,6(e)ko hazkundeak izan zituen, hurrenez hurren, 2017ko eta 2018ko ekitaldietan.

 

Hazkundea, eskualdeka

Lurraldebusen erabilerak eskualde guztietan egin du gora 2019ko ekitaldian. Tolosaldean izandakoa azpimarratu beharra dago, % 75ekoa izan baita. Goierrialdean, bere aldetik, % 6,1ekoa izan da eta Zumaia-Zarautz-Donostia ardatzean % 5ekoa -1,5 milioi bidaiari ia-. Urola Erdian eta Debagoienan egondako hazkundea % 3,43koa eta % 3,55ekoa izan da, hurrenez hurren. Oarso Bidasoak, azkenik, % 0,52 egin du gora Renfeko Aldiriko zerbitzuan gauzaturiko tarifen bateratzeak ekarri duen lehiaketa handiagoaren ondorioz.

 

Romero diputatuak Batzar Nagusietako batzordearen aurrean adierazi duenez, “Lurraldebusen zerbitzuaren bilakaera Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuak egin duen apustuaren isla argia eta ezin hobea da. “25 milioi bidaien langa gainditzeaz haraindi, Gipuzkoako eskualde guztietan hazi izanak, eta hazkunde hori era iraunkorrean egin izanak inor ez dugula alboan utzi eta 2019ko ekitaldiko emaitza onak Lurraldebusen eraginkortasuna eta zerbitzua Gipuzkoako biztanle guztientzako hobetzea xede duen estrategia iraunkor baten emaitza direla frogatzen dute”.

 

Ibilbide luzeko lineei dagokienez, Donostia eta Loiuko aireportua batzen dituen lineak izan duen % 11,34ko hazkundea azpimarratu beharra dago (1,5 milioi bidaiari garraiatu ditu 2019n); bai eta Donostia eta Vitoria-Gasteizen arteko linea ere, % 6,67 egin baitu gora.

 

Lurraldebusek egin duen analisiaren arabera, lorturiko emaitza onak erabiltzaileen egiazko beharrak asetzea xede duten neurrien emaitza dira: zerbitzuen errefortzua puntako orduetan, gaueko ordutegien luzatzea asteburutan eta udaran zehar eta erabiltzaileentzako informazioaren hobekuntza Lurraldebusen APPa eta Lurticket bezalako teknologia-erreminta berriei esker. Hori guztiaren ondorioz, bidaiarien kopuruak etengabe egin du gora azken lau urteotan. “Baina hau ez da amaiera -gaineratu du Romerok-. Zerbitzua demokratizatzen eta bere irisgarritasuna hobetzen jarraitu nahi dugu, garraio-sistema iraunkor bat bermatzeko Gipuzkoan, zeinak konektatua egoteko aukera emango dien biztanle guztiei”.

 

Zentzu horretan, iragan otsailaren 17an, astelehenean 9 autobus hibrido berri aurkeztu zituen Lurraldebusek. Debagoienako lineetan erabiliko dira eta orain arte erabiltzen ziren 10 autobusei gehituko zaizkie. 2030. urterako bere autobusen % 65 hibrido izatea espero da.

 

Lurraldebusen urteko txostenak hiriarteko bere autobus-zerbitzuen puntualtasunari buruzko datuak jasotzen ditu ere: txostenaren arabera, % 92,31koa izan zen iaz. Bestalde, 2019. urtean zehar 82.722 dei jaso ziren, guztira, bezeroen arretarako ordutegiaren barruan (2018n baino % 6 gehiago).

 

Generoen araberako banaketari dagokienez, emakumezkoak dira Lurraldebuseko erabiltzailerik nagusienak. 2019an, erabiltzaileen % 64 emakumezkoak izan ziren; eta emakumezkoek Bezeroen Arretarako Zerbitzura egindako deien % 68 egin zuten. “Ahantzi ezin dugun gako bat da hori, gaineratu du Rafaela Romerok, emakumeak garraio publikoaren jagolerik nagusiena baitira egun eta, ondorioz, aintzat hartu beharreko datu bat da zerbitzua gure bezeroen beharretara egokitzeko egiten dugun etengabeko esfortzuan”.

  

1287