Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Berotegi-efektuko gasen emisioak %4,9 jaitsi ziren Gipuzkoan 2018. urtean

Berotegi-efektuko gasen emisioak %4,9 jaitsi ziren Gipuzkoan 2018. urtean

Gipuzkoan, 2018an, guztira, 6.405 kilotone CO2 baliokide isuri ziren.

2020/06/19

Industriak du portaera onena, %16,5 jaitsi baita 2017arekiko. Garraioak emisioei ekarpen handiena egiten dien sektorea izaten jarraitzen du, guztizkoaren %41 egin baitu.

José Ignacio Asensio: “Gipuzkoak lehentasuna eman behar dio klima-aldaketaren aurkako borrokari, eta aurrera egin behar du hazten eta enplegua sortzen lagunduko dion garapen iraunkorreko eredu baterantz, emisioak handitu gabe”.

Gipuzkoako Berotegi Efektuko Gasen Inbentarioaren azterketa urtero egiten da, ‘Gipuzkoa Klima 2050’ Klima Aldaketaren aurkako Gipuzkoako Estrategiaren barruan, Naturklimaren behatokiaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Ihobek, egindako inbentarioa erreferentziatzat hartuta.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatu eta Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioko lehendakariak, Naturklima Fundazioko zuzendari tekniko Xabier Estebanekin eta Ingurumeneko Zuzendaritzako zuzendari Mónica Pedreirarekin batera, “Gipuzkoako Berotegi Efektuko Gasen Emisioen Inbentarioa” aurkeztu ditu gaur goizean.Ikerlana Ihobek egindako inbentarioko datuetan oinarritzen da.

Bigarren urtea da Gipuzkoako Berotegi Efektuko Gasen Inbentarioaren azterketa hau egiten dela. Azterketa hori urtero egingo da datozen urteetan, ‘Gipuzkoa Klima 2050’ Klima Aldaketaren aurkako Gipuzkoako Estrategiaren barruan. Azterketa horren bidez, berokuntza globalean eta klima-aldaketan eragiten duen faktore giltzarriari dagokionez, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak,  gaur egun dugun egoera zein den jakin dezakegu.

Azterketaren oinarria 2005. urtea izan da. Europako herrialdeek erreferentziazko aldi hori ezarri dute emisio barreiatuak murrizteko egin beharreko ahaleginak kalkulatzeko (406/2009/EE), eta ikerlanean ondorioztatu dute berotegi-efektua eragiten duten gasen (BEG) emisio totalak %24,2 murriztu direla 2005-2018 tartean.Aurreko 2005-2017 tartean, guztizko emisioak %21 jaitsi ziren, eta horrek joera positiboa adierazten du 2050 Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko Gipuzkoako Estrategian (GK 2050) finkatutako helburuen bidean, 2030erako gutxienez %40ko murrizketa ezartzen baitu.

Berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioen beheranzko joera hori 2017arekiko %4,9ko jaitsieran zehazten da. Gipuzkoan, 2018an, 6.405 kiloton CO2 baliokide isuri ziren guztira, aurreko urtean baino 330 kiloton CO2 baliokide gutxiago.

2017 urtearekin alderatuta, hauek dira jeitsiera lortu duten sektoreak: industria-sektorea (-%16,5), nekazaritza (-%13,6), energia-sektorea (-%9,6) eta hondakinak (-%5,6). Aldiz, etxebizitza-sektoreak (+% 16,1), zerbitzuek (+% 5.3) eta garraioak (+% 2,6) handitu dute emisioa.

Emisioen datuak sektoreka gehiago banakatzen badira, garraioaren sektorea izan zen emisio-sortzaile handiena (% 41), energia-sektorea (% 26) eta industria-sektorea (% 18).

 

2017an, garraio-sektorearen emisioek guztizko emisioen %41 (2.658 kt co2eq) eragiten dute. Sektore horretan, emisioak +% 2,6 hazi dira 2017aren aldean, eta +% 20,2 2005az geroztik. Sektore horrek handitu du gehien guztizko emisio-bolumena. Gipuzkoako emisioen gehikuntza erregaien kontsumoaren igoeraren ondorio da, eta horrek eragina izan dezake inguruko eskualdeetako txikizkako salmenten gaineko zergaren igoerak.

Energetikoak 1.647 kt co2eq isuri zituen, hau da, 2017arekiko %9,6ko murrizketa. Gipuzkoako energia elektrikoaren azken kontsumoa ia egonkor mantendu dela kontuan hartuta, emisioak murriztearen arrazoia da Estatuko mixa hobetzea, ikatzaren parte-hartze txikiagoa eta sorkuntza hidrauliko handiagoa direla eta, horrekin batera, ekoizpen eolikoa pixka bat handitu dela.

 

Industria-sektoreko BEGen emisioei dagokienez, 2018rako 1.174 kt co2eq izan ziren, guztizko emisioen %18, eta - %16,5 murriztu zen 2017arekiko. 2005. urtearekin alderatuta, emisioak% 30,9 murriztu dira, batez ere, ekoizpen metalurgikoan izandako beherakadagatik.

Etxebizitza-sektorearen emisioak +% 16,1 hazi dira 2017arekiko (317 kt co2-eq), eta guztizko emisioen % 5 eragiten du. 2018ko emisioak +% 14,0 hazi dira, 2005ekoekin alderatuta.

Zerbitzuen sektoreak %5,3 handitu ditu emisioak 2017arekiko (159 kt co2eq). Sektore horretako emisioak %29,3 igo dira 2018an, 2005arekin alderatuta.

Nekazaritzaren sektorean, 207 kt co2eq (guztizko emisioen %3) emisioekin, 2018an - %13,6 murriztu da 2017rako, hau da, - %40,5 murriztu da 2005arekiko. Beheratze hori, besteak beste, azienda jaistearen eta lurzoruari aplikatutako ongarri ez-organiko eta organikoen kopurua murriztearen ondorio da.

Hondakinen sektoreak 272 kt co2-eq isuri zituen 2018an, hau da, inbentarioko emisioen %4. Sektore horretako emisioak -% 5,6 murriztu dira 2017arekiko, eta -% 29,0, 2005arekiko. Murrizketa hori, besteak beste, isurketa-tasa txikiagoari zor zaio.

Gipuzkoan egiten den lehen azterketa da Gipuzkoako Berotegi Efektuko Gasen Inbentarioaren azterketa, eta berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioen egungo egoera zein den jakiteko aukera ematen digu. Azterketa aldizka egingo da, eta lortutako datuak oinarrizkoak izango dira ‘Gipuzkoa Klima 2050’ Klima Aldaketaren aurkako Gipuzkoako Estrategiari lotutako jarduerak garatzeko. Estrategia hori foru-arau gisa tramitatuko da legealdi honetan.

Berotegi-efektuko gasen murrizketari buruzko datuak hobetzen jarraitzeko, besteak beste, Gipuzkoako Hiriarteko Mugikortasun Plana diseinatzea aurreikusten da, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin lankidetzan. Energiaren arloan, “Gipuzkoako Energia Jasangarritasunerako Estrategia 2050” foru dekretu bidez onartzea ere aurreikusten da; industriaren sektorean aldiz,  fiskalitate berdearen inguruko alderdi tekniko-ingurumenekoak definitzen dituen erregelamendu-garapena,  ekonomia zirkularrari buruzko ekintza-plan bat, eta kontratazio publiko berderako plan bat ere sustatuko dira, ekonomia zirkularreko eta klima-aldaketaren aurkako borrokako irizpideak lehiaketa publikoetan sartzeko.

  

1251