Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Beste astebetez luzatuko dira azken prebentzio neurriak

Foto Beste astebetez luzatuko dira azken prebentzio neurriak

Beste astebetez luzatuko dira azken prebentzio neurriak

Desgaitasuna duten pertsonen egoitzetako irteerak astelehenetik aurrera hasiko dira berriro, eta eguneko zentroak ere zabalduko dira.

Beste astebetez luzatuko dira azken prebentzio neurriak

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak jakinarazi du, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen zentroetan hartutako azken prebentzio neurriak berrikusi direla, eta jakinarazi du, adinekoen baliabideen kasuan, bihartik aurrera bisitak bi lagunetara zabalduko direla, eta egoitzetako egoiliarren irteeren etena eta eguneko zentroen itxiera beste astebetez luzatuko direla, abuztuaren 2ra arte. Bestalde, desgaitasuna duten pertsonentzako baliabideen kasuan, bai eguneko zentroen irekiera, bai egoiliarren irteerak, uztailaren 27tik aurrera hasiko dira berriro. Maite Peñak azpimarratu duenez, neurri horien helburua oraindik ere birus horren ondorioekiko ahulenak diren pertsonen osasuna eta ongizatea zaintzea da.

Duela hiru aste, Ordizian atzemandako agerraldiaren ondorioz, prebentzio neurriak areagotu ziren Goierri eskualdeko egoitzetan eta eguneko zentroetan, eta ondoren, ildo berari jarraitu zitzaion Getarian, Zarautzen eta Debabarrenan. Joan den larunbatean, Osasun Sailak egoitzetako irteerak eteteko eta eguneko zentroak ixteko gomendioa zabaldu zuen hiru lurraldeetan, eta Gipuzkoan, egun horretatik aurrera, egoitzetako irteerak bertan behera uzteko eta adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen eguneko zentroak ixteko erabakia hartu zen. Bisitak prebentzio-neurriak zorroztuz egiten jarraitu ahal izan da, eta bisita bakoitzeko pertsona bakar bati mugatuta egon dira.

Bihartik aurrera, egoera epidemiologikoa baloratu ondoren eta osasun-agintariekin kontrastatu ondoren, egoiliar bakoitzeko bi pertsonak bisitak egin ahal izatea ahalbidetuko da, eta ez dute zertan berdinak izan beharko bisita guztietan. Hala ere, irteerak etenda egongo dira –ez terapeutikoak, orain arte bezala egiten jarraituko direnak–, eta eguneko zentroak itxita egongo dira abuztuaren 2ra arte. Eguneko zentroei dagokienez, diputatuak gogorarazi du zentroak itxita egon arren, bertako langileek egunero egiten dutela jarraipena telefonoz, eta premia handiena duten kasuetan, arreta indartu egiten dela etxean bertan.

Desgaitasuna duten pertsonen baliabideen kasuan, berriz, datorren astelehenean, uztailaren 27an, irekiko dituzte eguneko zentroak, Eibarren, Bergaran, Zarautzen, Tolosan eta Ibarran kokatuta daudenak izan ezik. Gauza bera gertatzen da egoitza-zentroetako irteerekin ere, eta astelehenetik aurrera egin ahal izango dira berriro, bost herri horietan kokatutako zentroetan izan ezik.

"Oso adi jarraitzen dugu egoeraren bilakaera, prebentzioa areagotuz eta guardia jaitsi gabe. Horretarako, Zaintza eta Alerta Sistema aktibatuta daukagu, aukera ematen diguna egoera denbora errealean zein den jakiteko eta, horrela, ahalik eta azkarren jarduteko. Helburu bakarrarekin: pertsona ahulenen ongizatea zaintzea eta babestea", zehaztu du Peñak.