Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bidegik AP-8ko Astigarra- Oiartzun Garraio Zentro Integralaren ustiapena lizitatu du

Bidegik AP-8ko Astigarra- Oiartzun Garraio Zentro Integralaren ustiapena lizitatu du

Aintzane Oiarbide: "COVID 19ren alarma-egoerak agerian utzi du horrelako zentro bat behar dela garraiolarien beharrei erantzuteko, horiek baitira gizarte osoaren hornidurarako gakoak"

2020/05/15

Aintzane Oarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Alfredo Etxebarria, Bidegiko zuzendariak agerraldia egin dute Batzar Nagusietan, beraiek hala eskatuta, Astigarraga-Oiartzun Garraio Zentro Integralaren proiektuaren egoeraren berri emateko. "COVID 19k eragindako alarma-egoerarekin bizi dugun egoerak baieztatu egin du horrelako azpiegitura bat behar dela; garraiolarien beharrei erantzuteko irekita dagoen gune bat, gizarte osoaren hornidura mantentzea ahalbidetu duten gakoetako bat baita", nabarmendu du Oiarbide diputatuak bere hitzaldian.

Garraio Zentroaren lanak oso erritmo onean doaz. Une honetan, Bidegi foru-sozietateak irekita dauka bi plataformak kontserbatzeko, mantentzeko eta ustiatzeko lizitazio-prozesua. Plataforma horietako bat Astigarragan dago, eta bestea Oiartzunen. Lizitazioaren zenbatekoa 6 milioi eurokoa da, eta 8 urteko ustiapen-epea izango du.

          Enpresa emakidadunak urtebete eta bost hilabeteko epea izango du Astigarragako plataformaren zerbitzu-eraikin berria eraikitzeko, bai eta horretara bideratutako partzelaren urbanizazioa egiteko ere. Halaber, Astigarragako eta Oiartzungo plataformetan pertsonen eta ibilgailuen sarbide- eta barne-zirkulazioa kontrolatzeko beharrezko instalazioak eta ekipamenduak gauzatu beharko ditu. Bi eremuetako zerbitzu-eraikinek jatetxe-kafetegia, supermerkatua, komunak eta dutxak, telebista-aretoa edo jolas-gunea eta garbitegia izango dituzte. Horrez gain, wifia, kutxazain automatikoa, telekomunikazio-zerbitzuak, takografoa deskargatzeko sistema eta plaza aldez aurretik erreserbatzeko aukera izango dute. Fase honetan aurreikusitako inbertsioa 3,8 milioi eurokoa izango da eta emakidadunak ordainduko du. Aparkalekuko langileak eta gidariak bakarrik sartu ahal izango dira esparrura, erabiltzaileen eta salgaien segurtasuna bermatuz. Sistema guztiek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzeko "martxa zuriko" aldi baten ondoren, 2022ko urtarrilaren 1ean hasiko da emakida-epea.

Era berean, lizitazio-prozesuan dago Oiartzungo kamioientzako egungo aparkalekua birmoldatzeko obren proiektua. Aurrekontua 3.545.918 €gehi BEZa da, eta gauzatze-epea urtebetekoa.

          Gaur egun, aparkalekuak bi gune ditu: bat noranzko bakoitzarentzat; 105 aparkaleku ditu Bilborako norabidean, eta 57, Behobiarako norabidean. Birmoldaketa proiektuak bi zabalguneak plataforma bakar batean bateratzea aurreikusten du, Donostiarako noranzkoan 190 aparkalekuko azalera osatuz. AP-8tik sartzeko bidea Irungo enborreko ordainlekua gurutzatu bezain laster mantenduko da, eta banaketako barne-biribilgunea kenduko da. Aparkaleku berrirako sarrera bi noranzkoko bide batetik egingo da, eta zabalgune berriaren perimetro osoa inguratuko du.

Oiartzungo gunea birmoldatzeko lanak bi fasetan egingo dira, une oro 35 eta 100 aparkaleku artean bermatzeko. Zerbitzu-eraikina gaur egun erabilgarri dagoen berbera izango da, eta Behobiarako noranzkoan dagoen gasolindegitik jatetxe-gunera sartzen diren ibilgailu arinentzako aparkalekuak mantenduko dira. Gaur egun, ez du inolako perimetro-itxiturarik, ez eta kameren segurtasun edo zaintza-sistemarik ere, eta, birmoldatu ondoren, Astigarragako plataforma berriaren segurtasun eta zerbitzu-estandar berberak izango ditu.

Astigarragako plataforma berdinketa eta urbanizazio-obren fasean dago, emakidadunak zerbitzuen eta segurtasun-kontrolaren eraikina eta sarbideak eraikiko diren eremuan egin beharko duen esku-hartzeari begira.

Astigarraga-Oiartzun Garraiolarien Zentruak 505 kamioirentzako edukiera izango du; 315 Astigarragan Behobiarako noranzkoan eta 190 Oiartzunen Bilborako noranzkoan. Bi aparkalekuek salgai arriskutsuen garraiorako leku bereziak izango dituzte, 30 plaza Astigarragan eta 29 Oiartzunen.

Azpiegitura berriak, halaber, 46 plaza izango ditu hozkailu-kamioientzat, eta postu bakoitzean korronte elektrikoko hartuneak izango ditu. 28 Astigarragan eta 18 Oiartzunen. Bi plataformetako aparkalekuak txandakakoak izango dira, eta itxitura perimetral bat izango dute, eskaladaren aurkako hesiarekin, argiztapenarekin, azalera osoa monitorizatuko duten zaintza-kamerekin eta sarrerak eta irteerak kontrolatzeko sistema batekin. Aintzane Oiarbidek aurreratu duenez, "Garraio Zentro Integral hau bakarra izango da Euskadin, eta Estatuko handiena, segurtasun eta zerbitzu maila "urrezkoa" duena Europako estandarren barruan". "Gainera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak CO2 isuriak jaisteko egin duen apustuari jarraituz, Astigarragako plataforman lursail bat gorde da erregai jasangarrientzat eta ingurumena gehiago errespetatzen dutenentzat, hala nola, gasa edo hidrogenoa", adierazi du Bide Azpiegituretako diputatuak bere hitzaldiaren amaieran.                                                         

  

1442