Bidegik Aritzetako aparkalekua handitzeko obrak esleitu ditu, 1,3 milioi euroan
Bidegik Aritzetako aparkalekua handitzeko obrak esleitu ditu, 1,3 milioi euroan
Obrak egin ondoren, aparkalekuak plaza kopurua bikoiztuko du, eta oraingo 159etatik 305era igaroko da.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Alfredo Etxeberria Bidegi foru sozietateko zuzendariak Aritzetako aparkalekua handitzeko proiektua aurkeztu dute. Proiektua 1,3 milioi euroan esleitu da, eta obrak egin ondoren –4 hilabete irautea aurreikusten da–, aparkalekuak plaza kopurua bikoiztuko du, eta oraingo 159etatik 305era igaroko da.
“Gipuzkoako Foru Aldundiak mugikortasun partekatuaren aldeko apustua egiten du. Garraio publiko kolektiboak oinarrizko ardatza izaten jarraitu behar du, baina, batzuetan, ordutegiengatik edo ibilbideengatik, ibilgailu pribatua hautatu behar izaten dugu. Aritzetako aparkaleku hori handituta, urrats bat gehiago egiten dugu mugikortasun partekatua errazteko gure lanean”, adierazi du diputatuak.
Aritzetako aparkalekua handitzeko obren bidez, solairu berri bat eraikiko da gaurko eremuan, eta obrak zenbait fasetan egingo dira. “Aritzetako aparkalekuak eskari handia dauka; horregatik, handitzeko obrak lau fasetan egingo dira, ez ixteko, eta bermatzeko erabiltzaileak jarraituko duela aparkatzen obretatik libre dagoen eremuan“, aurreratu du Oiarbidek, eta gaineratu du ezen “errefortzu gisa, eta obrek dirauten bitartean, Foru Agentziak 33 plaza jarriko dituela erabiltzaileen eskura Bidegiko bezeroaren arreta-zentroan, alderdi berean baitago. Irungo noranzkoan dagoen aparkalekuan ere, 76 plaza gehiago egokituko dira ibilgailu arinentzat; beraz, obrek irautea aurreikusten den lau hilabete horretan, aparkatzeko nahikoa leku izango dute hala behar duten erabiltzaileek“.
Obrak datorren azaroaren hasieran hastekoak dira, eta kalkulatzen denez, aparkaleku handitua 2019ko otsailaren amaiera aldera egongo da bukatuta.
Obren lehen fasean, 4 astekoa izatea espero den denbora batez, 121 plaza edukiko dira irekita, hau da, aparkalekuak duen edukieraren % 76. Sarrerako arrapalaren eskuineko erreia itxita egongo da, eta zirkulazioa semaforoen bidez antolatuko da, bidea txandaka emanez sartzen eta ateratzen diren ibilgailuei. Oinezkoentzako sarrera oraingo eskaileretatik egingo da.
Bigarren faseak izango du eraginik handiena okupazio bolumenean, 82 plaza itxiko baitira. 77 dartsena egongo dira irekita: % 48. Fase horretan egingo dira lan gehienak lehen solairua altxatzeko eta hango eremuaren parte bat prestatzeko. Orobat eraikiko da solairu berrira iristeko arrapala. Iristeko eta irteteko bi erreiak irekita egongo dira. Fase horrek 5 aste iraungo du.
Obren hirugarren fasea urtarrileko bigarren astean hasiko dira, eta erabiltzaileek 131 plaza izango dituzte: oraingo edukieraren % 83. Beheko solairuaren parte batean 62 ibilgailuk aparkatu ahal izango dute, eta beste 69k, berriz, lehen solairuan prestatuko den esparruan. Bitarte horretan, beheko solairura iristeko arrapalaren ezkerreko erreia itxita egongo da, eta semaforoen bidez emango da bidea.
Laugarren eta azken faseak bi azpifase izango ditu, bi solairuen artean banatutako 305 plazak behin betiko seinaleztatzeko lanak egiteko. Prozesu hori gertatu bitartean, erabiltzaileek 159 plaza izango dituzte Aritzetan: oraingo edukiaren % 100. Aparkaleku berritu eta handituak LED luminaria berriak izango ditu, eta bideozaintzako sistema bat edukiko du.
2074