Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bideratuta daude herritarrek 2020ko aurrekontu irekietan aukeratu zituzten bost proiektuak

Bideratuta daude herritarrek 2020ko aurrekontu irekietan aukeratu zituzten bost proiektuak

15.000 lagun inguruk hartu dute parte prozesuaren fase ezberdinetan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimenaren balorazio oso positiboa egin du.

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantzako foru diputatuak 2020ko aurrekontu irekien prozesuaren balorazio oso positiboa egin du eta, azaldu duenez, bideratuta daude eta martxan dira herritarrek aukeratu zituzten bost proiektuak. “Zailtasunez betetako bidea izan da, baina hala ere herritarrei hitza eman eta, gero, pandemia betean, hauek egindako hautuak errealitate bihurtu edo errealitate bihurtzeko bidean jartzeko gai izan gara”, azpimarratu du. “Gobernantza irekia eta elkarlanekoa erakunde honen DNAren parte bihurtu nahi dugu, eta ahalegin horretan argi dago aurrekontu irekiak bezalako tresna batek duen erabilgarritasuna. Horregatik, ekimenak jarraipena izango du datozen urtetan”, iragarri du.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, 2020ko aurrekontu irekien prozesuak eman duenari buruzko balantzea egiteko. Berarekin izan da Mikel Pagola, Herritarren Partaidetzako foru zuzendaria. Foru diputatuak gogoratu duenez, ekimen honen bitartez, Aldundiak Herritarren Partaidetzari buruzko 5/2018 Foru Arauak eta Etorkizuna Eraikiz ereduak jasotako helburuak gauzatu nahi ditu: gizartearen parte hartzea sustatzea, lurraldeak gaur eta bihar izango dituen etorkizunak identifikatzeko; emakume eta gizonen arteko berdintasun baldintzetan; herritarren eskubide demokratikoak garatzea; eta politika eta administrazio publiko eraginkorrago eta herritarrekiko gertuago daudenak lortzea. “Politika egiteko modu berri batean sinesten dugu, herritarrengandik gertuago kokatuko gaituena, eta norabide horretan doa ekimen hau”, esan du. Aurtengo prozesuan bost izan dira aukeratutako proiektuak:

 

1. Gaixotasun Larrien aurkako Ikerketa.

  • Zer da: Gaixotasun larrien aurkako ikerketa babestea laguntza lerroa: minbizia, alzheimerra…
  • Helburua:     Ikerketa taldeei babesa ematea, langile gehiago edota ekipamendu teknologiko hobeagoa lortzeko, gaixotasun larriei aurre egiteko ikerketetan aurrerapausoak emateko.
  • Zer egin da: hautaketa fasean proiekturik bozkatuena izan zen. 2020ko udazkenean onartu zen esparru honetako ikerketak finantzatzeko deialdi irekia. Honi esker, 118.336 euro bideratu dira, bi proiektu finantzatzera: 89.013, BERC Polymat zentroarentzat, eta 29.323, CIC biomaGune zentroarentzat. Programa honen helburua da eremu horretan dauden ikerketa egiten duten zentroei laguntzea, horrelako gaitzen aurkako borrokan aurrera egiteko balioko duten ekipamendu, azpiegitura proiektu eta inbertsioetan; gaixotasun guztiak hartzen dira kontuan, COVID-19 barne.

 

2. Klimarekiko konpromisoa.

  • Zer da : Klimaren konpromisoa duten hiritarren liga eratzea.
  • Helburua: Gipuzkoako herritarrekin elkarlanean aritzea, klima aldaketaren kontrako ekintza eraginkor eta tokikoak martxan jartzeko, eta honi esker guztion artean Gipuzkoa erresilentea eraikitzeko.
  • Zer egin da:  Klimarekin konprometitutako herritarren Liga eratuta dago jada. Abiapuntu bezala, inkesta zabal bat egin zen gai honen inguruan (600 herritarri), eta honen ondorioz argi geratu zen gai honek gero eta gehiago kezkatzen dituela gipuzkoarrak. 2020 urtean ikerketa eta diseinu fasea egin da, eta Liga datozen hilabeteetan aurkeztuko da. 2021 urtean zehar, erronka luzatuko zaie herritar guztiei, eguneroko ekintza txikiekin klima aldaketaren kontrako borrokan aurrerapausoak emateko. Lehiaketa modura planteatuko da: herritar taldeek elkarren kontra lehiatuko dira, udalerriak ere… Eta, prozesuaren amaieran, sariak ere egongo dira.

 

3. Indarkeria matxista prebenitzea gazteen artean.

  • Zer da: Indarkeria matxistaren prebentzioa Gipuzkoako haur eta nerabeekin, hezkidetza tresna baliatuz.
  • Helburua: Ikus-entzunezko materialaz baliatuz haur eta gazteengan indarkeria matxista gaia lantzea; indarkeria matxistarekiko jarrera kritikoa eta aktiboa sustatze aldera.
  • Zer egin da:  Esparru honetan, aditu ezberdinak kontsultatu dira eta hiru ikuspuntutatik ari da lanean Aldundia: feminista, pedagogikoa eta hezkidetzakoa. Abiapuntu honetatik, ikus-entzunezkoak ekoitzi dira, indarkeria matxistaren prebentzioa lantzeko talde-dinamiketan erabiltzeko (ikastetxetan, aisialdirako topalekuetan…). Ikus-entzunezko guztiak ia amaituak daude, urte honetako lehen hiru hilean eskuragarri egongo dira:
    • 6-8 urte bitartean animaziokoz bideo bat.
    • 8-10 urte bitartean bideo-joko bat.
    • 10-12 urte bitartean fikziozko bideo bat.
    • 12-14 urte bitartean mugikorrerako aplikazio bat.

 

4. Etxebizitza bazterkeria egoeran dauden pertsonen arretarako zentroa.

  • Zer da: Gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonen arretarako zentro berria sortzea.
  • Helburua: Gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonei ostatu zerbitzu bat eskaintzea, intentsitate ertaineko eta handiko laguntza orokorrekin, batez ere laguntza eta babes funtzioa betetzeko eta, hala badagokio, kalteak murrizteko. Pertsonaren garapena, integrazioa, herritartasun aktiboa eta ingurunean parte hartzea bultzatzea.
  • Zer egin da:  Etxebizitza bazterkeria egoeran dauden pertsonen Harrera eta laguntzarako zentroa, Elkar-EKIN proiektuaren testuinguruan kokatzen da. OSI Donostaldiarekin eta Donostiako San Juan de Dios Ospitalearekin elkarlanean jarri da martxan proiektu hau, elkarlanean, etxebizitza bazterkeria egoeran dauden, behar soziosanitarioak dituzten eta prozesu errehabilitatzaileak garatzeko gai ez diren pertsonei zuzenduta.

Zentroak intentsitate baxua zein altua hartuko ditu barne, eta egoitza etxe bat izango du, 24 plazarekin. Bertan, gaueko arreta, konbalezentzia, egoitza arreta eta emakumeentzako modulua aurreikusten dira, eta baita ere eguneko arretarako zentroa.

Donostiako San Juan de Dios ospitalearen eraikinean egingo da ekimena, eta eraikinean obrak eta egokitzapenak egin beharko dira horretarako. 2020 urtean zehar, arkitektura proiektua egin da, eta lan eredua, funtzioak eta ebaluazio metodologia definitu dira. Lanak 2021 honetan hastea espero da, eta datorren urte bukaerarako azpiegitura martxan izatea da helburua.

 

5. Bertako produktuen kontsumoa sustatzea.

  • Zer da: Bertako produktuen kontsumoa sustatzeko proiektua.
  • Helburua: Gipuzkoako gizarteari bertako produktu osasungarriak eskaini eta hauen kontsumoa sustatzea, lurraldeko lehen mailako sektorea indartzea eta landa inguruneak Gipuzkoako gizarteari eskaintzen dizkion onurez sentsibilizatzea.
  • Zer egin da; 2020ko abenduan, eta Gabonei begira, martxan jarri zen ‘Etxekoak’ komunikazio kanpaina potentea. Hemen, lurraldeko lau baserritar ziren protagonistak, eta gipuzkoarrak animatzen ziren Gabonetako erosketetan bertako produktuen aldeko apustua egitera.

 

Bide luzea

Pagolak, bere aldetik, prozesu guztiaren nondik norakoen errepasoa egin du. Gogoratu duenez, 2019ko martxoan hasi zen ekimena, herritarren proposamenak jasotzeko fasea egin zenean: 290.000 galdetegi buzoneatu ziren, eta 12 topaketa egin, 471 parte hartzailerekin. “Guztira, prozesu honetan 1.083 ekarpen jaso genituen, eta gizarte politika, mugikortasuna eta ekonomia izan ziren gairik aipatuenak”, esan zuen. Ondorengo hilabeteetan, jasotako proposamenak “garbitu” eta, ondorioz, 12 proiektu aurre-aukeratu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak.  

          2020ko urtarrilean, berriz, 12 proiektu horien arteko aukeraketa fasea burutu zuen Aldundiak, berriro ere herritarrak protagonista bihurtuta, 6 proiektu aukeratu behar baitzituzten. Eskuorriak buzoneatu ziren etxe guztietara, web orria martxan jarri zen, aurrez aurreko topaketak egiten dira… Prozesu horretan, denera, 13.087 pertsonak hartzen dute parte. Ostera, ordea, COVID-19 gaitzaren pandemiaren iritsierak eragin zuzena izango du aurrekontu irekien proiektuan: alde batetik, aurrekontu zuzkidura erdira murriztuko da eta, bestetik, herritarrek aukeratutako proiektuetako bat ezingo da burutu, nazioarteko mugikortasuna baitu ardatz.

“Eta, honela, zailtasunak zailtasun, 2020ko aurrekontu irekien ibilbidearen amaierara iritsi gara, eta esan dezakeguna da bide honetatik finantzatu diren 5 proiektuak martxan daude eta, ondorioz, berri oso pozgarria dela”, esan du Pagolak. Bere ustetan, egungo egoera prozesua amaierara arte eraman eta osatzea lortzea arrakasta bat izan da. “Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet egitasmoan parte hartu duten herritarrei eta eragile ezberdinei, eta baita ere ekimen hau aurrera eramateko gogotik lan egin duten profesional guztiei. Zorionak guztioi”, amaitu du.

  

1648