Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bigarren egunez jarraian, ez da positibo berririk ezta heriotzarik eman adinekoen egoitzetan

Bigarren egunez jarraian, ez da positibo berririk ezta heriotzarik eman adinekoen egoitzetan

Hiru lagunek gehiagok gainditu dute gaixotasuna, 339 izatera iritsita, eta ondorioz, Zumaiako Otezuri zentroa ere Covid-19 gabe geratu da.

Gipuzkoako adineko pertsonen egoitza sarean bildutako azken datuen arabera, 65 zentroz eta 5.425 plazaz osatuta dagoena, ez da kasu positibo berririk ezta heriotzarik ere atzeman azkeneko orduetan. Horrela, azpimarratu du Eider Mendoza foru bozeramaileak, bigarren eguna da jarraian kutsatze berririk eta heriotzarik ematen ez dena, eta seigarrena lehen kasuak eman zirenetik pasa den martxoaren 19an. Beste alde batetik, Mendozak gaineratu du hiru adineko lagunek gehiagok gainditu dutela Covid-19a Arrasateko Iturbide egoitzan, Donostiako La Pazen eta Zumaiako Otezurin.

          Beraz, azken orduetan Otezurin jasotako altaren ondoren, egoitza hau ere Covid-19 gabe geratu da, eta birusa atzean utzi duten zentroen zerrendara gehitzen da, zeinak diren Hondarribiko Caser Residencial Betharram, Beasaingo Arangoiti, Irungo Caser Residencial Anaka, Tolosako Iurreamendi, eta orain Zumaiako Otezuri. Horrenbestez, 11 dira Covid-19 kasu positiboak dituzten egoitzak Gipuzkoan.

          Guztira, gaur arte, 339 adineko pertsonek gainditu dute gaixotasuna, 167 zendu dira eta 52k jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin. Horietatik bost Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan ingresatuta daude eta 11 ospitalean.

          Bere aldetik, Eider Mendozak adierazi du egoitza zentroek Covid-19a atzean uzten jarraitzea “aparteko albistea” dela eta ekipo profesionalak egiten ari diren “lan goresgarriaren” erakusle ere badela; horregatik, bere esker ona zabaldu nahi izan die egoitzetako lantalde profesionalei, osasun langileei, baita familia guztiei ere, euren ulermen eta lankidetzagatik. Gogorarazi du, gainera, aurrera jarraitzen dutela garbiketa eta desinfekzio lanek, suhiltzaileen, DYAko boluntarioen eta ekipo espezializatuen eskutik, eta esan du azken bi egunetan berriro desinfektatu direla Donostiako Berra zentroa, Hondarribiko Caser Residencial Betharram, Eibarko San Andres eta Egogain, Irungo Caser Residencial Anaka, Donostiako La Paz, Eskoriatzako Jose Arana eta Aretxabaletako GSR Debagoiena.

  

1329