Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Birziklapenaren Klusterrak Balab Factory bisitatu du

Birziklapenaren Klusterrak Balab Factory bisitatu du

Birziklapen sektoreko enpresek Balab Factory-k Ekonomia Zirkularrean duen esperientzia ezagutu nahi izan dute.

2021/09/23

Gipuzkoako birziklapen- eta berrerabilpen-sektorea osatzen duten hogei enpresa, elkarte, fundazio, unibertsitate, zentro teknologiko eta ingurumen-aholkularitza baino gehiago bildu dira Donostiako Balab Factory enpresaren instalazioetan, bere ekimenak bertatik bertara ezagutzeko.

José Ignacio Asensio: “Topaketa hauen helburua da enpresak sentsibilizatzea berreskuratze berdeak eta klima-aldaketaren aurkako borrokak dakartzaten erronken inguruan, eta horiek arrakastaz gainditzea lortu duten enpresen kasuak erakustea”.

“GK Recycling-eko enpresen arteko informazio- eta ezagutza-truke aktiboari esker, sinergiak sortuko dira eta irtenbide lehiakorrenak aurkitzen lagunduko duten eredu erreplikagarriak aurkituko dira”.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua izan da Gipuzkoako Berrerabilpenaren eta Birziklapenaren Klusterreko ‘Recycling Top’ bigarren jardunaldian. Bertan, ‘GK Recycling’ Birziklapenaren Klusterreko enpresen ezagutzan sakondu nahi da, klusterreko kideen ekoizpen-instalazioetara egindako bisiten bidez. Bisita horietan, jarduera-prozesuak eta arrakasta-kasuak azaldu dira, Gipuzkoako ekonomia zirkularrean arrakasta izan duten esperientziak in situ ezagutuz, horiek gauzatu dituzten pertsona eta enpresen eskutik.

Balab Factory-n Donostiako instalazioetan egindako ‘Recycling Top’ topaketan, Gipuzkoako birziklapen- eta berrerabilpen-sektorea osatzen duten hogei enpresa, elkarte, fundazio, unibertsitate, zentro teknologiko eta ingurumen-aholkularitzak baino gehiagok hartu dute parte.

  • Enpresak: Ekogras, Ekomodo, Electro talleres Zarauz Jolas, Garbera, GHK, Gureak, Moyua, Plastigaur, Seigrabost, Slow Fashion Next eta Tratamientos Geuria.
  • Fundazioak eta elkarteak: Elkargi, Fundación Social Emaús, Impact Hub, Kutxa Ekogunea eta Matter Museoa.
  • Unibertsitateak eta zentro teknologikoak: Tecnun.
  • Ingurumen-aholkularitzak: Aguirrezabalaga, Bilibin Circular eta Sinnple.

Ekimen honen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak balioa eman nahi dio Gipuzkoak birziklatzearen arloan duen indarrari, eta sektoreak Ekonomia Zirkularraren barruan eta enplegu berdearen sortzean duen garrantzia nabarmendu nahi du. Era berean, enpresei laguntza instituzionala emateko tresna izan nahi du, bai merkatu nazionalean bai nazioartekoan, eta aurkezpen-gutuna izan eta berrikuntza-sare berdea sortu.

Honi dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko foru diputatuak azaldu duenez, “topaketa hauen helburua da enpresak sentsibilizatzea berreskuratze berdeak eta klima-aldaketaren aurkako borrokak dakartzaten erronken inguruan, eta horiek arrakastaz gainditzea lortu duten enpresen kasuak erakustea”. Asensiok adierazi duenez, “GK Recycling-eko enpresen arteko informazio- eta ezagutza-truke aktiboari esker, sinergiak sortuko dira eta irtenbide lehiakorrenak aurkitzen lagunduko duten eredu erreplikagarriak aurkituko dira”.

“Sektore hau hazkunde-aukera bat da Gipuzkoarentzat, eta, beraz, gure konpromisoa da sektore estrategiko bat sustatzea, babestea eta ikusaraztea enplegua sortzeko eta hazkunde ekonomikorako ahalmena sustatzeko. Gainera, sektore honen hazkundeari esker, Ekonomia Zirkularreko Europako Zuzentarauak bete ahal izango ditugu", adierazi du Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok.

Datu on horiek gorabehera, Asensiok azpimarratu du beharrezkoa dela sektore guztietan materialak berrerabiltzea eta birziklatzea bultzatzeko politikak eta araudiak ezartzea, eta beharrezkoa dela sektorearentzako teknologiak ikertzen jarraitzea eta proiektu berritzaileak babestea. Asensiok Gipuzkoako industria-sarean dagoen ingurumen-kontzientziazioa eta enpresen arteko lankidetza-espiritua ere nabarmendu ditu.

Balab Factory

Balab Factory, Berrikuntza Aplikatuen Laborategia, 2020an sortu zen Donostian, Berrikuntza Jasangarri Aplikatuko 3D laborategi gisa.  AEG Berrikuntza Profesionalen Eskolaren eta Donostiako Karmelo-Scientia Schoolen Spin-off bat da.  Balab Factory Ingurumeneko Departamentuak sustatutako ‘GK Green Fashion’ eta ‘GK Recycling’ klusterretako kidea da. Balab Factory espazio berritzaile bat da, ideien laborategi bat eta proiektuen azeleratzaile bat, zeinaren helburua baita berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren arloan gizartean eragina izatera bideratutako proiektuak sustatzea eta bultzatzea. AEG Berrikuntza Profesionalen Eskolaren barruan jaio zen, eta, gainera, prestakuntza- eta pedagogia-bokazio oso handia du, betiere profesional berrien konpetentzietan txertatzeko jasangarritasuneko eta zirkulartasuneko irizpide berriak.

Testuinguru horretan, topaketa baliagarria izan da ezagutzeko eta bultzatzeko Balab laborategiak ekonomia zirkularraren arloan ehungintza sektorean gauzatzen dituen proiektu berritzaileak. Aurkeztu diren proiektuen artean Baltex proiektua dago, industria eta kontsumo osteko lurraldeko hondakinak balorizatzeko eta 3D harizpi bihurtzeko ekimena,  ehungintzako produktu jasangarri berriak ekoizteko. Balab laborategian sortzen den harizpia material birziklatua eta birziklagarria da.  Horretarako, Balabek badu laborategi bat, estrusioko eta 3D inprimaketako makinez hornitua, ehungintzako material jasangarri berriak sortzera bideratutako ikerketa, garapen eta berrikuntzako proiektuetan liderra izateko eta/edo lankidetzan jarduteko.  Teknologia hori oso interesgarria da ehungintza sektore jasangarriarentzat, bigarren mailako lehengai biodegradagarria eskaintzen baitu tokiko hondakinak balorizatuz. Material berri horien ikerketarekin batera, Balab Factoryk eskaintzen du halaber Mentoring Sustainable Fashion Lab zerbitzua: ‘GK Green Fashion’ klusterreko enpresei mentoretza, prestakuntza eta aholkularitza emateko programa bat, horren bidez lortzeko Gipuzkoako moda-markei helaraztea material berrien eta 3D inprimaketaren bidezko garapenen transferitzea, zabalkundea eta aplikagarritasuna.

GK Recycling

2016. urtean, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak ‘GK Recycling’ birziklatze-klusterra sortu zuen. Gipuzkoan berrerabiltzeko eta birziklatzeko klusterra sortu nahi zen, eragile publiko eta pribatuen ideiak eta iritziak trukatuz gure lurraldeko benetako beharrak eta aukera berriak hauteman eta aztertzeko.

Gaur egun, 80 erakundek osatzen dute klusterra: 46 enpresa, 12 elkarte eta fundazio, 7 unibertsitate eta zentro teknologiko eta 15 ingurumen-aholkularitza.

  

1521