Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Birziklatzearen sektorea indartu egin da Gipuzkoan 6.300 enplegu eta BPGren %2,7arekin

Birziklatzearen sektorea indartu egin da Gipuzkoan 6.300 enplegu eta BPGren %2,7arekin

Birziklatze klusterraren parte diren 59 enpresa eta entitatek 6.300 enplegura heldu dira eta 674 milioi euro fakturatzen dituzte.

2019/05/08

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak, GK Recycling klusterrak eta Aldaketa Klimatikoaren Gipuzkoako Fundazioak, Naturklimak, ekonomia zirkularra sustatzeko eta birziklatze sektorea 10.000 enplegura iristeko elkartasun estrategia bultzatzen dute.

José Ignacio Asensio: “Klima Aldaketaren erronka aukera bat da eta Gipuzkoak beharreko birziklatze azpiegiturak ditu ekonomia berdea garatzeko eta enplegua sortzeko”.

Gipuzkoako Birziklapenaren Klusterrak Miramongo Teknologia Parkean jardunaldi bat burutu du Naturklima, Aldaketa Klimatikoaren Gipuzkoako Fundazioarekin batera. Klusterreko kideek Ekonomia Zirkularra bultzatzeko jarduera plana garatu dute eta Aldundiko Ingurumeneko Departamentuarekin Gipuzkoan ekonomia zirkularra eta enplegu berdea  indartzeko elkarlan estrategikoa mahaigaineratu dute.

Jardunaldian zehar birziklatzearen sektorearen eta klusterra osatzen duten enpresen bilakaeraren datuak eman dira. 2015ean, 41 kidek osatzen zuten GK Recycling klusterra, 401 milioi euro fakturatu zituzten eta 5.295 pertsonari enplegua eman zioten. 2017an, egungo kideek, 59k, 674 milioi euro fakturatu zituzten eta 6.300 enplegura iritsi ziren. Birziklatzearen sektoreak Gipuzkoako industriaren eta eraikuntzaren aberastasunaren %9,06a ordezkatzen du  eta enpleguaren %6a. Gipuzkoako ekonomia orokorrean ekonomia berdeak garrantzia gorakorra du eta Barne Produktu Gordinean %2,7an kokatzen da. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak datuak positiboki baloratu ditu eta azpimarratu du Klima Aldaketaren erronka aukera bat dela Gipuzkoarentzat eta “beharreko birziklatze azpiegiturak dituela ekonomia berdea garatzeko eta 2030ean 10.000 enplegura iristeko”.

Topaketan klusterreko kideen eta Naturklimaren arteko lehendabiziko kontaktua gauzatu da. Naturklimak bere Circular Hub-a eta lurraldean ekonomia zirkularra bultzatzeko dituen baliabideak aurkeztu ditu. Fundazioaren zuzendariak, Itziar Eizagirrek, europar proiektuak garateko finantzazioa lortzeko garrantziaz aritu da, eta berrikuntza eta sektorearen ekimen berriak sustatzeko beharra nabarmendu du. Bi gai hauei heltzeko Fundazioaren babesa eskaini du, zeinek informazioa erraztuko duen eta proiektuen abiaraztean lagunduko duen, heziketa espezifikoa eskainiz .

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak ‘GK Recycling’ klusterrak burutuko dituen ekintza hauek azpimarratu ditu 2019-2020 aldirako: ekodiseinua bultzatzea Gipuzkoako berrerabiltze eta birziklatze industriaren egungo egoera aztertuz; erosketa publiko berdea eta zirkularra irizpide duen lan-talde baten sortzea; zerbitzu eta obra publikoen pleguak zirkular bilakatzeko eta birziklatutako materialen derrigorrezko ehunekoa barneratzeko lan-talde baten sortzea; berrerabilitako eta birziklatutako materialentzako zerga-sistema berdeko lan-talde baten sortzea; klusterreko enpresen esperientzia arrakastatsuen dibulgazioa nazio eta nazioarte mailako kongresu eta foroetan; eta berrerabilitako eta birziklatutako produktuen garrantziari buruzko sentsibilizazio kanpainen gauzatzea.

Gipuzkoako Foru Alundiko Ingurumeneko Departamentuak sustatutako ‘GK Recycling’ klusterrak 59 kide ditu gaur egun: 34 enpresa, 8 elkarte eta fundazio, 7 unibertsitate eta teknologia zentro, eta Ekonomia Zirkularrarekin lotutako ingurumen alorreko 10 aholkularitza enpresa.

‘GK Recycling’ klusterrak Naturkliman dihardu eragile kolaboratzaile eta bultzatzaile gisa. Bi entitatek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuarekin batera, ekonomia zirkularra sustateko, enplegu berdea sortzeko eta garapen eredu jasangarriagoan aurrera egiteko aliantza ezarri dute.

  

1250