Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bizikleta zaharrak dohainik eman dira birziklatu proiektuari, helburu sozialekin, bizikleta horiek berreskuratzeko

Bizikleta zaharrak dohainik eman dira birziklatu proiektuari, helburu sozialekin, bizikleta horiek berreskuratzeko

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak sustatutako Birziklatu proiektuaren helburua da Gipuzkoan arian-arian sistema publiko-sozial bat ezartzea, abandonatutako bizikletak edo erabiltzen ez direnak berreskuratu, berrerabili eta balioesteko

2021/05/10

Birziklatu proiektuaren izaera soziala erabakigarria izan da Amador Tolosa bildumagileak egindako dohaintzan: "helburu sozial horrek izaera desberdina ematen dio proiektuari, bestela hondakinak baino ez liratekeen pieza horiei beste bizitza bat emango baitie, eta hori azpimarratu nahi dut".

 

Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua Andoainen izan da gaur goizean, Amador Tolosa bildumagile pribatuak Gurpil-Artea elkarteari bizikleta zaharren sorta bat dohaintzan emateko ekitaldian. Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoaren Diputatua ere bertan izan da. Dohaintza hori Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren Birziklatu proiektuaren barruan sartzen da, Gipuzkoan abandonatutako bizikletak edo erabiltzen ez direnak berreskuratzeko, berrerabiltzeko eta balioesteko sistema publiko-sozial bat arian-arian ezartzeko.

 

Bizikletak 150 urteko historia duen balio handiko bilduma baten parte dira.  "Dohaintzan emandako bizikletak mimo handiz zaindu ditudan pieza bakarrak dira, eta orain, hondakin bihurtu beharrean, funtzio sozial handia beteko dute, eta horrek poz handia ematen dit", azaldu du Amador Tolosak; bizikleta zalea da eta prentsan irakurritako albiste baten bidez izan zuen Birziklatu proiektuaren berri. 

 

Rafaela Romero foru diputatuak azaldu duenez, proiektua 2020ko Mugikortasunaren Astean aurkeztu zen, eta harrera oso ona izan du hainbat kolektiboren artean.  Proiektu horrek, kasu askotan, aukera ematen du "bizikletei bigarren bizitza bat emateko, bestela udal biltegietan edo hondakinak tratatzeko zentroetan pilatuta amaituko bailukete, eta asmo horri esker, materialak aprobetxatzeak eta birziklatzeak dituen dohainez kontzientziatu nahi duten kolektibo askorengana iritsi da".

 

Bestalde, Gurpil Artea elkarteko ordezkari Oihan Lópezek nabarmendu nahi izan du herritarrek Birziklatu proiektuari emandako erantzuna eta babesa, "ustekabekoa eta oso atsegina izan baita". Azaldu duenez, berreskuratutako bizikletak hainbat proiektutan erabiltzen ari dira, hala nola bizikleta flotak sortzeko, bai bizikletan ibiltzen irakasteko ikastaroetan erabiltzeko bai adingabeekin jarduerak egiteko, besteak beste.

 

Proiektuaren arrakastak bultzatuta, Oihan Lópezek azaldu du sare bat sortzeko lanean ari direla, elkarte gehiagok bat egin dezaten bizikletak berreskuratzeko eta birziklatzeko ekimenarekin. "Badakigu lan asko dagoela aurretik, baina horrelako dohaintzek gure borondatezko lana eta mugikortasun eredu jasangarriagoak sustatzeko eragiten dugun oihartzuna baliagarriak direla erakusten digute".

 

Jose Ignacio Asensio Ingurumena eta Obra Hidraulikoen Diputatuak “Birziklatu” programak egiten duen lana goraipatu du bere hitzaldian. “Programa horren bidez, gizarte-eredu sozialago baterantz goaz, birziklatzea bezalako balioekin konprometitua. Mugikortasun jasangarriaz hitz egiten dugunean, hitzetatik ekintzetara igaro behar da beti, eta programa hori, ingurumenaren ikuspegitik, eredu handia da, eta, gainera, gizarte-arloari heltzen dio”. Asensiok Gurpil Artea Elkartea garatzen ari den paper garrantzitsua azpimarratu du. “Lan bikaina da, birziklapenaren arloan oraindik egiteko dagoen guztia erakusten duena ".

 

Horren haritik, Romero diputatuak Birziklatu proiektuan parte hartzen duten erakundeen arteko ikaskuntza eta lankidetza sinergiak azpimarratu nahi izan ditu, "lankidetza sareak sortzeko, halako ekimenen eragin positiboak biderkatzen dituen eta herritarrengan eta birziklatzeko eta kontsumitzeko ohituretan eragin handiagoa duen harreman bat ehuntzen ari baitira".

 

Amaitzeko, Rafaela Romerok adierazi du birziklatzearen aldeko apustua egitea beti dela ideia ona.  "Gaur, dohaintza honekin egiaztatu dugu birziklatzea mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu segurua dela.  Mugikortasun seguru eta jasangarriaren aldeko apustua egitea da;   bizikletaren, garraiobide oso eta dibertigarri baten alde egitea, alegia.  Munduak bizikleta gehiago eta ibilgailu motordun pribatu gutxiago behar ditu".     

 
  

1799