Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Boliviako Ensamble Moxos orkestrak hainbat kontzertu emango ditu Gipuzkoan

Boliviako Ensamble Moxos orkestrak hainbat kontzertu emango ditu Gipuzkoan

Orkestrari harrera egin diote, Foru Aldundian, Markel Olano diputatu nagusiak eta Harkaitz Millan Kultura eta Lankidetzako diputatuak.

Foto Boliviako Ensamble Moxos...

Markel Olano: “Gipuzkoa eta San Ignacio de Moxos-ek azken hamarkadetan lotura estua izan dute, lankidetzan diharduten elkarteen eskutik”.

Harkitz Millan: “Proiektu honek musika eskolan parte hartzen duten ikasleen hezkuntza, prestakuntza eta aukera profesionalak sustatzen ditu”.

Markel Olano diputatu nagusia eta Harkaitz Millan Kultura eta Lankidetzako diputatua arduratu dira Boliviako Ensamble de Moxos orkestrari harrera egiteaz, egun hauetan Gipuzkoan baitago hainbat kontzertu emateko, Taupadak GKEaren eskutik.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetzako Departamentua 2016an hasi zen lankidetzan Ensamble de Moxos orkestrarekin. Proiektuak kultura barruko sinergia bat aurkezten du, komunitate baten garapenaren objektu eta subjektu gisa.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, “bi aldiz” zoriondu nahi izan du Ensemble Moxos taldea: batetik, pandemiaren ondoren berriro ere Europan egiten ari diren birarengatik eta, bestetik, argitaratu berria dute diskagatik. “Gipuzkoa eta San Ignacio de Moxos-ek azken hamarkadetan lotura estua izan dute, lankidetzan diharduten elkarteen eskutik. Musika eta ikuskizunen bitartez, zuen herriaren identitatea garatuz eta erakutsiz, mundu osoko herritarrak hunkitzen dituzue; horrekin berresten duzue posible dela tokiko kulturari eta sustraiei eustea eta, aldi berean, mundura zabalik bizitzea eta sortzea”, adierazi du diputatu nagusiak.

Horri dagokionez, Harkaitz Millan Kultura eta Lankidetzako diputatuak adierazi duenez, “proiektu honek musika eskolan parte hartzen duten ikasleen hezkuntza, prestakuntza eta aukera profesionalak sustatzen ditu”.

Ensamble Moxos orkestrak, Europako bere biraren barruan, kontzertu bana emango du Gipuzkoako bost herritan –Hondarribia, Irun, Donostia, Zumarraga eta Lasarte-Oria–, eta beste bat Nafarroako Lekunberri herrian, nongoa baitzen María Jesús Echarri, Musika Eskolaren bultzatzailea izan zena, eta duela gutxi hil dena.

San Ignacio de Moxos Boliviako Amazoniako herri txiki bat da, 21.500 biztanle dituena, eta Trinitate hiritik (Beni departamenduko hiriburua) 90 kilometrora dagoena. Biztanleen % 80 indigenak dira; batez ere bizi dira oso gutxi garatutako nekazaritza eta abeltzaintzako jardueretatik, eta horrek pobrezia-tasa handiak eragiten ditu biztanleen artean. Herri horretan kokatu zen Boliviako jesuiten erredukzio garrantzitsuenetako bat. Horri esker, herriko parrokiak, Jesusen Lagundiaren ardurapean, hezkuntza-lan handia egiten du herritarrekin eta inguruko komunitate indigenekin.

Ensamble Moxos orkestra San Ignacio de Moxos herriko Musika Eskolaren bandera-ontzia da, eta boliviar ekialdeak munduan duen kultura-enbaxadore nagusi bihurtu da, bere ekoizpen diskografiko ugariaren bidez eta nazioko nahiz nazioarteko bere bira ugarien bidez, zeintzuek publikoaren eta espezialisten ahobatezko gorespena lortu baitute. Bere ibilbidearen berme dira azken hamarkadan mila kontzertu inguru eman izana, eta bere lehen sei CD bakoitzaren eta bere DVDaren milaka kopia saldu izana.

Haren ikuskizunek –zeintzuk baitira koloniaren garaian gertatu zen mestizajearen amalgama bat, hau da, misiolari jesuitek Europatik inportatutako musikaren eta jatorrizko adierazpenen artean gertatutakoarena– harritu egiten dute beren sormenagatik eta hedapen koreografikoagatik, haietan bat egiten baitute musikak, kantuak, dantzak eta antzezpen dramatikoek. Balioaniztasuna da Raquel Maldonadok zuzendutako partaide guztien ezaugarria. Denak dira San Ignacio de Moxoseko indigenak, eta beren moldakortasuna erakusten dute agertoki gainean, haietako bakoitzak rol desberdinak jokatuz kontzertu bakoitzean.

Bere zazpigarren diskoan (izena du Majara’iwa – Resplandor), zeina Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu baitu eta gaur aurkezten baita, Raquel Maldonado animatu da meza bat osatzera, zeina, bere hitzetan “geure soinu iruditerian inspiratuta dago, erreferentzia gisa hartuta bizikide dugun ahozko tradizioa, lagun ditugula antzinako mundutik iritsi ziren instrumentu barrokoak, baina baita autoktonoak ere; gure hizkuntzan, eta gure musika-hizkuntzarekin”. Moxostar Meza hori da pandemia garaian grabatutako diskoaren gai nagusia. Konposizioak berak mugarri berri bat markatzen du Ensamble orkestrak Moxoseko tradizio musikalari egindako ekarpenean.

Ensamble Moxos-en 2022ko bira, Gipuzkoan

  • Ekainaren 11n, 20:00etan, Irungo Junkaleko Andre Mariaren parrokian.
  • Ekainaren 12an, 12:30ean, Zumarragako Zelari Aristi Aretoan.
  • Ekainaren 15ean, 19:30ean, Lekunberriko San Juan Bataiatzailearen parrokian.
  • Ekainaren 16an, 20:00etan, Donostiako Jesuitetako Jesusen Bihotza elizan.
  • Ekainaren 17an, 19:00etan, Hondarribiko Itsas Etxean.
  • Ekainaren 19an, 19:30ean, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean.
  

1134