Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kulturak Bonua sustatuko du aurten ere: abenduak 3tik aurrera eskuratu ahal izango da liburu denda eta antzokietan

Kulturak Bonua sustatuko du aurten ere: abenduak 3tik aurrera eskuratu ahal izango da liburu denda eta antzokietan

Bonoak 20 euro balioko du produktuen kasuetan eta 15 ikuskizunetarako.

2016/11/03
  • Aldundiak 143.000 euro bideratuko ditu Kultura Bonura.
  • Produktuetarako bonuak 20 euroko kostua izango du, eta 10 euroko bonifikazioa izango du.
  • Ikuskizunetarako bonuaren prezioa, berriz, 15 euro izango da, eta sarrerak erosteko erabiliko da, 25 euroko balioagatik.
  • Bonuak urtarrilaren 15era arte erabili daitezke produktuen kasuan, eta apirilaren 14ra arte ikuskizunen kasuan.
  • Neurri honekin kontsumitzaileak mesedetu nahi dira, baina baita BEZaren igoera sufritzen ari diren profesionalak eta kultur enpresak ere.
  • Iaz 17.000 bonu kaleratu ziren, eta 3.198 saldu gabe geratu ziren.

Kultura diputatu den Denis Itxasok iragarri du abenduaren 3tik aurrera berriro eskuratu ahal izango dela Kutura Bonua. Bonuak salgai egongo dira liburuak, musika edozein euskarritan eta filmak saltzen dituzten Gipuzkoako dendetan eta kanpaina honi atxiki zaizkion antzokietan. Aldundiak 145.000 euro jarriko ditu Kultura Bonurako, eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin lan egingo du kanpaina honetan. Prentsaurrekoan egon da, baita ere, Maria Jose Telleria, Kulturako zuzendaria.

Kanpainan parte hartu nahi duten establezimenduek azaroaren 11 baino lehen egin behar dute atxikipen eskaera; beraz, oraindik ez dakigu zenbat establezimenduk parte hartuko duten. Hala ere, aurreikusten da Gipuzkoa osoko 60 bat saltoki eta antzokik parte hartuko dutela.

“Saltokiak eta antzokiak animatu nahi ditut, kanpainarekin bat egin dezaten, guztion mesederako izango baita. Espero dugu egun hauetan kulturaz gozatzera eramango gaituen nolabaiteko sukar kutsakorra eragitea, eta urte osora zabaltzea", esan du Itxasok.

7.000 bonu jarriko dira herritarren esku produktu kulturalak erosteko, hala nola musika edozein euskarritan, filmak eta liburuak –testu liburuak, ikasketa liburuak eta liburu profesionalak izan ezik-. Bonu horien erdia euskarazko produktuak erosteko izango dira, eta gainerakoak beste edozein hizkuntzatako produktuak erosteko. Horiez gain, beste 7.500 bonu egongo dira zuzeneko ikuskizunez, musika, antzerkia edo dantzaz gozatzeko.  

Iaz 17.000 bonu kaleratu ziren guztira, baina euskarazko produktuetarako 950 bonu geratu ziren saldu gabe, gaztelaniazko produktuetarako 580 eta ikuskizunetarako 1668. Hori horrela, Departamentuak erabaki du aurten aldaketa batzuk egitea, hobeto saldu daitezen. Izan ere, iaz 30 euroko gutxieneko erosketa egin behar zen produktuen kasuan, eta 25 eurokoa ikuskizunen kasuan. Aurten, bonuaren prezioa 20 eurora jaitsi da, eta gehienez 10 euroko hobaria izango du. Ikuskizunen kasuan, berriz, bonuak 15 euroko prezioa izango du, eta aukera emango du sarreretan 25 euroko gastua egiteko. Bai kasu batean, bai bestean, 10 euroko hobaria jasoko da gehienez ere.

Ekimen honen helburua da herritarrei ondasun eta produktu kulturalak eskuratzen laguntzea, sektore kulturaleko enpresak indartzea, banaketa artistiko eta kulturalaren merkatua dinamizatzea, eta Gipuzkoako antzokiek eskaintzen duten banaketa eszeniko eta musikaleko sarea indartzea. Horretarako, kanpainan arte eszenikoak eta zuzeneko musika ere sartu dira, kultur kontsumoa ahalik eta eskaintza zabalenera iritsi dadin. Horregatik, Kultura Bonua bi sare desberdinetan banatuko da: liburuak, filmak eta diskoak saltzen dituzten saltoki gipuzkoarretan, eta programazio askotariko eta kalitatezkoa eskaintzen duten antzoki eta auditorioetan.

“Gabonei begira, kulturaz gozatzea estimulatu, saritu eta fidelizatu nahi da, eta merkatari eta banatzaileen sarea indartu nahi da, hala nola liburu-dendak, disko-dendak eta kultur produktuen aukera zabala eskaintzen duten antzokiak, hala izan behar baitu gipuzkoarra bezalako gizarte moderno eta multikultural batean, nahiz eta BEZ kulturalaren igoera sufritu”, azaldu du Itxasok.

Liburuak, diskoak eta DVDak bonua eskuratu den saltoki berean erosi beharko dira. Bonu bat erosi daiteke pertsonako, eta bonu bakarra erabili daiteke ordaintxartel bakoitzko.

“Baldintza horiekin lortu nahi duguna da bonua ahalik eta pertsona gehienek baliatu ahal izatea, eta Gipuzkoa osoko hurbileko merkataritza bultzatzea, bizitzen ari garai une zail hauetan. Era berean, euskara eta gaztelania artean banatu ditugu bonuak, hemen sortutako kulturaren kontsumoa bermatzeko. Izan ere, kulturaren salmenta sustatzeaz gain, euskal kulturaren ekoizpena eta sorkuntza ere bultzatu nahi ditugu”.

Itxasok hauxe gaineratu du, “sorkuntza sustatu nahi dugu, eta, gure ustez, hori egiteko moduetako bat da ikuskizunak sustatzea eta herritarrei ikuskizun horietara joateko erraztasunak ematea.   Gipuzkoan antzoki sare oso garrantzitsua daukagu, programazio egonkor batekin, eta are gehiago indartu nahi dugun publiko leialarekin. Bonua kontsumitzeko epe luzea jarri dugu, horrela kulturaz gozatzeko ohitura zabaldu nahi dugulako herritarren artean, eta antzerki, kontzertu eta abarretara joatea. Bonuarekin, familiei laguntza eman nahi diegu, sektoreko profesionalek ere sufritzen duten BEZaren igoerak frenatu egin duen gastu honetarako.

Bonua salgai jarri baino egun batzuk lehenago, Kultura Departamentuak kanpaina bat jarriko du abian hainbat hedabideetan -prentsan, irratian, interneten eta abar-, herritarrek ezagutu ditzaten ekimen horren nondik norakoak, bete beharreko baldintzak eta atxikitako establezimenduak identifikatzen dituzten bereizgarriak.

  

1840