450.000 euroko bonu teknologikoa abian jarriko du Aldundiak
450.000 euroko bonu teknologikoa abian jarriko du Aldundiak
Enpresa txikietan eta ertainetan telelana ezartzeko laguntza izango da eta gehienez 4.000 euro emango dira enpresako.
Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak astearte honetan onartuko du bonu teknologikoen programaren deialdia, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei laguntzeko Covid-19aren ondorioz telelana ezartzeko egiten dituzten gastuetan. Guztira 450.000 euro bideratuko dira horretara, eta onuradunak 50 langiletik beherako lurraldeko enpresak izango dira. Programa foru erakundeak abian jarritako lehen neurri sortaren parte da, pandemiak Gipuzkoako ehun ekonomikoan dituen ondorioak arintzeko, ETEei eta autonomoei arreta berezia eskainiz. Gaur partekatu dute eragile ekonomikoekin, jarduera ekonomikoaren jarraipena egiteko eta ekimen bateratuak adosteko eratutako organoaren bileran.
Markel Olano diputatu nagusiak bileran jakitera eman duenez, Aldundiak programa berri honen bidez ordainduko ditu enpresek eta profesional autonomoek telelana ahalbidetzeko egindako gastuak, hala nola PCak eta ordenagailu eramangarriak, web-kamerak, mikrofonoak eta bideokonferentzia-sistemak, software ofimatikoa, segurtasun informatikoko elementuak eta kasu bakoitzerako espezifikoak izan daitezkeen beste batzuk, prestakuntza edo aholkularitza gastuak barne. Diruz lagunduko da egindako edo egin beharreko gastuaren % 100, BEZa kanpo; gehienez ere 4.000 euro enpresa bakoitzeko.
Diruz lagundu ahal izango dira, halaber, enpresako langileren baten izenean agertzen diren gastuak, baldin eta deialdi hau indarrean jarri aurretik egin badira eta enpresak gerora konpentsazioa eman izana justifikatzen bada. Kasu horretan, enpresak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du eskabidearekin batera, inbertsioa Covid-19aren pandemiak eragindako egoeraren ondorioz egin dela ziurtatzeko. Eskaerak aurkezteko epea, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta aurtengo urriaren 15ean amaituko da. Enpresa bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du.
Olanok azpimarratu du egungo testuinguruan "erabakigarria" dela enpresa txikienen beharrei erantzutea eta haien jarduerari eta enpleguari eusten laguntzea, eta horretan lagun dezaketen formuletako bat telelana dela. "Tamaina jakin bateko Gipuzkoako enpresek lan eredu hori hartzeko gaitasuna badute ere, beharrezkoa da prozesua indartzea, bereziki ETEei lagunduz, gure ehunaren % 99 osatzen baitute", azaldu du, birusaren aurrerapena geldiarazteko hartutako neurriek horietako askoren jarduerari "larriki" eragin diotela gogoraraziz; izan ere, "telelaneko neurriak inprobisatu behar izan dituzte edo laster heldu beharko diote zeregin horri, antzeko egoeretan prestatuta egoteko".
Hori dela eta, programa "urgentziazko lehen neurritzat" jo du, eta horrekin Aldundiak enpresa txikiei lagunduko die "egindako gastuak, edo laster horretarako egingo dituztenak finantzatzen, jarduerari eusteko helburuarekin telelana egiteko beharrezko ekipoak eta elementuak erosteko". Epe laburreko behar horri erantzuteko, 4.0 bonu teknologikoen programa birmoldatu da, horretara bideratuz.
Nolanahi ere, gogorarazi du telelana antolakuntza eredu bat dela, eta "behar bezala planifikatu eta integratu behar dela enpresen kudeaketa ereduan"; horretarako, "irismen handiagoko" neurriak planteatuko dituzte. Horrela, enpresen lehiakortasunera bideratutako programa guztietan, telelanaren erabilera erakundearen kudeaketa-dinamikan osagarri edota alternatiba gisa txertatzeko planak egitea bultzatuko da, pertsonak, teknologia eta antolakuntza integratuz.
Jarraipen organoaren bigarren bilera
Programa izan da, hain zuzen, landutako gaietako bat, Foru Aldundiak eta Gipuzkoako ekonomia eragileak barne hartzen dituen laneko organoaren bigarren bileran. Bi helburu nagusi ditu organoak: batetik, lurraldeko egoera ekonomikoaren bilakaeraren jarraipen zehatza egin ahal izatea eta, bestetik, modu partekatuan neurri ekonomikoak eta fiskalak abiaraztea, Covid-19 birusa jarduera ekonomikoan eta enpleguan edukitzen ari den ondorioak lehenbailehen arintzeko. Diputatu Nagusiarekin batera, bertan izan dira Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua, eta Jabier Larrañaga Ogasuneko eta Finantzetako diputatua. Eragile ekonomikoei dagokionez, telematikoki parte hartu dute Adegik, Gipuzkoako Bazkundeak, Mondragonek, Makina Erremintako Klusterrak, Ostalaritza Elkarteak eta Merkataritza Federazioak.
Topaketan, eragile ekonomikoei azken ordua helarazi diote Aldundiari pandemia haien jardueran izaten ari den eraginaren inguruan. Foru erakundeak, berriz, haiekin partekatu ditu jarduera ekonomiari eta enpleguari eusteko hartutako neurri eta pizgarrien xehetasunak, eta baita aste honetan zehar eduki dituen sektorekako bileren ingurukoak ere, eragile turistikoekin, garapen agentziekin edo lehen sektorearekin, esaterako.
2387