Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Bost lagun gehiago sendatu dira eta bederatzi hil, azken orduetan egoitza zentroetan

Bost lagun gehiago sendatu dira eta bederatzi hil, azken orduetan egoitza zentroetan

Ekipo profesionalak, familiak eta erakundeak Covid-19aren transmisioa gelditzeko egiten ari diren “sekulako” lana azpimarratu du Mendozak.

Eider Mendoza foru bozeramaileak lurraldeko adineko pertsonen egoitzetako egoeraren berri eman du eta jakinarazi du bost pertsona gehiagok gainditu dutela gaixotasuna, horietako bat desgaitasuna duten pertsonen egoitza bateko egoiliarra izanik. Aitzitik, bederatzi lagun hil dira azken orduetan eta 34k positibo eman dute Covid-19n. Beraz, 2.425 pertsona artatzen diren 65 zentrotan, 76 lagun zendu dira, 296k eman dute positibo eta 25ek gainditu dute gaixotasuna. Azken orduetan lau lagun gehiago sendatu dira Irungo Caser Residencial Anakan, non guztira 10 alta dituzten, horiei gehitu behar zaizkie Iurreamendiko (Tolosa) bederatzi, Caser Residencial Betharramgo (Hondarribia) hiru, eta Egogaingo (Eibar) beste hiru.

          Azken orduetan hildako pertsonak Zarauzko Santa Anan, Ordiziako San Josen, Eibarko San Andres eta Egogainen, eta Donostiako Berran bizi ziren. 15 jarraitzen dute izaten Covid-19 positiboren bat duten egoitzak Gipuzkoan, 40 eraman dira Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eta 35 daude ospitaleratuta.

          Desgaitasuna duten pertsonen zentroei dagokienez, hainbat egun igaro dituzte Covid-19aren aurrerapenean aldaketarik gabe, hala ere, azken orduetan Berriz 1 egoitzako egoiliar batek alta jaso du eta Uliazpiren Donostia zentroan bizi den pertsona batek positibo eman du. Beraz, desgaitasuna duten 15 pertsonei eragin die birusak hiru zentrotan: Donostiako Izan eta Uliazpiren bi zentrotan, Donostian eta Hondarribian.

          Eider Mendozak esker mezua luzatu die gaixotasun honen aurkako borrokan murgilduta dauden pertsona guztiei, eta egoitza zentroetako ekipo profesionalak, osasun langileak, egoiliarren senitartekoak, baita erakundeak ere egiten ari diren “sekulako” lana azpimarratu du: “Atsedenik gabe ari gara lanean, gure esku dauden bitarteko guztiak ipiniz, birusaren hedapena gelditzeko, baita oraindik sartu ez den zentro guztietan sarrera oztopatzeko ere”.

          Zentzu horretan, egoitzen, udalen eta Osakidetzaren lankidetzaren garrantzia nabarmendu du Mendozak, “giltzarria” izaten ari dena Txoke Planean bildutako neurri guztiak ezartzeko, Covid-19-ak sortutako “aurrekaririk gabeko” egoerari modu “estrategiko eta koordinatuan” erantzuna emateko martxan jarri dena. Hartutako neurrien artean azpimarragarriak dira zentroak jasotzen ari diren aholkularitza indibidualizatua, familia eta langileei eskaintzen zaien laguntza psikosoziala (Telezaintzaren bidez: 900 43 43 43), suhiltzaileen laguntzari esker indartu diren desinfekzioak, ikuskapenen sendotzea, egoitzetako plantillen indartzea, baita Gureaken lankidetzari esker garbitegi, garbiketa eta sukalde lanetan jasotzen duten laguntza ere.

  

1344