Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak Internetek eragiten dituen arriskuei aurre egitea eta jokabide biolentoak saihestea xede duen kultura digitaleko estrategia aurkeztu du Bruselan

Gipuzkoak Internetek eragiten dituen arriskuei aurre egitea eta jokabide biolentoak saihestea xede duen kultura digitaleko estrategia aurkeztu du Bruselan

Europako Parlamentua bere estrategia propioa egiten ari da, eta Gipuzkoako esperientzia ezagutu nahi izan du.

Denis Itxaso: "Europa bezala, gu ere kezkatuta gaude gazteek ez dutelako internetek ezkuta ditzakeen arriskuen kontzientziarik, eta heziketa eta sentsibilizazio neurriak sustatzen dituzten eskualdeekin lan egin nahi dugu".

Europako Parlamentua bere estrategia propioa egiten ari da, eta Gipuzkoako esperientzia ezagutu nahi izan du.

Europako Parlamentuak gonbidatuta, Kultura eta Gazteria diputatua, Denis Itxaso, Bruselan egon da gaur, Europako Parlamentuko Gazteria Batzordean, eta Aldundiaren Kultura Digitaleko Plana aurkeztu du. Plan horren helburua da, besteak beste, eziberjazarpenari eta internetek eragiten dituen kalteeei aurre egitea eta jokabide biolentoak saihestea.

Kultura Digitala izeneko programa 2017an jarri zuen abian Gipuzkoako Foru Aldundiak. Programa horrek Europar Batasunak gazteen arloan egin behar duen Lan Planaren (2016-2018) E lehentasunari erantzuten dio. Izan ere, lehentasun horren xedea da heltzea aro digitalak gazteentzat ekarriko dituen erronkei eta aukerei, gazteria politikei eta gazteriaren arloko lanari. Testuinguru horretan, Europak arreta jarri du Aldundia egiten ari den lanean, gazteak hezteko sareek eta internetek ezkutatzen dituzten arriskuez jabetu daitezen.

Itxasok kezka azaldu du azken denboraldian gaztetxoek burututako ekintza biolentoak ugaritu egin direlako eta interneten bidez hedatzen diren balore negatiboak oso erraz zabaltzen direlako.  Nabarmendu du teknologia berriak bizitzeko, lan egiteko eta harremanak izateko modua aldatzen ari direla, eta egoera horren aurrean, haur, nerabe eta gazteek ez dutela kanpoko esperientzia eta erreferentziarik aurkezten zaizkien egoera eta erronkei aurre egiteko. Horregatik, Aldundiak Kultura Digitaleko programa jarri zuen abian 2017an, gazteei eta haien guraso nahiz hezitzaileei mundu digitalean ongi moldatzeko irizpideak eta laguntza emateko. 

"Europara etorri gara, gure estrategia konpartitzeko, ziberjazarpenaren arriskuak nahiz bereziki gazteei lotuta dauden beste hainbat kontu lantzen ari diren beste eskualde europarrekin.  Gure helburua da sareen erabilera kritikoa eta kontzientea sustatzea, teknologia berrien erabileran dagoen gizarte, genero edo lurralde mailako etena gainditzea, eta ziberjazarpenari aurre egiteko tresnak gureganatzea”, azaldu du Itxasok.   

Kultura Digitala ekimenaren helburua bat da nerabe eta gazteen prestakuntza eta garapen pertsonaleko prozesuan sartzea sarearen eta teknologia berrien erabilera, modu aberasgarrian eta berdintasunezkoan, mundu digitalean ongi moldatzeko behar dituzten tresnak eskainiz.

Horretarako, KULTURA DIGITALAren barruan, 2017an lau ekimen jarri ziren abian, gazteak eta hezitzaileak sentsibilizatzeko asmoz, esparru hauetan:

Ziberjazarpena. Sareko jazarpen edo ziberjazarpen kasuek agerian jartzen dituzte, gordintasun osoz, sarearen arriskuak, eta sareak gazteen eta nerabeen bizitzetako zenbait portaeretan izan dezakeen eragin negatiboa. Arlo honetan, KULTURA DIGITALAK ziberjazarpenari aurre egiteko prestakuntza eta tresnak jartzen ditu guraso eta hezitzaileen esku, hala nola EHUko Psikologia fakultateko irakasle eta aditu den Maite Garaigordobilen lan honen itzulpen eta argitalpena: Cyberprogram 2.0, ziberjazarpena prebenitzeko eta murrizteko esku-hartze programa. EHUrekiko lankidetza ere sustatu da, eta Fishernet ikerketa talde bat sortu da, nerabeei eta teknologia digitalen erabilerari zuzendutako ekintzak proposatzeko. Bestalde, hitzaldiak eta lantegiak antolatu dira, Gipuzkoako hainbat eskualde eta herritan, guraso eta hezitzaileei zuzenduta. 2018an bost lantegi daude aurreikusita. Programa honekin sareko jazarpen egoerak identifikatu daitezke, eta jarduera desberdinak planteatzen dira, portaera horiei aurre egiteko estrategiak garatzeko.

Kode_tu. Programa hau 5 urtetik 16 urtera bitarteko haur eta nerabeei zuzentzen zaie. Programatzen irakasten zaie, horrela bakarrik ulertuko baitute nola funtzionatzen duten aparatuek, eta jakingo dute zein den aparatuak erabiltzeko erarik egokiena. Helburua da gazteek sormena eta pentsamendu logikoa lantzea, jarrera ekintzailea gaztetatik sustatzeko.

Europako Batzordeak kalkulatzen du 2020an 900.000 lanpostu egongo direla IKTen arloan Europan. Aurreikuspen horiek ikusita, herrialde asko ari dira jada programazioa sartzen beren ikasketa planetan (Erresuma Batua, Alemania, Danimarka, Israel, Finlandia, Hego Korea, eta abar). KULTURA DIGITALA ekimenak sustatu nahi du nerabeak ezagutza horretara iristea, egon litezkeen gizarte nahiz genero arrailak gaindituz, eta sormen teknologikoa garatzeko tresnak eskainiz.

Kode_tu ekimenaren barruan jarduera hauek egin dira 2017an: Campus teknologikoak; ikasgela mugikor ibiltaria (autobusa), 2017ko uztailean Gipuzkoako hogei udalerritan egon zena, programazio lantegiak eginez -3.000 gaztek parte hartu zuten-: Hondarribiko Udaleku Digitala, egonaldiak uztailean eta abuztuan, programatzen ikasteko, euskaraz eta ingelesez -70 lagunek parte hartu zuten-; lantegi teknologikoa Ficoban egiten den Gabonetako Haur Parkean -3.000 gaztek parte hartu zuten-.

Instant1ean. Gipuzkoako nerabeei (12-17 urte) zuzendutako programa bat da, sarean jarrera eta balio positiboak izan ditzaten, arriskuak saihesteko.  Helburua da gazteak gai izan daitezela mundu digitalaren eta errealaren artean dagoen desberdintasuna ikusteko; eskuratzen duten informazioa egiaztatu, eta ikuspuntu kritiko bat garatu dezatela teknologiei dagokienez.

Lantegiak antolatu dira, nerabeekin, sarearen erabilerari eta sor litezkeen arazoei buruz; instagrameko argazki eta bideo lehiaketa; hitzaldiak eta mahainguruak youtuberrekin, adituekin edo pertsonaia ezagunekin, sare sozialetan izan duten esperientzia ezagutzeko. 

Erasmus+. Aipatu diren jarduerak osatzeko, "Erasmus +: gazteak ekinean" programako ekintzak ere garatu dira: Digital Youth Work eta Innoyouth. 2017ko urrian topaketa bat antolatu zen, Erasmus +: gazteak ekinean programaren esparruan. Topaketa horretan Wiesbaden, Eslovenia, Gipuzkoa, Turkia eta Israeleko profesionalak eta gazteen arloko adituak bildu ziren, eta ideia eta gomendioen gida bat egin zuten. Hortik, Innoyouh ekimena sortu zen. Bergarako eta Wiesbadeneko udalek parte hartu zuten ekimen horretan, eta herri bakoitzeko 12 gazte bildu zituen.  

 

  

1479