Denis Itxaso “Gipuzkoako turismo bulego berria lurraldearen erakargarri turistikoen erakusleihorik onena da”
Denis Itxaso “Gipuzkoako turismo bulego berria lurraldearen erakargarri turistikoen erakusleihorik onena da”
Denis Itxaso “Gipuzkoako turismo bulego berria lurraldearen erakargarri turistikoen erakusleihorik onena da”
Ireki da Explore San Sebastian Region bulegoa Donostiako Boulevardean
“Ezinbesteko urratsa da Gipuzkoa sustatzeko eta erakusleihorik onena, eskualdeentzako”.
Uda honetarako lau bira eta hemeretzi plan antolatu dira dagoeneko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Turismo Departamentuak gaur aurkeztu du Gipuzkoako turismo bulego berria. Bulegoak gaur ireki ditu ateak Donostiako Boulevardean eta lurralde osoko plan, proposamen eta produktu eskaintzarik handiena eskainiko du. Lankor enpresak irabazi zuen Aldundiak duela sei hilabete lizitaziora ateratako lehiaketa publikoa, eta Cristina Iturriagagoitiak zuzenduko du bulegoa.
Prentsaurrekoan egon dira Denis Itxaso jarduneko diputatu nagusi eta Kultura eta Turismoko arduraduna, Ernesto Gasco Donostiako alkateordea, Maite Cruzado Turismoko zuzendaria, turismo bulegoko zuzendaria eta Gipuzkoako eskualdeko bulegoetarako arduradunak.
Explore San Sebastian Region turismo bulegoa Donostiako turismo bulegoaren ondoan dago, Boulevardeko 6. zenbakian, eta lurraldea ezagutzeko askotariko planak eta proposamenak eskainiko dizkie bisitariei zein bertakoei.
Bulego hau irekitzea neurri estrategikoa da, Kultura eta Turismo Departamentuak agintaldi honetarako markatutako neurri estrategikoen barruan baitago. Helburutzat du Donostiak duen erakarmena baliatzea lurraldea osotasunean ezagutzera emateko eta ikusgarriago egiteko, eta, horrela, fluxu turistikoak orekatzeko. Izan ere, ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari dagokionez iraunkorra den turismo politika bat egin nahi dugu.
“Bulego hau irekitzea urrats estrategikoa da Gipuzkoako turismoaren kudeaketan. Ezinbesteko pieza da lurraldearen turismo plan globalean, Turismoaren Mahaia eratzearekin eta Explore San Sebastian Region marka berria sortzearekin batera. Dagoeneko jarri ditugu turismo politika berri horren oinarriak eta zimenduak”, baieztatu du Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatuak.
Itxasorentzat bi bulegoak elkarren ondoan egotea “mesedegarria” da oso, eta “argi erakusten ditu Udalaren eta Aldundiaren arteko elkarlana, koordinazioa eta lankidetza aktiboa”. Lankidetza hori ezinbestekoa eta onuragarria da, gainera, Donostiarentzat zein lurralde osoarentzat”. Jakinarazi duenez, erakundeak lanean ari dira bi bulegoen arteko lankidetza protokolo bat prestatzeko. Era berean, bulego honek lotura estua izango du eskualdeko turismo bulego guztiekin.
“Bistakoa da, gure balio erantsi nagusia plan pertsonalizatuak eskaintzeko aukera da, guregana datorren bisitari bakoitzari dagokion erantzuna ematea. Hori da daukagun erronka. Eta horretarako gai gara gure lurraldearen aberastasunari esker, gure baliabideen eta erakargarrien, produktuen eta enpresen kalitateari esker”, adierazi du.
Informazio gunea
Orain arte ez dugu izan turismo informaziorako gune berri hau bezalakorik. Erakusleiho paregabea izango da Gipuzkoako eskualde guztientzat eta, Explore San Sebastian Region eslogana bere eginez, zerbitzu zabala eskainiko du: informazioa ematea, birak eta pakete turistikoak, txangoak, irteerak, garraio publikoaren inguruko informazioa, etab. Gainera, datozen asteetan Basque card turismo garraiorako txartela jarriko da martxan, garraiobide publikoak erabiltzen dituzten bisitarientzat.
Txartel honen bidez, Donostiara iritsi eta bisita gidatua egiteko asmorik ez duten pertsona edo taldeei erraztasuna eman nahi zaie beste leku eta eskualde batzuk ere beren kasa bisitatzeko, eta hori ahalik eta modurik erosoenean egiteko. Horrela, xarma eta interes bereziko txoko eta herriak, eta erakargarri turistiko eta kulturalak eskura izango dituzte.
Proposamen horiek bisitarientzat inspirazio iturri izatea da helburua, eta informazio gehiago eta hobea eskaintzea haien esperientzia gogoangarria izan dadin. Aholkua emango zaie, esaterako, plan bakoitza egiteko garraiobiderik egokienaren edo eskain diezaioketen denboraren inguruan.
Planen eta proposamenen diseinua prozesu aktibo bat izango da, eta egokituz joango da unean uneko baldintzetara, denboraldira, berritasunetara eta interesik handiena sorrarazten duten planetara.
Itxasok ziurtatu du bulegoko arduradunek eta Aldundiko departamentuak asmo senda dutela etengabe formatzen eta hobetzen jarraitzeko, bisitariei une bakoitzean planik onenak eta informaziorik zehatzena eskaini ahal izateko.
Tourrak, planak eta agenda
Uda honetarako lau tour antolatu dira dagoeneko.
- Astearte eta larunbatetan: katamaranez Albaolara eta Pasaiara bisita
- Asteazkenetan: Ordiziako azoka, gaztandegira bisita
- Ostiraletan: Txakolindegia, Zumaia
- Igandeetan: Katamaranez Balenciagara eta Getariara bisita
Orain arte udarako 19 plan antolatu dira eta agian besteren bat ere diseinatuko da. Eskainiko den beste zerbitzu bat Agenda izango da, zeinak lurraldean programatuta dauden jarduera, ekitaldi edota festen berri emango duen. Harrera mahaian norberak jaso dezakeen informazioaz gain, web orriaren bidez ere jaso dezakete informazioa bulegoaren erabiltzaileek, bulegoan bertan dauden ukipen pantailen bidez.
Bulegoa
Lokalak 90 metro karratu ditu, beheko solairua eta sotoa kontuan hartuta. Boulevardean eta Sarriegi plazan ditu sarrerak, baina azken hori publikoari itxita egongo da oraingoz. Lokal hori izan zen Aldundiak orain dela hilabete batzuk egin zuen lehiaketa publikora aurkeztu zen bakarra. Hileko alokairua 7.100 eurokoa da, BEZa kanpo. Lokala birgaitzeak, ekipamenduak eta altzariek 75.000 euroko kostua izan dute.
Aldundiak lehiaketa publikoa deitu zuen bulegoaren zuzendaritza eta harrera esleitzeko, eta bederatzi enpresa aurkeztu ziren. Horien artean, Azafatas Elkartea Lankor SL enpresari esleitu zaio kudeaketa hurrengo hiru urteetarako. Ondorioz, Cristina Iturriagagoitiak zuzenduko du bulegoa. Iturriagagoitiak esperientzia handia du turismoaren sektorean, ondo ezagutzen ditu lurraldea eta eskualdeko bulegoen funtzionamendua, eta ezagutu egiten ditu Donostiako eta Gipuzkoako bulegoetako arduradun guztiak ere, haiekin batera egin baitu lan 15 urtez baino gehiagoz, Debabarreneko turismo arduradun izan den garaian. Gainera, Zumaia, Mutriku eta Debako Geoparkearen sustatzaileetako bat izan da hasiera-hasieratik- Bestalde, bulegoan hiru langile egongo dira: horietako bi informazioa emateaz arduratuko dira eta, hirugarrena, erreserbez.
Bulegoaren kudeaketa kostuak, gehienez ere, urteko 147.000 eurokoak izango dira.
Bulegoa diseinatzeko eta dekoratzeko kontuan hartu dira Explore San Sebastian Region markaren printzipioak eta Gipuzkoako dibertsitate, benetakotasun eta errealitate poliedrikoa.
Bi telebista pantaila ditu: bat handia, Gipuzkoako turismoaren inguruko bideoak proiektatuko dituena, eta txikia bestea, agenda eta unean uneko proposamenak erakutsiko dituena. Gainera, bi pantailan infotaktil eta hiru tableta ere baditu.
Ordutegia
Uztaila
Astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara
Igandean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara
Abuztua
Astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 20:00etara
Igandean, 10:00etatik 19:00etara
Iraila
Asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara
Igandean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara
2124