Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen senideen papera azpimarratzeko kanpaina aurkeztu du Agifesek

Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen senideen papera azpimarratzeko kanpaina aurkeztu du Agifesek

Kanpainako protagonistak kapa berdearekin ageri dira, gure iruditegiko superheroiei keinu eginez. Beren superboterea, gure gizarteko pertsona askorena bezala, buru osasuneko arazoa duten senitartekoen euskarri izateko, haiei lagundu eta zaintzeko, gaitasuna da.

Agifesek ‘Buru osasunaren zaindariak’ kanpaina abiarazi du, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen senideen papera azpimarratzeko. Ekimen berriaren helburua da familiak eta gertukoek buru osasunaren zainketan duten garrantzia aitortzea; izan ere, “pertsonen ongizate psikikoaren funtsezko euskarri dira, eta are gehiago arazo psikikoak dituzten pertsonen kasuan”, dio Ruth Encinas Agifeseko gerenteak.

“Zalantzarik gabe, gizarte-, osasun- eta erakunde-esparruetatik eskaintzen ditugun buru osasuneko programak eta zerbitzuak oinarrizkoak dira, baina ez dugu ahaztu behar osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei egunero laguntzen dietenen zeregina. Hain zuzen, hurbileneko senideak dira buru nahasmendua duten pertsonen errekuperazio prozesuaren zutabe nagusietarikoa”, dio Encinasek. Hori dela eta, familien rola azpimarratzeaz gain, “haien zaintza eta ongizatea hobetzeko baliabide eta programa gehiago” eskaintzearen alde lanean jarraitzeko apustua egin du Gipuzkoako elkartearen arduradunak.

Hain zuzen, Agifeseko gerenteak jakinarazi duenez, azken urte honetan, itxialdi garaietan batez ere, “familien eginkizuna are nabarmenagoa izan da, bai eta haien laguntza-beharra ere”. Encinasen esanetan, gainezka sentitu diren pertsona asko Agifesekin harremanetan jarri dira laguntza eta orientazio eske. "Zaintzailearen rola ez da inoiz erraza izan, baina egungo bizi-erritmoak are gehiago zailtzen du zeregina, eta horrek estres-, tentsio- eta antsietate-egoerak eragiten ditu, batez ere emakumeen kasuan, zainketaren ardura beraiei egokitzen zaielako neurri handiagoan”, gehitu du.

Gaur egindako prentsaurrekoan Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak azpimarratu duenez, familiak dira buru osasun arazoak dituzten pertsonei laguntzeko sarerik hurbilena, "ulermenetik, berotasunetik eta gertutasunetik… beraiek dira zaindariak". Zentzu horretan, familia guztien lana eskertu du, eta "elkarteak eta erakundeak ere hor gaude, laguntza eta zaintza sare hori indartzeko", gaineratu du. Konbinazio hori "lurralde gisa bereizten gaituena" dela nabarmendu du, gainera. Bere esanetan, "ezinbestekoa" da zaintzailea ere zaintzea, eta Agifesek zentzu horretan egiten duen lana eta jokatzen duen paper "garrantzitsua" goraipatu ditu, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek eta haien ingurukoek bizi dituzten zailtasunak areagotu dituen pandemia testuinguru batean.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Marian Olabarrietak ere Agifesen zeregina nabarmendu du, baita senideen “oinarrizko papera” aintzat hartu ere. Jaurlaritzaren helburu nagusietarikoa, hain zuzen, “zaintzaileak zaintzea” dela jakinarazi du, eta instituzioak prest egon behar dutela aitortu du, “gero eta zaintza-behar gehiago” egongo baita.

Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zuzendari Gari Agotek ere parte hartu du ekitaldian. “Deskantsurik gabe, eta beti errespetutik” aritzen diren senideen lana eskertu du, eta familiak buru osasunaren zainketan duen garrantziaz ohartarazteko beharraz ere mintzatu da.

Elkarte-mugimenduaren indarra

Rosalia Sanchezek, buru osasuneko arazoak dituen pertsona baten senide eta Agifeseko zuzendaritza-batzordeko kideak, 1986ko Erreforma Psikiatrikoaz geroztik elkarte-mugimenduak izan duen papera azpimarratu du. "Aurrerapen handia izan zen, buru osasuneko arazoak zituzten pertsonak sistematikoki giltzaperatzeari utzi ziotelako, baina, aldi berean, babesik gabe geratu ziren familia ugari. Horietako asko antolatu egin behar izan ziren Administrazioak eskaintzen ez zituen zerbitzu komunitarioak sortzeko. Horiek, gaur egun, erantzukizun publikoko oinarrizko zerbitzuak dira". Hala ere, Agifeseko kideak eskertu egin du administrazio publikoek egun buru osasunarekin duten konpromisoa, "ezinbestekoa baita elkarteen eguneroko lanerako", baina aitortu du oraindik ere elkarteek "zerbitzu asko" beregain hartu behar dituztela, "erakundeen zerbitzu-zorrotik kanpo geratzen direlako".

Zaindariak

Kanpaina 2021ean eta 2022an zehar garatuko da, eta hainbat fasetan banatuko da. Lehenengoa gaur hasi da, hiru protagonistaren aurkezpenarekin: osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen senideak dira, eta datozen asteetan euren esperientziaren berri emango digute, buru gaixotasunari aurre egin eta nahasmendua duen senideari ahalik eta hoberen laguntzeko ikasitakoa partekatuz. Rosalía, Ramón eta Gurutze "kapa berdearekin ageri dira, gure iruditegiko superheroiei keinu eginez. Beren superboterea, gure gizarteko pertsona askorena bezala, buru osasuneko arazoa duten senitartekoen euskarri izateko, haiei lagundu eta zaintzeko, gaitasuna da; ez gehiegizko babesetik edo heroitasunetik, baizik eta beren senidearen prozesua ulertu eta errespetatzetik", adierazi du Encinasek.

Hain zuzen ere, kanpainaren helburu nagusietako bat zaintzailea zaintzearen garrantzia azpimarratzea da. Hori dela eta, Rosaliak laguntza eskatzera animatu nahi ditu sufrimendu-egoeran dauden pertsonen senideak. "Agifesek bizitza goitik behera aldatu zidan; buru osasuneko arazoak ulertzen eta onartzen lagundu zidan, baita nire senidearekiko harremana hobetzen ere. Biziki eskertuta nago jasotako babesagatik, eta nire antzeko egoeretan dauden pertsona guztiek beharrezko laguntza aurkitzea nahiko nuke, beren bizi-kalitatea hobetze aldera".

Ekintzak

Datozen hilabeteetan, Agifesek hainbat ekintza egingo ditu, hala nola kartelak eta bideoak, lehen pertsonan egindako testigantzekin, familiarteko komunikazioa eta ongizatea hobetzeko jarraibide profesionalekin eta ondoez psikikoa duen pertsonari laguntzeko aholkuekin. Halaber, komunikazio- eta sentsibilizazio-ekintza ugari egingo ditu bere sare sozialen bidez, eta hitzaldiak eskainiko ditu Gipuzkoako hainbat herritan.

Era berean, buru osasunari buruzko argazki-lehiaketaren edizio berria jarri du abian, bai eta Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariak ere. Azken horiek errespetuz eta arduraz landutako informazioak aintzat hartu, eskertu eta komunikabideek duten erantzukizuna azpimarratu nahi ditu.

Zifrak

  • OMEren datuen arabera 4 pertsonatik 1ek nahasmendu psikologikoren bat garatzen du bizitzan zehar.
  • EAEko gizonen % 9k eta emakumeen % 17k depresio- edo antsietate-sintomak ditu.
  • Bi egunetik behin pertsona batek bere buruaz beste egiten du Euskadin.
  • Agifes zenbakitan (2020): 977 bazkide; 322 hitzordu harrera-programaren bidez; 726 pertsona artatuta baliabide eta zerbitzu ezberdinetan; eta 48 langile.
  

1634